1999ko urtarrilak 10, Igandea | Nabigatzen |

Portalak: sarearen erregeak

Bai, badakigu Gabonak eta erregeak pasatu direla eta ez gara Belengo portalaz ari. Modan dagoen hitza da Interneko webgune-topaleku handiak izendatzeko. Hitzaren definizioak dioenez, etxe baterako sarbidea ematen duen ate nagusia da, eta beste geletara sartzeko bertatik igaro behar da. Interneten duela gutxi hasi zen kontzeptu hau zabaltzen eta izugarri azkar hedatu da.

Jokoan da internauten trafikoa eta horrek publizitatean sortzen duen dirutza. Horren adibide on bat dugu America Online, AOL enpresak 600.000 pezetagatik (24.000 libera) Netscape enpresa erosi izana. Ondorioa: sareko trafikoaren %70 eta behingoz Yahoo! enpresari portalen aintzindaritza kentzea.

Portalen garapena Yahoo! eta Altavista bilatzaileetatik dator. Hasiera batean bilatzaile arruntak zirenak, euren arteko lehian gailentzeko, hainbat zerbitzu gehigarri eskaintzen hasi ziren. Laster sareko erraldoiak konturatu dira zerbitzu asko eskaintzen dituen orrialde baten erakargarritasunaz eta horretan dabiltza Microsoft, Netscape eta AOL gaur egun.

Portal on batek eduki behar dituen gauzen artean doako posta dago; erosketak egiteko denda birtualak (liburuak, diskoak, ordenagailuak, autoak...); umeentzako ibilbide bereziak; chat guneak berriketarako, berriak (orokorrak, burtsa, kirolak, eguraldia, etabar); orrialde horiak, iragarkiak, agenda... Helburua da internautak bertatik atera gabe nahi duen guztia jasotzea, bitartean, bertako publizitatea jasoz. Modako jarrera da, portal handiek ingelesa ez diren sareko beste hizkuntza nagusietan ere izatea euren webguneen bertsioak. Zoritxarrez euskara ez da euren artean ageri.

Adituek diotenez, gerra honen ostean bost portal nagusituko dira beste guztien gainetik. Horietako bat izateko piztu den lehiari esaten zaio "portalen gerra". Baina EEBB mailan geldituko da lehia erraldoi hori. Estatu bakoitzean aldiz portalak eta portaltxoak geldituko dira hala ere.

Euskal portal baten beharra
Gurean Kaixo bilatzailea, EGUNKARIAren berriak eta hortik sakabanatuta dauden beste hainbat webgune batuko bagenitu ere gure portal euskalduna nahiko urri geldituko zen oraindio, gauza askoren faltan. Nahikoa da Vilaweb katalanari begirada bat botatzea horretaz ohartzeko, baina tira, horrekin hemen azkenaldion sarritan komentatu den kontura iritsiko ginateke: euskal presentzia eskas baten inguruan euskal webgune potente baten beharra egiaztatzera. Izan ere, azaroaren 20an ospatu zen Informatikari Euskaldunen II. Topaketan portal hitza aipatu ez bazen ere, kontzeptu horixe zebilen partehartzaileen gogoetan. Ondorioak aipatzean indarren bilketa eta zibernauta "katalan eta galegoek egin duten antzera ziber-hiri bat antolatu beharko genuke", esaten zuten UEUko antolatzaileek. Hortik zihoazen "tiroak", agian portal batekin hobeto irudikatuko genuke horren gauzapena.

Netcenter
http:///www.netscape.com
Yahoo
http://www.yahoo.com
America Online
http://www.aol.com


amarauna: "Interneteko Argiņano"-ren portala

Sukaldaritzaren portala

Portalen modaren erakusgarri, Koldo Royoren proiektua dugu. Mallorcan bizi den donostiar honek "interneteko Argiņano" ezizena irabazi du "A fuego lento" bere guneari esker. Gastronomiaren gaineko webgunerik bisitatuena du, osatuena eta diseinurik txukunenekoa dudarik gabe. Bada, La brujula aldizkariaren bidez jakin berri dugunez, laster sukaldaritzari buruzko portala bilakatuko da, sarean arlo honetan jaun eta jabe izateko asmoz. Bere gunearen barruan topatzaile bat egongo da, doako e-posta helbideak eta sukaldaritzaren zaleentzako web espazio bat, beren guneak ezar ditzaten.

Royok Palman du bizilekua eta jatetxea, eta azken aldion bere sos guztiak Internetera bideratu ditu sareko erreferentzia gastronomiko nagusia izateko. Bere hurrengo ekimenen artean sukaldaritzari buruzko bideoak eskainiko dituen webgune bat izanen da, canalcocina.com izenekoa, eta baita Internet bidezko irrati emisora bat, radiococina.com, amaraunak eskaintzen dituen aukeren erakusgarri ona. Sukaldeko laguntzaileez aparte, diseinuan eta programazioan adituak daude bere lantaldean.

A fuego lento
http://www.afuegolento.com

INFO

Xuxen eskuratzeko
Orrialde hauetan inoiz aipatu dugun Xuxen zuzentzaile ortografikoa Interneten eskuragarri dago. EHUko Informatika Fakultateko Ixa taldeak garatutako tresna baliagarri hau. Xuxen II izeneko bertsio hau PC-Windowseko Office97 paketean integratzen da, Word, PowerPoint eta Excel programetan erabiltzeko. Badirudi beraz, momentuz beste aplikazio eta sistemetarako batzuetarako egin diren bertsioak ez direla online jarriko. Xuxen beste hizkuntzetako testuen zuzenketa ortografikoa bezala erabiltzen da, aldaketa txiki baina garrantzitsu batekin: erabiltzailearen hiztegian norberak txertatu nahi dituen sarrerak gehitutakoan sarrera horien flexioak ere (deklinabidea, batez ere) onartuko ditu.

Xuxen II dohan kargatzeko
http://www.euskadi.net/euskara_hizt/indice_e.htm

Zer da Xuxen?
http://ixa.si.ehu.es/dokument/XUXEN.html


Webguneak:

Euskal abadeak online
Euskal Eliza izeneko webgune bat zabaldu berri da sarean. Xoom-en doako gune batean ezarri du Felix Placer-ek bere txoko zibernetikoa. Orrialdearen hasierako orrialdean "kristok kutsatutako Euskal Herriko puska bat gaituzue" esaldia aurkituko dugu. Bertatik, ziberespazioaren inmaterialitatean, zerua irudikatzen duten hodei batzuren fondoaren gainean, informazioa eskaintzen digu Placerrek Herria 2000 Eliza elkartearen gainean eta hainbat dokumentu irakurtzeko aukera izango dugu. Kristau gogoeta eta hausnarketarako lekua eskaini nahi du egileak. Hainbat agiri kontsultatzeko aukera izango dugu, baita eztabaidetan parte hartzeko aukera ere.

Euskal Eliza
http://members.xoom.com/euskaleliza/
abadetxea@mx3.redestb.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner