2000ko azaroak 11, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Ziberkultura III: Ziberespazioa
Itsasoa, Aleph-a, liburutegia , kanpoko memoria eta Matrix-a
Ziberkulturaz aritu ginen maiatza eta ekainean, cyborg-ak eta ziberpunk-a azalduz, baina beste kontzeptu interesgarri bat aztertzea ahaztu zitzaigun, nonbait. Ziberespazioa oso kontzeptu interesgarria da, ia metafisikoa, eta horregatik hainbat definizio edo, hobeto esan, hainbat ikuspegi daude kontzeptu horri heltzeko orduan.
Oso azalpen bitxia da Zibernetika hitzaren jatorriarena. Grekeraz kubernetes hitzak "lemazaina" esan nahi du eta honek feedback-arekin lotzen du ikerkuntza zibernetikoa, lemazainak ontziaren norantza, haizearen indarra eta kostaldearen hurbiltasuna kontutan hartuz lema mugitzen duen bezala. Zibernetika etengabe datuak hartzen eta bidaltzen dabilen giza jarduera da, ziberespazioan mugitzeko –nabigatzeko– etengabe datuak jaso eta bidali behar ditugun bezala. Espazio hitzak, nabigazioa, lema... Informazioaren itsasoak hausten ditugula irudikatzen du horrek, baina ziberespazioaren kontzeptuarekin espazioaren zentzua lekuz aldatzen da.
Bestalde, sarean sartzea Borgesen Aleph-an kokatzea dela esan daiteke, non «nahastu gabe dauden munduko leku guztiak, angelu guztietatik ikusiak» (jatorri euskalduneko argentinar batek esan zuen behinola Aleph-etik ere ez liratekeela euskaldunak ikusiko, ziberespazioan dugun presentzia eskasa irudikatzeko). Borgesek Buenos Aireseko etxe baten sotoan kokatu zuen puntu horretatik gauza guztiak ikusten dira, denak daude bertan ikusgai eta bizpahiru zentimetroko puntu txiki batean unibertso osoa sar daiteke. Dudarik gabe, ziberespazioaren irudikatzea egin zuen argentinarrak.
Sarean sartzea Alexandriako liburutegian sartzea bezala ere bada. Bertan, inoiz izan ez den giza jakituriaren bilgunerik handiena sortu da, fisikoki mundu osoan sakabanatuta egon arren. Ez dugu inoiz ezagutu Alexandriako liburutegi famatu hura, baina neurririk handienean imaginatuta ere, ziurrenik ez litzateke helduko sarean dagoen informazioaren zati mikroskopikoa izatera. Hainbat Terabyte informazio dago gizartearen esku, gai guztien gaineko informazioa, eta hazten jarraitzen du abiadura handiz.
Beste ikuspegi bat Gaia modelotik abiatzen dena dugu. Asimov-en Fundacion y Tierra liburuaren hasieran azaltzen duenez, Gaia (alegiazko Lurra) superorganismo bat da, adimen bakarra duena. Dokumenturik ez dute aurkitzen Gaian, memoria biztanleengan eta harrietan dagoelako. Gaiaren burmuina datu base erraldoia da, gizakietan, animalietan, landareetan eta mineraletan gordea, memoria biologiko sakabanatua.
Ziberespazioaren kontzeptua zientzia fikzioarekin ondo uztartu da, fikzio sentsorial eta informazionala garatuz. Errealitate birtuala eta unibertsoaren berregite bat, teoria fisikoen logika aldrebestuta. Hau ondo islatu zuen iaz zineman Matrix filmak. Bistan da zinemari oso lotua dagoela ziberkultura, zientzia-fikzioaren generoari zehazki, eta kultura honen erreferentziak ugarituko dira aurrerantzean ere genero horretan. Matrix izena bera William Gibsoni eginiko keinu zinematografiko argia zen, berak sortu baitzuen Matrix-aren kontzeptua bere Neuromancer klasikoan. Bertan, bioteknologian oinarritutako etorkizun bat garatzen du Gibsonek, eta ziberespazioa honela formulatzen du: «Aluzinazio kontsensuala, egunero milioika lagunek bizitzen dutena». Informazioa bosgarren dimentsio bat bihurtzen da, beste mekanika batek arautua. Zernahi dela ere, ikuspegi guztiek informazioarekin lotzen duten ziberespazioa gero eta presenteago egongo da, ez bakarrik zientzia fikzioan, gizartean gure eguneroko errealitatean baizik.
Jabi Zabala.