1999ko uztailak 1, Osteguna | Irristatzen |

Muckrakerrak

Trapu zikinak ikusgai sarean

Iragan astean aipatu genuen espioitzarekin zerikusirik badu ikerketa kazetaritzak. Ikergaiak eta ikertzeko moduak askotan antzerakoak izaten badira ere, ezberdintasun handi bat badago bien artean: kazetariek argitaratzeko ikertzen dute eta horregatik interesgarriagoa izango da internautarentzat kontatzeko zerbait badutelako.

Espioitzarekin harreman zuzenagoa du Stratfor-en ekimen pribatuak. Enpresa honek txosten konfidentzialak egin eta saltzen ditu beste enpresentzat. Herrialde baten segurtasuna inbertsioak egiteko, edo enpresa lehiakideen jabegoa eta mugimenduak zeintzuk diren jakiteko erabiltzen dituzte Stratfor-en zerbitzuak. Baina esan dugunez, muckrakerrak sekretuak argitaratzeko daude eta hori egiten du Mario Profaca-k. Kroaziar kazetari aditu hau ederki mugitzen da zerbitzu sekretuen inguruan eta informazio sentsibleak argitaratzen. Hauetariko asko saretik bertatik hartuak dira, baina gakoa horiek eskuratzen jakitean datza.

Beste argitalpen bat The Smoking Gun da. Hemen historiaren ikerketa egiten da artxibo ireki berrietan eta egungo beste hainbat gai ere ikutzen dira, sektak kasu. MoJo Wire aldzkarian egunero gai berriren bat gehitzen da sakoneko analisi eta erreportaietara: gerra, arma trafikoa, multinazionalak, berri alternatiboak, naturzaletasuna... Antzeko gaiak jorratzen du Muckraker aldizkari elektronikoak. Hemen ikerketarako zenbait teknika eta iturriren aipamenak aurkituko ditugu, besteak beste. Gurean sortzen ari den Ardi Beltza proiektuak ikerketa eta salaketa kazetaritza egiteko asmoa du. Interneten ere presente egoteko eta sarean ikertzeko asmoa azaldu dute bultzatzaileek.

Stratfor
http://www.stratfor.com
Mario Profaca
http://mprofaca.cronet.com/
The Smoking Gun
http://www.thesmokinggun.com/
MoJo Wire
http://www.motherjones.com/
CIR
http://www.muckraker.org
Ardi Beltza
www.nodo50.org/ardibeltza/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner