2000ko uztailak 8, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Euskal liburuak online

Hainbat euskal idazleren testuak eskura daitezke sarean

Gure hilabeteroko txoko honetan aipatu dugu jada liburudenda eta liburutegi birtualak badirela eta laguntza ederra emango digutela batzuek zein besteek liburuak erosteko zein aurkitzeko. Baina liburuak eurak ere badira formato digitalean, gero eta gehiago gainera.

Edizio digitalaren faltak ere bistan ditugu: liburudenda telematikoek ez dutela betiko liburudenden xarma hori eta liburu bat irakurgaitza dela pantaila aurrean. Ezin dugu ordenagailua hondartzara, egongelara, ohera edo komunera eraman, eta horrek puntu asko kentzen dizkio liburuen edizio digitalari. Hala ere abantailak badituzte edizio digitalek testuak lan bat egiteko erabili nahi baditugu. Liburuko pasarteak kopiatu eta itsats ditzakegu gure lanean, ezer pikatu barik. Hitz edo izen bat aurkitzeko lana ere ordenagailuak egingo digu hala eskatuz gero.

Baina patxadaz irakurtzeko diren liburuak ere –eleberriak eta– sarean argitaratzen eta saltzen hasi dira. Horren erakusgarri da Espainiako Manuscritos.com, lehendabiziko argitaletxe digitala. Adibiderik ezagunena, baina, Stephen King-ena izan da, Riding the bullet bere azken eleberria sarean bakarrik argitaratu baitzuen duela hilabete batzuk. Kopiak egitea galerazten zuen babes kriptografiko bat zuen liburuak eta programa berezi baten bidez soilik ikuska zitekeen. Handik gutxira norbaitek kodea crackeatu eta testua hainbat lekutan doan agertzen hasi bazen ere, badirudi lagun dexentek erosi ziotela eleberria.

Baina egile eskubiderik eskatzen ez duten liburuak klasikoak ditugu. Horretan
Gutenberg proiektua eta Cervantes aitzindariak izan dira eta gurean aldiz ezer gutxi, oraintsu arte behintzat. Internauta batzuek salatu dute Euskaltzaindiak, euskal klasikoak digitalizatuta eduki arren ez dituela edonoren esku jarri nahi. Eta gauzak horrela, bada etsitzen ez duen euskal internautaren bat. Esaterako, Paideiako Josu Lavin. Grekerarekin nahastutako Jakintza Bhaita-ren idazkera bitxi horretan idatzitako mezuekin EuskaraZ zerrendako kideen postontziak betetzen dituen gizonak bere kabuz hainbat liburu digitalizatzeko lana hartu du.

PAIDEIA 99 Euskal Litteratura Computerizatua goiburua zuen CD ROMa argitaratu ondoren, edukin horiek sarean eskegitzeko erabakia hartu zuen Lavinek Gordailua izeneko txokoan aurki ditzakegu Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, lanetik Lauaxetaren olerkietaraino doan klasikoen izen mordoa: Leizarraga, Oihenart, Etxepare, Axular, Elizanburu eta beste asko. Ez da hor gelditu internauta euskaldun honen ahalegina, berak 60.000 hitzeko zerrenda izugarria ere ipini baitu bertan eskuratzeko moduan.

Baina beste batzuk ere badira. Antzerki testuak sarean eskegi ditu Mikel Martinez Maskarada taldeko aktoreak. Bere taldeak antzeztutakoak jartzeaz gain, besteenak ere biltzeko deia egina du, antzezle zein ikasleen esku jartzeko asmoz. Momenturaino sorta ederra bildu du eta denak euskaraz: Aristofanes zein Dario Fo, Nemesio Etxaniz zein Sarrionandia. Gehitutako azkena Harrizko Aresti hau izan da, baina ekarpenetarako deiak zabalik jarraitzen du.

Beste helbide batzuetan ere aurki daitezke testu batzuk. Mogelen Peru Abarka liburua Materixala atalean jarri dute eibarnautek, modernoagoak berriz izango dira Susa argitaletxeak eskainiko dizkigunak, Bazka aldizkariaren online bertsioarekin batera. Marginalia webgunean tarteka aldatzen diren itzulpen batzuk jaisteko aukera dago.


Manuscritos argitaletxea
www.manuscritos.com
Stephen King
www.stephenking.com
Klasikoak HTML formatoan
http://www.vc.ehu.es/gordailua/
Euskal classicoak online (Word artxiboak)
www.unoinfo.com
Izena: josulavin
Gakoa: paideia
Antzerki testuak
www.geocities.com/antzerkia
Susa
http://www.susa-literatura.com
Materixala
www.eibar.org/materixala
Marginalia
www.euskalnet.net/xgalarreta/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner