1999ko urriak 7, Osteguna | Irristatzen |
Ultima: ludopatia kolektiboa
Sarean jokatzea da zibernauten azken moda
Imaginatzen al duzu gehienez bi lagunentzako aukera ematen duten bideokontsolen edo jolasmakinen abenturak beste lagun askorekin konpartitzea? Aldi berean milaka lagunekin lehiatzea? Bada, hori posible egin da Interneti esker eta Ultima online du izena, horixe baita sarean gehien erabiltzen den jokoa.
Duela zenbait aste ehun mila lagun elkartu ziren sarean eta denek ordaindu zuten jokatzeko eskubidea izateko. Beraz, negozio biribila da jokoaren jabeentzat. Orotara, Ultima sareratu zenetik milioi bat lagunek ordaindu eta jokatu dutela kalkulatzen da. Etxean jokatzeko jaio zen Ultima, CD bidez nork bere ordenagailuan gozatzeko. Baina jada CDaren mugak edo lau bider informazio gehiago har dezaketen DVD-ROM diskoak txikiegi geratu dira jokoari atera berriak diren eszenatokiak gehitu nahi zaizkionean edo lehiara lagun gehiago biltzea nahi denean.
Hasiera batean PC bat beste batekin lotzeko tramankuluak asmatu ziren baina, Interneten agerpenak aukerak biderkatu ditu. Egun, era askotako programak eguneratzen dira sarearen bidez bertsiorik berriena jaitsita. Beste batzuetan, sarera konektatzea beharrezkoa da azken edukiak ikusteko, Planeta argitaletxearen entziklopedia birtuala kasu.
Ultima jokoak 10 urte ditu. Adikzioa sortarazten duen rol jokoa da eta sarerako konexioa izanez gero CDarekin datorkiguna erakusgarritxoa baino ez da. Beste joko batzuk ere badira Interneten bidez jokatzeko. Batzuk lasaiak, backgamon, bridge edo xakea esaterako, besteak oso azkar eta bortitzak, Quake, Doom edo Diablo bezala. Partidak oso luzeak dira, batzuetan hilabeteak iraun baitezakete. Etorkizuneko jokoak dira CD eta Internet konbinatzen duten joko hauek eta dirua birritan gastatzeko modua dudarik gabe.
Ultima
http://www.owo.com
Joko gehiago
http://zone.msn.com