1997ko abuztuak 17, Igandea | Nabigatzen |
Bitniks, generazio zibernetikoaren aldizkaria
Paperezko aldizkaria da Bitniks, mundu digitalaren gaineko magazina. Kolore asko eta orrialde dexente dituen aldizkari hau Espainiar Estatu osoan saltzen den arren, hemen egina da, Bilbon. Istorio honetan urtebete daramate Alex Lamikizek eta Alex Fernandezek, besteak beste. Lamikiz Bitniks-eko zuzendaria da eta Fernandez erredaktorea teknologia berrietan aditua eta Elhuyarreko kolaboratzailea da. Bilboko erredakzioan hartu gintuzten, euren proiektuen berri emateko.
Teknologia berrien etorrera gizartean eragiten ari den aldaketak islatu eta ikertu nahi ditu Bitniks-ek: internet, konputagailu pertsonalak, CD ROM-ak eta abarrek sortzen ari diren ziberkultura. "Hori ez da nahastu behar telebistako iragarkietan agertzen den zibermodarekin", diote.
Jada zortzi zenbaki kaleratu ditu Bitniks-ek, eta bere orrialdeetatik hacker-ak, musikari tecno-ak, diseinatzaileak edo eta software enpresa handietako ejekutiboak igaro dira. Lamikizek dioenez, "guretzat inportanteena jendea eta jendeak egiten duen lana erakustea da, ez dugu ordenagailuei buruz idatzi nahi". Arreta berezia eskaini nahi diote Estatuan arlo horretan dabilen jendeari eta haientzat erreferentzia bihurtu nahi dute aldizkaria. "Oso jende ona dabil Espainian diseinu grafikoan, zibermusikan, multimedia artean... Horiek ateratzea dugu lehentasuna. Bestalde, izaera irekia du aldizkariak, berdin ateratzen ditugu enpresa handien ekoizpenak zein 16 urteko mutil batek eginiko lanak, berdin multinazional batenak zein gune erradikal batenak, lan onak badira bederen".
Baina ziberkultura baino gauza globalagorik ez dagoenez, mundu zabalean gertatzen denaz informatu beharra dago. "Berriemale bereziak ditugu Los Angelesen, New Yorken, San Franciscon, Londonen eta Amsterdamen, eta elkarrizketa esklusiboak izan ditugu George Lucas zinema zuzendariarekin, Bruce Sterling idazle Ciberpunk-arekin, Rob Fixmer New York Times-eko bertsio digitalaren zuzendariarekin. Gainera, mundu honetan azken ordukoaz informatuta egoteko ordu asko eman behar ditugu nabigatzen eta kanpoko aldizkariak irakurtzen", dio Alex Fernandezek.
Ekainera arte argitaratzen izan dira aldizkaria, baina udan ekoizpena gelditu dute, momentuz, Espainiako talde argitaratzaile batekin negoziazioetan baitabiltza Bitniks elkarrekin ateratzen jarraitzeko asmoz. "Pozik gaude, jada 7.500 bat irakurle lortu ditugu zenbakiko, baina bultzada ekonomiko baten beharra dugu", dio Lamikizek.
NetDiario interneten
Ziberkulturaren gune nagusia bihurtu zaigun interneti arreta berezia eskaini beharra dago ezinbestez aldizkarian. Gainera, Bitniksen webgunea sortu dute, www-ean egotea ere ezinbestekoa zutelako. Bitniks-en gunean alde batetik NetDiario eta bestetik Who is Who arloak daude. NetDiarion, interneten topa daitezkeen gauza berri eta interesgarrienen erreferentzia ematen da, gune horietarako lotura zuzenekin. Egunero berriztatzen da NetDiario hau Ozu topatzaileak, IWorld eta Muy Interesante aldizkariek gomendatu dute eta egunean 5.000 inguru bisita jasotzen ditu.
Who is Who datu base bat da, ziberkulturan eragina duten pertsonen izenak biltzen dituena. Etengabe hazten doaz erreferentziak. Azkenik, Bitniks aldizkariaren txokoan paperezkoan aurkituko ditugun edukien aurrerapentxo bat egiten da.
Liburuaren proiektua
Aldizkaria kaleratzeko xedez Cibertextos editoriala sortu zuten duela urtebete. Horren lehendabiziko ekimena izan da Bitniks kaleratzea, baina ez ekimen bakarra, argi denez. Bitniks, NetDiario eta Who is Who ezezik, liburu bat argitaratzeko asmoa dute. "Generazio Digitalaren 100 ideia. Made in Spain ziberkulturaren onena" du behin-behineko izena, eta liburua publikatzen den egun berean agertuko da oso-osorik interneten. Gainera, baliteke liburuarekin batera euskal artista multimedia baten CD ROM bat ematea. "Oso ona baina ezezaguna den artista bat izanen da". Izan ere, gai honekin lotuta, Euskal Herrian arlo honetan dabilen jende andana batu eta ezagutarazteko beharra dakusate Lamikizek eta Fernandezek. "Egile ugari eta oso onak daude hemen, baina Katalunian ez bezala guk ez dugu apenas elkarren berririk, ez baitago harreman tradiziorik edo gunerik". Horregatik ere garrantzitsua deritzote Bitniks bezalako kazetal erreferentzia bat egoteari.