2001ko urtarrilak 13, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Bitnik inpaktoa

Harriduraren erakusketa birtuala

Mila urte hauetan kultur produktu asko sortu badira ere, mila horietatik azken bost urteotan sortu den kultura telematiko berrian murgilduta gaude. Irudiei dagokienez, egun egiten direnak baino ez zaizkigu interesatuko eta gaurko egunean ezezik etorkizunean jarriko dugu gure begirada teknofiloa, kultura digitala aurrerantzean nagusi izango baita eta hemen irudiek eta sentsazio indartsuek agintzen dute.

Harridura, exzitazioa, nazka eta horrelako bat-bateko sentsazioak eragiten dituen erakusketa birtuala antolatu dute Bitniks aldizkariko lagunek. Ez dakienak jakin beza, bilbotarrak direla Bitniks aldizkari elektronikoa egiten duten lagunak, gehienak bederen. Izenaren hitz jokoak ongi adierazten duen bezala, belaunaldi digitaleko kide sentitzen dira, ez 50ko urteetako beat belaunaldikoak.

Euskal giroetan ez dira ezagunegiak, gaztelaniaz lan egiten baitute, baina mundu digital latinoan lehen lerroan daude. Mundu digitaleko guru bilbotar hauek ezinbesteko erreferentzia dira, ez bakarrik Espainian, komunitate digital latinoamerikar osoan baizik. Beti kulturaren aldea nabarmentzen, denetariko arloak dituzte aldizkari elektronikoan: arte digitala, diseinua, merkataritza, ikerketa... Etorkizuneko joerak aurreratzea maite dute eta euren erreferentzia nagusia Wired aldizkari totemikoa da.

Oraingoan, Impacto izenburupean, eztabaida sortu nahi dute, «jendearen arreta erakartzeko inpaktua sortzearen estrategiaren inguruan». Arlo ezberdinetan banatuta daude bertako edukiak: arte digitala, argazki gatazkatsuak, artikuluak eta eztabaida foroa. Aipagarriena irudiak dira: erakusketa telematikoa antolatu dute aldizkariko horma birtualetan arlo honetan norbait diren hainbat egile interesgarriren lanak erakutsiz. Bertako egile batzuk daude bertan, Javier Zarracina eta Alvaro Ortega kasu, baina baita Ipsum Planet kolektiboa, Miguel A. Martin, Antonio Fernandez Coca eta beste batzuk.

Irudietan harrigarrienek odola, sexua edo harridura nahasten dute. Haien artean Benetton arropa saltzaileen kanpainarik gordinenetako argazki batzuk eta Marilyn Manson itxura nekrofiloko musikari-showman siniestroa. Benetton-en kanpainen arima Olivero Toscani izeneko sortzailea izan zen eta IHESa edo arrazakeriaren salaketa gordinarekin jantzi ditu marka horrentzako kanpainak. Baina EEBBetako gizarte puritanoak ezin izan zuen bere azken kanpaina jasan, bertan heriotzera kondenatutako lagunak ageri zirelako. Horregatik arazo ekonomiko eta legalak izan ditu enpresak herrialde hartan eta Toscanik enpresa utzi du, 18 urte bertan egin ostean.

Marilyn Manson da probokazioaren beste aditu bat. Bere bideoklipak debekatuak izan dira. Itsusikeria eta mina aldarrikatzeaz gain, bere esanak ez dira atzean geratzen eta bere ekintzak ere probokazio hutsa dira: banderak erretzen, konkordunak eta pertsonaia izugarri itsusiak ateratzen eta psikopata hiltzaileen apologia eginez –bere izena Marilyn Monroeren eta Charles Mansonen arteko nahasketa da– berdin ultraeskuindarrak zein demokrata moderatuak asaldatzen ditu.

Beste atal bat okupatzen du Sensation erakusketak. Charles Saatchi-ren erakusketako artista britainiar gazte zenbaiten beste erakusketa honetan gizon baten burua ikus dezakegu, bere zainetatik hartutako hainbat odol litro izozturekin egina, edo txerri buru bat hermetikoki itxitako bitrina batean.

Irudiez gain, badago zer irakurri erakusketa honetan. Aipatu ditugun Manson, Sensation eta Benetton ezezik Unabomber ere badago. Theodore Kaczynsky intelektual eremita, terrorista neoludditak alde Ludd erregearen teknologiaren aurkako teoria batez janzten du bere ibilbide klandestinoa eta beste ikono bat bihurtu da bere robot erretratuari esker.

Impacto
www.bitniks.es/impacto/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner