1999ko ekainak 10, Osteguna | Irristatzen |

Cyberpunk-ak

Teknologiaren munduko antiheroiak

Literatur korrontea, jarrera, mugimendua... Gauza asko definitzen dira Cyberpunk hitzarekin, inondik inora kontzeptu ezberdinak baina elkarri lotuak. Mundu teknologikoak kutsatutako idazle eta zinemagileak dira Cyberpunk-aren ikurrak asmatu dituztenak. Gainera datorkigun gizarte teknologikoan kontrol soziala, naturarik gabeko gizarte hiritarra... Zientzia-fikziozko liburuek saldu nahi ziguten gizarte utopikotik urruntzen zen Bladerunner, cyberpunk-aren film aitzindaria. Liburuetan William Gibsonek Neuromancer-ekin mugimendu horren beste mugarria ezarri du.

Funtsean, cyberpunk-ak etorkizuneko gizarte teknologiko itogarriaren auka matxinatzen diren baztertuak dira. Ikuspuntu horretatik, lehenagotik cyberpunk-aren aurrekariak izan ziren H.G. Wells-en The time machine eta Orwellen 1984. Baina konponente teknofobo handia zuten haiek eta egungo cyberpunk-ek teknologia erabiltzen dute borrokarako. Gainera, etorkizuna hurbilago dago, orainaldia da batzurentzat. Jada gure etxeko txakurrek lepoan mikrotxipa duten garaian hacker-ak dira cyberpunk-a haragitzen duten egungo protagonistak. Bladerunner filmekoa bezala, ez dira gaiztoa-heroia eskema klasikoan sartzen. Antiheroi hauek indibidualistak dira eta ez dakigu zehazki euren alde jarri behar garen.

Cyberpunk-ek sarean aurkitu dute adierazpidea eta bizilekua, baina baita paperan ere. Mexikon G. H. Porcayo eta beste idazle gazte batzuek azpigenero eta azpikultura honetan eroso mugitzen dira, sarean bezala. Interneten badira cyberpunk mugimenduaz jarduten duten makina bat webgune eta berri talde.

Cyberpunk-ari buruz
http://www.abyss.sk/clubs/internet/cyberpunk.html
http://www.georgetown.edu/irvinemj/technoculture/

Literatura eta fanzineak
http://www.empathy.com/eyeball/
http://boingboing.net/

Berri taldeetan:
alt.cyberpunk

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner