2000ko abenduak 9, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Artibismoa

Artearen bidez gizartean aldaketa eragiteko

Hitz jokoak islatzen duen moduan, arbitismoak errealitatea aldatu nahi du, artea berau islatzera mugatzen den bitartean. Artibistek artea dute adierazpide eta Internet komunikabide.

Aktibistek hasieratik erabili dute sarea koordinatzeko tresna bezala. Berriki Seattlen eta Pragan frogatu den moduan, posta elektronikoa ekintzak nazioarte mailan koordinatzeko tresna egokia da eta webguneek salaketarako eta informaziorako balio dute. Baina artibistek azkar asko deskubritu dutenez, sareak sorkuntza kolektiborako bidea zabaltzen du, euskarri berriek komunikazio lengoaia eta estrategia berriak sortarazi dituzte.

Hori guztia amankomunean jartzeko mota honetako artean edo mota honetako aktibismoan esperientzia duten kolektiboak urrian bildu zituen Bartzelonan La Fiambrera Obrera kolektiboak. Ekintza zuzena arte eder moduan izeneko tailerra antolatu zuten Bartzelonako arte garaikideko museoan (MACBA). Bertan, nazioarteko artibistak bildu ziren bertako aktibistekin, elkarren berri izateko eta ekimenak elkarrekin adosteko. Bertan, besteak beste, @TMark eta Kein Mensch ist Illegal kolektiboetako kideak izan ziren, sareak eskaintzen dituen komunikazio kontzeptu berriak hobekien ulertu eta aplikatu dituzten artibisten kolektiboak.

Artibismoaren adierazpide bat izan ohi da webgune parodikoak sortzea, imaginazio eta diseinu dosi handiak jarrita. Adbusters amerikar aldizkarian ikus daitezke honelako lanen adibide batzuk. Bestalde, Kein Mensch ist Illegal taldeak Deportation-Alliance webgunea sortu zuen etorkinen deportazioan KLM eta Lufthansa enpresek duten inplikazioa salatzeko. Parodia-salaketa joku horretan, deportazio klasearen erosotasunak aurkezten dizkigu webguneak, non bidaiariak kateatuta doazen. Honetaz gain, kolektiboko kideek erakustoki bat alokatu zuten turismo azoka batean eta Lufthansaren stand-aren aurrean erakusketa praktikoak egin zituzten.

Antzeko bidea erabili nahi du La fiambrera obrera kolektiboak bere Bordergames alegiazko bideojokoarekin. Abenturazko bideojoko honetako protagonista etorkin bat da, eta bere odisea hegoaldetik iparralderako bidaia da. Afrikatik Espainiara igaro behar du eta bidean aurkezten zaizkion arriskuei aurre egin, poliziaren jazarpenari batik bat. Beste pantaila batzuetan Tijuanatik EEBBetara edo ekialdetik Alemaniara igaro behar dira migrariak.

Bartzelonako topaketan mugimendu alternatiboek sufritzen duten ghetizazioa aztertu zuten: okupak, langabetuak eta etorkinak oso irudi estereotipatuarekin ageri dira masa komunikabideetan eta euren ahotsa sistematikoki isildua da. Honen aurrean komunikaizo estrategia berriak landu behar direla eta, bi jokabide izan behar dituzte kolektibo hauek: batetik, informazioa sortzeko eta lantzeko euren bitartekoak lortu eta, bestetik, masa komunikabideei informazioak saltzeko komunikazio estrategiak landu. Horretan ŪTMark kolektiboak badu esperientziarik: komunikabideentzat notizia zer den eta kazetariek dituzten produkzio ohiturak eta moduak ondo ezagutzen ditu. Hori gabe zaila da oihartzunik lortzea.

Lankidetza eta izaera kolektiboa funtsezkoak dira eta lortzeko zailenak. Internauten protestaldiak eta grebak dira honelako ekintza kolektibo batzuk. Desobedientzia zibil elektronikoko ekintza hauek aldi berekoak izan ohi dira eta mundu mailakoak: milaka bisitak aldi berean zerbitzari bat bloka dezakete. Hauetan ezaguna da Electronic Disturbance Theatre (EDT), Zapatisten aldeko ekintza telematikoak antolatzeagatik.


MACBA
www.macba.org
Kein mensch ist illegal
www.contrast.org/borders
@TMark
www.rtmark.com
Fiambrera Obrera
www.sindominio.net/fiambrera/macba.htm
Adbusters
www.adbusters.org
Deportazioaz
www.deportation-alliance.com
Bordergames
www.bordergames.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner