1999ko abenduak 9, Osteguna | Irristatzen |
Home Page
Webaren atzean begiratzen duen dokumentala
Doug Block 43 urteko dokumentalgilea –zinemagile dokumentalista– zen 1996an, «unibertsitatearen eta jubilazioaren arteko erdibidean», bere hitzetan. Bere bost urteko alabatxoaren gaineko dokumentala prestatzen ari zela entzun zuen World Wide Web delakoaren lehendabiziko aipamena. «Dena aldatuko du» esan zioten sareak liluratutako lagunek. Berak ez zuen zalantzarik izan: kamara bat txikoan hartu eta mundu digital berriko jendeen atzetik abiatu zen, zer egin nahi zuen ziur egon ez arren.
Oraintsu atera berri den Home Page dokumentala lau urte hauen emaitza da. Ordubete eta 40 minutu inguru irauten duen filmak webguneen egileak lanean, etxean eta eguneroko jardunean harrapatzen ditu, nabigatzailearen atzean zer dagoen erakusten digu. Arrotzen etxeetan sartu zen Block, baimenik eskatu barik, webgileen motibazioak zeintzuk diren jakiteko.
Bere webgunea egin duen Justin ikaslea jarraitzen du Blockek. Justinek campusean egundoko polemika eragin du, bere webgunean beste ikasle batzurekin izandako harremanak kontatuz. Arrakasta lortu duenez, sarearen giro alternatiboetan ondo hartzen dute eta Block bere atzetik abiatzen da kamararekin. Hainbat lagun ezagutzen dituzte eta azkenik Hotwired aldizkari elektroniko aitzindariaren idazgelaraino heltzen da bidaia. Ziberkulturak liluratutako lagunak ageri dira ibilbide horretan: ekoizleak, diseinatzaileak, kazetariak, enpresariak eta beste.
Home Page azaroaren 19an erakutsi zen estrainekoz jendaurrean New Yorken, Sundance eta Rotterdameko jaialdietatik pasatu ostean, baina astebete lehenagotik zegoen –eta oraindik ere badago– ikusgai RealVideo sisteman IFILM webgunean. Webgune honetan sarearen bidez ikusgai diren hainbat film bitxi aurki daitezke. Soilik Interneten kausituko ditugun lan ez komertzial eta labur asko aurkituko ditugu bertan.
Doug Block
http://www.d-word.com/
IFILM
http://www.ifilm.com
Justin Hall
http://www.links.net/