1999ko urtarrilak 14, Osteguna | Irristatzen |

Okupa telematikoak

El Laboratorio ezingo dute saretik eraitsi

Iragan abenduaren 22an, Madrilgo El Laboratorio gune okupatuaren deslojamenduarekin eta ondorengo eraispenarekin bi urteko esperientzia aberasgarri baten amaiera heldu zen. Halabaina, kokaleku fisiko berri baten esperoan, Laboratorio birtualak "iraunen du zutik", ziberespazioan.

"Jakinaren gainean izango zara, Embajadoresko okupa deslojatu dutela. Asteartean, goizeko zortziak aldera, behera zihoan etxeko atearen zalapartak iratzarri ninduen, oharkabean, aurretiaz abisatu barik. Laster konturatu nintzen "lur errea" gisako deslojamendua izango zela, eskuetan nuena soilik salba nezakeela jakin nuen. Segundu gutxitan erabaki behar izan nuen zer zen niretzat garrantzitsuena. Utzi nituen argazkiak, kartak, eta olerkiak. Utzi nuen marihuana, arropak, liburuak, musika eta beste guztia. Garrantzitsuagoa iruditu zitzaidan elkarrena salbatzea, jendearen maitasuna, elkarrekin egoteko ahalmena eta Zentrua beste espazio batean berriro abiatzeko aukera salbatzea. Hortaz, arlo telematikoko ordenagailu bat hartu nuen. Besterik ez zidaten ateratzen utzi".

Horrela dio bertako bizilagun batek beraien gunean. Goiz horretan, ustekabean, ehundaka polizia agertu zen Lavapies auzoan. "Ondo kalkulatutako operazioan, gehienen arreta loterian zegoenean", salatzen dute. El Laboratoriok, beste hainbat ekintzaren artean, webgune osatua eta nahiko aktiboa sustatzen zuen arlo telematikoa zeukan, dauka. Madril aldean Eginen itxieraren kontrako elkartasunean nabarmendu ziren bertakoak. Premonitorioa agian.

El Laboratorio
http://www.nodo50.org/laboratorio/lab.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner