1999ko apirilak 15, Osteguna | Irristatzen |
Bide interaktiboak
Ezaugarri hau baliatzen dute jolas eta lehiaketek
Urrun geratu dira munduko webgune guztiak arratsalde batean ikus zitezkeen garaia, 1994an Yahoo bilatzailearen Filo eta Yang sortzaileek egiten zuten bezala. Egun, Batikanoko aita santuaren orrialdean sartu eta, bertan azaltzen diren loturetan klik eginez, orrialde porno batean egon gaitezke handik ordubetera, Disneyren gunea, Mumia Abu Jamal-ena eta Leticia Sabater bisitatu ostean. Eta dena jarraian, orrialde berririk zabaldu gabe egin dezakegu, estekak segituz. WWW famatuan nabigatzen ari denak aukerak eginez egiten du bere ibilbidea, konbinaketa posibleak kontaezinak direlako.
Sarearen interaktibotasuna horretantxe dago, sarearen ezaugarri nagusia nork bere bidea egiten duela da. Garai batean modan egon ziren irakurleak bidea aukera zezakeen liburuak, garapen eta amaiera ezberdinak zituztenak. Bada, hori askoz errazagoa da Interneteko nabigazioan aplikatzea.
Kontzertu batera joan gara, ez daukagu sarrera ordaintzeko dirurik: zer egingo dugu? Hori proposatzen digute Gentepez webzinean. Bizirik ateratzeko bide bakarra dago aukera posible guztien artean. Informatica Vasca aldizkarian dagoen Nor da? ziberjokoan, berriz, aurkeztuko zaizkigun galdera guztiak erantzun eta kamiseta bat irabaziko dugu.
Baina interaktibotasun hori diseinu on batekin eta beste hainbat ezaugarrirekin nahasten dituena Roberto Agirrezabala da. Easyone osorik Interneten garatu duen web-art bat da. Bisitariarengandik jasotako erantzunen arabera leku batera edo bestera gidatzen du, egoera birtual zenbaitetatik. Easyone ekoizpen honengatik artista bizkaitarrak errebelazio saria irabazi zuen iazko Nafarroako Bideo Jaialdian.
Easyone
http://web.jet.es/easyone
Macroconcierto
www.gentepez.com/articulos/pasatiempos
Nor da?
www.ivasca.com