2000ko maiatzak 6, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

ZIBERKULTURA I: Ziberpunk-a

Kultura berria, literatura genero berria eta anaia handiaren aurkako matxinoak

Ziberkultura ordenagailuen eta sare informatikoen inguruan sortutako produkzio intelektualari esaten zaio. Bere baitan jarrera kultural, estetiko eta politikoak hartzen ditu eta, beste kontzeptu asko bezala, definizio, ñabardura eta interpretazio asko ditu. Ziberkultura (edo cyberkultura), ziberespazioa, ziberpunk, cyborg eta antzeko hitzak telematikaren aro honetako hiztegia osatzen dute, kulturaren, fisika-metafisikaren eta jarreren aldetik. Ziberkulturak modernitatea ekartzen digu gogora, hirugarren milurtekoarekin batera sartzen ari garen mundu fantastikoa.

Izan ere, literaturan eta zineman egun indar handia duen ziberpunk generoa ekarri zuen ziberkulturak 80ko hamarkadaren hasieran. Garai hartan, Isaac Asimoven "Science Fiction Magazine"ko Gardner Dozois editoreak erabili zuen estraineko aldiz eta garai hartantxe, 1983an, Bruce Bethke-ren "Cyberpunk" izeneko kontaketa laburra argitaratu zuen "Amazing" aldizkariak. Ordutik hona generoak hazi baino ez du egin.

Orokorrean ziberpunk literaturaren gaia marginatutako jendearen erresistentzia da, zientifikoki aurreratutako gizarte opresibo batean. Normalean bada "sistema" bat (politikoa/operatiboa) eta sistema horrek gizaki arrunten bizia dominatzen du. Teknologiaz baliatzen dira sistema zapaltzaile hauek jendea bere baitan mantentzeko, batez ere informazioaren teknologia erabiltzen dute (ordenagailuak eta masa komunikabideak) baina batzuetan gizakiak "Makinaren" zati bihurtzen dira haien garunetan txipak edo genetikoki aldatutako gorputz zatiak txertatuta. Hau da ziberpunk-aren "ziber" aldea.

Baina edozein kultura edo sistematan beti izan ohi dira haren bazterretan bizi diren batzuk: kriminalak, iheslariak, akratak eta bisionarioak. Ziberpunk literaturak pertsonaia hauek hartzen ditu protagonistatzat eta hauen matxinada, askatasuna lortzeko sistemaren beraren bitarteko teknologikoak erabiltzen dituztenean. Honek osatzen du ziberpunk-aren "punk" aldea. Gaiak antzekoak izanik, estiloa ere antzekoa izaten da: pertsonaiak urbanita hutsak dira eta eskenatokia hiri giroa da, pesimismoa hezurretaraino sarrarazten duen hiri ilun, itsusi eta lohia. Anbiguotasun morala azaltzen dute protagonistek, "sistema" borrokatzen dute bizirik irauteko, besterik gabe, "heroiaren" edo "onaren" zentzu tradizionaletik ihes eginez.

Baina literatur generoa ezezik, ziberpunk azpikultura ere bada. Gibsonen pertsonaietan oinarrituta, egun sistemaren aurka ordenagailuak erabiliz borrokatzen diren makina bat "hacker", "phreaker" eta "cypher punk" ari dira oraintxe lanean, sentimendu horrek kutsatuta.

Neuromancer eta Blade Runner
Genero honetako ezaugarriak ikusita, esan daiteke ziberpunk mugimenduaren lehendabiziko erakusgarria George Orwellen 1984 dela. Bitxia da, baina 1984 urtean bertan kaleratu zen genero honetako erreferentzia nagusitzat hartuta dagoen "Neuromancer" nobela. Ezaugarriak hartuta, sailkatze retroaktibo horretan batzuk Mary Shelley-ren "Frankenstein" laneraino doaz, denboran atzera, generoaren aztarnen bila.

Hala ere, erreferentziarik ezagunena pantailan du zientzia fikzioa eta nobela beltza biltzen dituen genero honek. Ridley Scott-en "Blade Runner" filma izan zen, dudarik gabe. Philip K. Dick-ek 1968an idatzitako "Do Androids Dream of Electric Sheep?" nobelan oinarritu zuen Scott-ek bere filma. Dick zendu zen urte berean, 1982an, estreinatu zen Blade Runner kultuko filma bihurtu da denbora baten ondoren, generoak irakurle-ikusleak irabazi ahala. Geroztik beste hainbat titulu egon dira zinemarako aproposa den genero honen baitan, Arnold Schwarzenegger-ek gorpuztutako "Terminator" edo iazko "Matrix" esaterako.


Gibson, Blade Runner eta beste batzuk
www.wsu.edu/~brians/science_fiction
Blade Runner
www.trussel.com/f_blade.htm
Neuromancer
www.cyberpunkproject.org/idb/neuromancer.html
Cyberpunk
www.lysator.liu.se/~unicorn/criticism/artif_men

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner