1999ko urriak 28, Osteguna | Irristatzen |
Arte Digitala (eta II)
Arte mota honetako izen eta lekuen bila
Iragan astean aipatu genuen Art Futura 99ren haritik arte digitalaren izen eta helbideetan sakonduko dugu gaurkoan. Gure artean bada arte mota hau egiten duten artistarik edo artista talderik, esaterako, Leioan irakasle dabilen Ana Mujika edo Megasonics filmaren egileak, Baleuko taldekoak. Angelo Cacciola italiarraren izena ere aipa dezakegu eta beste baten batzuk ere.
Baina egia esan, ez da Euskal Herria honelako artea pilpilean dagoen ingurune bat. Katalunian, adibidez, bada askoz ere egile eta tradizio gehiago, baita Parisen eta Madrilen ere, eta hemengo egile bakanak hango zirkuloetan ezagunagoak dira hemengoetan baino.
Sorkuntza digitalak aurpegi asko dituela eta ez dela ordenagailuaren bidezko irudigintzara mugatzen frogatzen digu Marceli Antunezen lanak, kataluniar hau ez baita artetik aldendu egun bere arreta roboten sorkuntzan jarrita eduki arren.
Arte hauetan badira izen asko eta asko, webguneren bat edo beste sarean dutenak. Erreferentzia ona izan daitezke ondoren aipatuko ditugun bi webgune nor den nor ezagutzeko. El paseante aldizkariaren webgunean izen batzuk eta haien lanen zatitxoak ikusiko ditugu. Telefonicak duen beste batean lotura asko dituen zerrenda gaurkotuagoa dago.
Connect-Arte aldizkarian berriz, Net Art atalean Interneten egiten den eta aurki daitekeen artearen informazioa kausituko dugu. Egile mordo baten lanak ere ikusgai dira Kataluniako Institut Universitari de l'Audiovisual ikastegiaren webgunean.
El Paseanten
http://www.siruela.com/elpaseante/pag0501.html
Telefonica
http://www.telefonica.es/fat/futura/main.htm
Connect-Arte
http://www.connect-arte.com/netart/index.htm
Kataluniako IUA
http://www.iua.upf.es