2000ko ekainak 10, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

ZIBERKULTURA II: Cyborg-ak

Gizakiaren eta makinen arteko nahasketa dira ziberkulturako pertsonaiak

Fikziozkoak ala benetazkoak? Bietarik badira, baina gero eta gehiago benetazkoak ari dira –gara– bihurtzen. Cyborg-ak munstroak bezala irudikatu ditugu filmen bidez. Frankenstein doktorearen semea bizitzara berpiztu zenetik beldur izan gara, zientziaren aurrerapenak gure haragiarekin egingo duenaren beldur. Terminator filman Schwarzenegger bihozgabeak bere besoari begiratu eta honen azala zabaltzen zen, barneko burnizko hezurdura eta kablez osatutako izaki-makina agerian utziz.

Zientzia fikzioan dago cyborg-aren sorkuntza. Beronek diseinatu zuen kontzeptua, haren gauzapen materialerako oraindik nahikoa bitarteko tekniko eta zientifikorik ez zegoenean. Irudi zinematografikoak eragindako beldurrak gora behera, kontzeptu horren atzetik ibili dira zientzialariak eta emaitzak hor daude.

Gizakume cyborg-en errealitatea hor dago, gero eta gehiago zientzia da eta gutxiago fikzioa. Gutako asko bizirik badaude, bihotzeko erritmoak markatzen dituen aparailu txikiari esker da. Gortuta daudenei hobeto entzuteko haragian txertaturiko aparailutxoa ezartzen zaie, arrazoi estetikoak direla medio batzuetan. Paraplejikoei sekulako esperantzak ekarri dizkie seinale elektrikoak nerbioen kontrakzio bihurtzen dituen mikrotxip batek. Gure etxeetan ditugun txakur gehienak cyborg dira dagoeneko, dekretu bidez. Pentsatzekoa da laster gizakioi ere halako zerbait dekretuz ezarriko digutela gure kontrola errazteko, Anaia Handia dabilen martxan eta gure gizarteak duen asimilazio ahalmenarekin edozein gehiegikeri teknologiko onartzeko prest gaudela esan liteke, denbora kontua izanen da.

Donna Haraway-ren aburuz jada asimilatuta gaude, cyborg bihurtuta. Berak 1985 urtean The Cyborg Manifesto saioa idatzi ostean, euren burua ziberfeminista-tzat duten emakumezkoen belaunaldi baten buru bihurtu zen. Ziberkulturaren orakuloa bihurtuta dagoen Wired aldizkariak duela hiru urte pasatxo elkarrizketatu zuenean berak bere etxaldean hartu zituen kazetariak, hiri girotik urrun. Izan ere, ez dago ziberpunk-ak utzi digun hiri ilun, zikin eta artifizialen giroko irudi zinematografiko horretara joan beharrik cyborg-ak kausitzeko.

Ez, ez da Hellraiser-eko munstro bat bere buruan dagoena Haraway cyborg-az mintzo denean. Bere esanetan ez dago haragia urratu beharrik, denok gara cyborg neurri batean. Periferikoei konektatuta bizi gara: bideoa, telefonoa, ordenagailua... Baina ez da hori bakarrik, Harawayren iritziz, gure cyborg izaeraren seinale. Izan ere, arropa bereziak jantzi, dieta bereziak jan eta botikak hartzen ditugu gure makinari atarramendurik handiena ateratzeko xedez. Agian horiek 60ko urteen kontrakulturaren munduan murgilduta bizi izan zen emakume baten gehiegizko burutazioak direla pentsatuko du baten batek.

Cyborg-a gizakiaren eta berak sortutako kulturaren arteko uztarketa fisikoa da, guretzat interesgarriena den zentzuan. Zentzu zabalagoa hartzen du cybernetic organism hitzen laburtzapena denez geroz eta, gainera, lehendabiziko cyborg-ak laborategiko arratoiak izan ziren. Militarrak izan ziren, gerra hotzaren garaian, Robocop-en antzeko izaki bat lortzeko interesik handiena erakutsi zutenak. Telebistara saltoa eman zuen amets horrek 70ko urteetan Emakume bionikoa-ren forma baketsuan. Geroztik etorriko ziren, ziberpunk-aren garaian gure amesgaiztoetako Terminator amaigabe eta arimagabeak.

Wired
www.wired.com
Stelarc
www.stelarc.va.com.au
Cyborg Anthropology
www.eff.org/pub/Net_culture/Cyborg_anthropology

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner