1998ko apirilak 23, Osteguna | bestelakoak |
Telelana, lana etxean
Lana pantaila aurrean eta etxetik mugitu gabe
Gero eta langile gehiagok pantaila baten aurrean jarduten dute. Teknologiek gero eta gehiago ahalbidetzen dute lana distantziaz egitea eta ekipamenduak edozeinen esku daude. Horregatik lantegira joan barik lana etxetik egiteko joera, telelana, zabaldu da azken boladan. Baina gauzak ez ei dira hain errazak eta lan mota honek desabantaila nabariak ditu.
(Barkatu Ama-n argitaratutako testua).
Koldo Alonsok eraikuntza lan batean dihardu peoi moduan. Egun osoa ibiltzen da adreiluak hona eta oholak hara eramaten. Baina berak bestelako lan bat egin nahi luke: etxetik bertatik eta ordenagailua erabiliz. Bere PC-aren pantaila aurrean ordu dexente ematen ditu "saltseatzen". Duela gutxi ekipo berria erosi zuen: ordenagailu ahaltsua, inprimagailua eta CD-ROMen grabagailua. Interneten nabigatzen ere denbora asko ematen du eta bere gunetxoa sortu du sarean. Noizean behin karteltxo bat diseinatzen du edo bere web gunerako orrialderen bat. Irudiak moldatzen ditu, berripapertxoak maketatu... Bera bezalakoak milaka dira egun, beren etxean edizio lantxoak egiten dituzten gazteak.
Ordenagailuen hedatzeak eta hauen ahalmenen garapenak eragin dute horrelako lanen zabalpena. Komunikazio sareen zabalpena, Internetena batik bat, enkarguzko lanak etxetik mugitu barik egitea errazten du gainera. Beste askok bezala Koldok bere ogibidea arlo horretan ikusi nahi du, kontutan hartuta oraingo lanak ez duela inondik inora asebetetzen. "Edozein gauza hobeagoa izango da mailua, pala eta porlana baino. Nazkatuta nauka lan alienante honek", diosku ziurtasunez.
Baina gauzak ez dira hain samurrak eta horretaz asko daki Jabi Martinek. Berak "free lance" bezala lan egiten du publizitate agentzia eta argitaletxeentzat. Lehen etxetik lan egiten zuen baina orain bulego batera mugitu da, lagun gehiagorekin lan egiteko. Funtsean lehengo lan berdina egiten du baina berak argi dauka ez duela etxetik lan egin nahi. Arrazoi nagusia lan erritmoan ikusten du berak. "Etxean ez da lanerako giro aproposa egoten. Autodisziplina handia duen pertsona bazara abantailak ditu etxean lan egiteak baina gehienetan deskontrola egoten da" dio Jabik. Bere iritziz telelanak baditu alde txar gehiago: "Bakarrik zaude, isolatuta... Nik neuk nahiago dut beste leku batean lan egitea, zentru batean jende gehiagorekin eta. Taldean lan egiteak bizkortasuna ematen dizu".
Etxe barruan preso
Bestalde, psikologikoki ere lanaren eta etxearen espazioak ez bereizteak negatiboki eragiten du. "Batzuetan egun osoan ez nintzen kalera irteten, lan asko banuen batez ere", dio Jabik. Koldok bere ilusioa zein den esatean bere lagun Iñakik argi dauka hori ez dela berarentzat. "Nik ez nuke etxean lan egingo. Ba al dakizu zer den ohetik altxatzea eta bi metrora lantokia izatea, leku berean?", zioen. "Gainera, lana beste batentzat egin behar den arren, zu zara lantokian patroia, zuk behartu behar baituzu zure burua lan egitera". Osasunaren ikuspegitik begiratuta, sedentarismoak jotako gizartean sikeran etxetik lanerako bidea ere egiten ez bada ez da egun osoan inolako ariketa fisikorik egiten eta hori osasunerako ez da batere ona.
Horregatik jendeak biltzeko joera du. Hirietan barra-barra dauden komunikazio bulegoak sortzeko edo elkarren artean komunikabide propioak abiatzeko. Arlo honetan edizio lanak egiten dira gehienbat: aldizkariak maketatzea, foiletoak eta kartelak diseinatzea... Honekin lotuta, azken aldian web guneen diseinua edo aurkezpenak egiteko multimedia CD-ROMak egitea, enpresentzat komunikazio lana egitea, prentsa bulego batena.
Nork bere aldizkari komertziala abiatzea beste aukera bat da. Duela bi urte Algortan lagun batzuk batu ziren Lobotonia aldizkaria sortzeko. Ez daude inoren etxean, horretarako propio hartutako departamentu batean baizik. Aldizkariak musika jorratzen du batik bat, formato txikia du eta dohainik banatzen da hilero tabernetatik. Oso-osorik finantziatzen da publizitatearen bitartez. Bertan lan egiten duen Aurora Solanok dioenez "ezinbestekoa da talde lan bat egotea, funtzioak banatuta egotea, horrelako proiektu batean". Berak maketazio lanak egiten ditu, beste batek komertzial arlokoak... Lau bat lagunen artean koordinatzen dute dena eta gero kolaboratzaileak daude. "Horiek bai, etxetik lan egiten dute normalean", diosku Aurorak. Komunikabideetan ateratzen diren testuen zati handi bat kolaboratzaileek egin ohi dituzte. Horietarik asko kolaboratzaileek etxean egin eta modema erabiliz bidaltzen dituzte, irakurtzen ari zaren testu hau kasu.
Lan baldintza eskasak
Modemaren eta Interneten agerpenak lanbide berriak agertarazi ditu, horietarik gehienak etxetik egin ahal direnak. Horrek lan baldintzen prekarietatea areagotzea eragin du. Interneten adibidez lagun askok publizitate mezu elektronikoak bidaltzen denbora pilo bat ematen dute, bidalitako mezu bakoitzeko diru apur bat jasoz. Beste batzuek publizitate hori bidaltzeko posta elektronikoko helbideak bilatzen ibiltzen dira, aurkitutako helbide bakoitzeko diru bat jasoz. Ondoren miloika lagunen helbideak dituzten datu baseak eskaintzen dira sarean diru trukean. Azken aldion ugari dira "How to make money on the Internet" gisako liburuak. Internet izeneko Jauja berrian egundoko ametsak eskaintzen dira baina azkenean ametsak besterik ez dira.
Normalean era honetako lanak hartuta gogotik behar egin behar da lau hogerleko ikusteko. Lanbide hauetan ez dago lanaren kontrolik, ez baitago ordutegi finkorik. Normalean "destajoan" lan egiten da, eginiko lanen arabera kobratuz, eta hori nabarmenki enpresaren aldekoa izaten da baina nekez langileen onerakoa. Prekarietatea, egonkortasun falta, izaten da telelangilearen gaitza. Enpresek aldiz instalazioetan diru dexente aurrezten dute. ELA Gazteak-eko arduraduna den Luis Fernandezek langileen arteko harremanen desagertzea azpimarratzen du. "Langilearen eta enpresaren arteko harremanera laburtzen da dena eta langileen arteko harremanik ez dago, horrek antolaketa sindikal baten falta dakar, enpresariaren onerako noski", dio Fernandezek.
Telezentroak
Alde batetik ez da enpresaraino joatea, enpresaren egoitza ehundaka kilometrora egon daitekeelako. Bestetik, langilea ez da etxean geratzen. Telelangileentzako lekuak dira, lana urrundik egin ahal izateko behar den ekipamendu guztiarekin. Hirietan ez dago telezentrorik, han errezagoa baita mota honetako langileak leku batean biltzea. Nekazal giroan aldiz ez da egoten horretarako aukerarik eta horregatik sortzen dira telezentroak. Gurean bada bi telezentro, Euskal Herriko bi muturretan. Bata Bizkaiko Gordexolan, Enkarterrietan. Bestea Baxe Nafarroan, Bastida herrian. Biak nekazal giroan sortu dira eta antzeko helbururekin: jende gaztea herrian atxikitzea.
Gordexolakoa Espainiako Estatuan dagoen bakarra da, bertako langilea den Carlos Arziniegaren esanetan. Beñat Jauregik zuzentzen du Izpi izenarekin bataiatu duten telelan proiektoa. "Gure herrian bizi nahi dugu!" dio Bastidako Izpi proiektua iragartzen duen web guneak. Jada martxan dagoen Izpi proiektuaren asmoa lana distantziaz egin ahal izateko azpiegiturak eskaintzea da "Frantziako herririk politenetako baten baitan".
Telework doesn´t work
EEBBetan duela urte batzuk zera iragartzen zen: 2000. urtean hango biztanleen erdiak etxetik egingo zuela lan. Bada, ez. Enpresentzat ere ez omen da praktikoa langileak euren kontrolpetik urrun ikustea eta eurentzat ere, egun osoa bata-pijama etxe zuloan sartuta igarotzeak ez du abantaila handirik. Iaz, 1994an baino 400,000 telelangile gutxiago zeuden EEBBetan. Horrek funtzionatzen ez duenez alderantzizko joera berri bat dago: etxea lanera eramatea, hau da, beharginak lanean etxean bezala senti daitezen lortzea. Telelangile askok aurkitu dute orain etxean baino hobeto sentitzen direla lanean. "Work sweet work", modako esaldia.
Jabi Zabala.