1999ko irailak 2, Osteguna | Irristatzen |

Oilaskoa sarean

Nola jarri zure bideoak sarean ikusgai

Sarea leku aproposa da hainbat harremanetarako: nork bere curriculum-a ipintzeko, e-posta bidezko kontaktuak ezartzeko eta saretik kanpoko harremanak errazteko webgunea tresna aparta da. Artisten kasuan, lanak erakusteko ere balio du, sareak ematen dituen aukerak baliatuta.

Ohiko webguneek testuak eta irudi finkoak dituzte, baina soinuak edo mugimenduzko irudiak gehitzeko aukera ere badago eta nahiko erreza da. Adibide bat ematen digu Kepa Sojo zinemagile arabarrak. Laudioko Landaluze Productions zerbitzarian jarri duen webgunean Sojoren eta bere lanen gaineko datu guztiak aurki ditzakegu. Zinema lan bat egitean osatzen den txostenaren egokitzapen bat da, baina paperak ez dituen hainbat abantaila ditu webguneak. Cien maneras de hacer el pollo al txilindron laburmetraiari buruzko jakingarri guztiekin batera, laburra bera eta nola egin zen, Making of ezinbestekoa, RealVideo sisteman ikusteko aukera dugu.

RealVideo materialak ikusteko behar dugun programa RealPlayer izenekoa da. Saretik bertatik doan har daiteke Real Networksen webgunetik eta ikus-entzunezko materialak sarean ipintzeko estandarra bihurtu da, konpresio maila oso altuak lortzen dituelako kalitate onargarri batekin.

RealVideoak egiteko bideo seinaleak harrapatu eta ordenagailuan sartzeko ekipamendua behar da, bideo sarrerarako txartela eta softwarea. Ondoren, bideoak konprimitu eta Real Playerrarekin ikusteko moduan jartzeko, Real Producer programaren doako bertsioa har dezakegu. Playerrarena bezala, azkeneko bertsioa G2 izenekoa da, baina gure ordenagailua horietarako bezainbat modernoa ez bada, bataren zein bestearen bertsio zaharragoak ere eskuragarri daude Real Networksen webgunean.

Helbide interesgarriak:

Kepa Sojoren webgunea
http://www.lpis.com/kepasojo/

Real programak (ikusteko zein sortzeko)
http://www.real.com/products/index.html

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner