1999ko urriak 21, Osteguna | Irristatzen |

Art Futura 99

Aisialdi digitala da aurtengo erakustaldiaren ardatza

Datorren astean, urriaren 29tik azaroaren 1era Sevillako Casa de La Provincian izango da Art Futura 99 erakustaldia. Aurtengo gaia aisialdi digitala dugu eta horren inguruan jardungo dute artistek: parke tematikoetatik museo birtual berrietara, zinema digitaletik bideojokoetara.

«Aisialdi digitala XXI. mendeko gizartearen protagonista izango da, ikuskizunen gizartean», diote antolatzaileek. Hau hizpide hartuta, erakusketak, hitzaldiak, performanceak, instalazioak eta beste ekitaldi asko izango da Art futuraren hamargarren ekitaldi honetan. Marrazkilariak, infografoak, robotgileak, diseinatzaileak eta beste asko bilduko dira lau egun horietan Sevillan.

Hamarkadarekin batera jaio zen Art Futura, 1990ko urtarrilan, eta orduandanik arte honen etorkizuneko ibilbidea iragartzen saiatu da, zenbaitetan polemika sortuz. Iragan edizioen gaiak honakoak izan dira oraino: errealitate birtuala (90), zibermedia (91), adimen globala (92), bizitza artifiziala (93), ziberkultura (94), komunitate birtualak (95), Robotak eta Kowbotak (96), etorkizunaren etorkizuna (97) eta bigarren azala (98). Art Futuraren zeregina milurtekoaren amaieran artea eta zientzia bide paraleloetan doazela erakustea da. Antolatzaileek diotenez, «jada artea ezin da ulertu teknologia berri eta komunikabideetatik bereiztuta».

Arte digitala ordenagailuak eta bestelako tramankulu elektronikoak erabiliz egiten den artea dugu. Oso zabala da arte mota honek har ditzakeen adierazpideen eremua. Interneten webguneak diseinatzea haietako bat da, horregatik diseinu bitxiko webgunea ezarri dute Art Futuraren gaineko jakingarri guztiak eskuratzeko.

Art Futura 99
http://www.artfutura.org/99/main.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner