2000ko irailak 9, Larunbata | Kulturnet (Begia) |
Etorkizunak ez gaitu behar
Gizakirik gabe, makinak bakarrik biziko diren munduaren iragarpena
Film batzuetan agertu den irudia da: ordenagailuak garapen maila hain altu batera heltzen dira ezen ez dute gizakirik behar gehiago garatzeko. Hurrengo urratsa garapen hori oztopa lezakeen gizakiaren aurkako erabakiak hartzen hastea da, Hal 9000 ordenagailuak Stanley Kubrik-en 2001, A Space Oddysey filman egiten zuen bezala.
Iragan astean jakin genuen robotak sortzeko eta ekoizteko gai den ama-ordenagailua aurkeztu dutela EEBBetan. Baina aipagarriena da Darwinen teoria aplikatzen duela Golem proiektuko ordenagailutzar honek: robotak biziko diren ingurugiroaren araberako diseinuak garatzen ditu makinak berak. Urratsa emanda dago, hemendik Hal 9000-ra makinaren ahalmen kontua da alde bakarra. Eta Kubriken alegia hemendik hiru hilabetera, 2001 urtean kokatua dago. Esanguratsua.
Makinek gizakiarengandiko dependentzia gainditzen duten munduak paranoia neoludita, edo zientzia-fikziozko nobeletako gaia izateari utzi dio eta zientzialariak gaiaz kezkatzen hasita daude aurtengo apirilan Wired aldizkarian argitaratu saioaz geroztik. Wired kultura digitalaren orakuloa da. Aldizkari honetan punta-puntako iritziak eta erreportaiak ageri dira, EEBBetako gizarte teknofiloan ezinbesteko erreferentzia dugu, bihar-etziko joeren eta izenen iragarle. Apirileko azalean artikulu nagusiaren izenburua irakur zitekeen: Why the future doesn't need us, Bill Joy-ren eskutik.
Joyren saioak genetikaren, nanoteknologiaren eta robotikaren garapenak ekar ditzakeen arriskuez ohartarazten zuen irakurlegoa. Joy ez da ezjakin bat, besteak beste UNIX sistemaren aitabitxia da eta Sun Microsistems enpresako sortzailea. Horregatik haren hausnarketa sakonak sekulako eragina izan du mundu osoko gizarte digitalean. Artikulua agertu eta berehala hasi zen erreakzioen uhina: The New York Times-en eta The Washington Post-en Joyren saioa mugarritzat jo zuten eta horixe konfirmatu zuten telebista kate, aldizkari eta online argitalpen askok. Londreseko Times egunkariak Einsten-ek 1939an Roosevelt presidenteari bonba nuklearraren arriskuez ohartarazteko igorri gutunarekin konparatu zuen. Euskal Herrian eta albo herrietan, berriz, ezer ez. Oharkabean pasatu da Joy-k EEBBetan eragin lurrikara.
Bertan piztutako eztabaidan zientzialariak, enpresa gizonak, politikariak, irakasleak, artistak eta eskolako umeak sartu dira. Mende honetako eztabaidarik emankor eta mamidunetakoa –sutsua ere batzuetan– piztu du Joyrenak unibertsitateetan, sarean eta hedabideen plazan. Justu Britainia Handian giza klonazioa gaisoak sendatzeko xedez baimentzea ala ez eztabaidatzen ari diren une honetan, teknologia berrien garapenaren dimentsio etikoak ere jorratzen ditu Joyk. Baina beste beldur batek okupatzen du artikuluak, ordenagailuen garapen maila kontrolaezina erdiesteak.
Hainbat jende interesgarriren hausnarketak biltzen ditu Joyk bere saioan, Theodore Kaczynskiren hau kasu: «Makinei euren erabakiak hartzeko ahalmena emanez gero ezinezkoa da jakiten nolako portaera izango duten. Haien menean izango gara. (...) Gure gizarteko arazoak konplexuagoak bilakatzen diren heinean, gure borondatez emango diegu ahalmen hori eta horrek dependentzia ekarriko digu, haien erabakiak gizakienak baino hobeak direlako. (...) Maila horretara helduta, ezinezkoa izango zaigu makinak amatatzea, hain dependentzia handia izango dugu haiekiko ezen itzaliz gero gure burua hilko genuke». Theodore Kaczynski Unabomber neoludita famatua da.
Wired-en webgunean daude irakurgai saioa bera zein haren inguruan plazaratu diren hainbat iritzi interesgarri, ez denak, noski. Zinez gomendagarria da Joyren saioa. Inork euskaratzeko lana hartuko balu.
Why the future doesn't need us
www.wired.com/wired/archive/8.04/
Erantzunak eta ekarpenak
www.wired.com/wired/archive/8.07/rants.html