2000ko urriak 14, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

e-liburu piratak eta Napster afera

Non daude doako liburuak sarean? Formato digitalean gordetako liburuen debaldeko deskargak agintzen zituen #bookwarez izeneko webgune bat desagertu zen egun batetik bestera. Wired aldizkariak haren berri eman eta ordu batzutara desagertu zen Saretik. Bertako foroan ageri ziren loturak jarraituta, Fran McCourt-en Angela's Ashes liburua eskura zitekeen, doan, formato digitalean. Era berean, King-en The Green Mile eta The Stand, Tom Clancy-ren Red Storm Rising, Carl Sagan-en Contact eta beste asko inoren eskura zeuden, osorik eta babesik gabe.

Aipatu liburuen argitaletxeetatik batzuk ez ziren jabetu eta beste batzuek jada abokatuen esku laga dute afera. Baina erantzukizunak eta, batik bat, erantzuleak aurkitzea ia ezinezkoa da, xede mugikorrak baitira: erbiak bezain arinak eta Tormeseko itsumutila bezain izenbakoak. Adituek diotenez, web-aren bidezko berriketa edo chat kanaletan azaltzen dira, informazioa bertan trukatuz. Hala, ez dute lorratzik uzten. Bertan informazioa eta loturak ipintzen dituzte eta alarma pizten denean leku hori utzi eta biharamunean beste nonbait agertzen da berriro chat kanala. Harpidedunek helbide berria jasotzen dute berehalakoan. Ezinezkoa dirudi hori gelditzea, ez pirateoa galarazteko artxiboak kode bereziekin babestuta, ezta salaketak ipinita ere. Forrester Research ospetsuak eginiko ikerketa batek hala baieztatu zuen duela bi aste.

Copyright legeek babestutako materialen pirateria Interneten oso hedatuta dago, baina batik bat musika ekoizpenen arloan. Internautek MP3 formatoko abestiak elkarrekin trukatzea ahalbidetzen duen Napster programak, 18 urteko Shawn Fanning-ek sortua, sekulako arrakasta izan du, disketxeak asaldatu ditu eta sekulako gatazka judiziala ekarri du epaitegietan.

Egunotan albiste garrantzitsua da Napster-en kontrako auzia. Astelehenean hasi zen epaiketan EEBBetako disketxeen elkarteak (RIAA) Napster ixtea eta kalte ordain handiak eskatzen ditu, haren arabera Napster-ek egileen eskubideak urratu dituelako. Bi aste barru jakinaraziko dute epaia eta baliteke Napster betirako ixtea.

Argitaletxeen kinka
Baina egileen eskubideak barik, RIAA disketxeenak defendatzen ari direla dirudi. Metallica taldeak jarri zuen abian auzia, Napster salatuz, baina beste egile asko musika artxiboen truke librearen alde azaldu dira, Smashing Pumpkins, Offspring, Prince eta U2, besteak beste. Zerbitzu honen 22 milioi erabiltzaileak ere antolatzen hasi dira eta horren erakusgarria da Save Napster webgunea.

Egile asko sarearen izaeraz jabetu dira eta horregatik ari dira argitaletxe eta disketxeetatik aldentzen. Gauza bera liburuen kasuan, sareak zuzeneko salmenta ahalbidetzen du eta idazle batzuk, Stephen King kasu, bitartekariez paso egin eta zuzenean hasi dira ekoizpenak formato digitalean saltzen. Musikariek ere, zuzenean edo Vitaminic bezalako webguneen bidez sal ditzakete lanak. Azken finean, sarearen agerpenak dakarren joera disketxeen desagerpena da, egun ezagutzen ditugun bezala behintzat.

Napster legez kanpo utziko balute ere, legeak babestutako artxiboen truke librea ez litzateke amaituko. Napster-en ahaide Gnutella-k ordenagailuen arteko artxiboen trukea ahalbidetzen du, industriarentzat beldurgarriak diren bi ezaugarrirekin: Napster ez bezala, zentsuraezina da, ez baitu zerbitzari zentral baten beharrik erabiltzaileak koordinatzeko. Gainera, MP3ak ezeze, era guztietako artxiboak elkartrukatzeko balio du, bideoak, liburu digitalak eta pornografia barne.

Gauzak horrela, lehen aipatu Forrester-en ikerketaren arabera, pirateriak gora egin ahala eta egileak argitaletxetatik aldendu ahala, argitaletxeek 1500.000 milioi dolar galduko dute 2005. urtean. Etorkizun beltza dakarkie sareak.

www.napster.com (macster.com)
www.gnutella.com (mactella.com)
www.savenapster.com
www.vitaminic.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner