2000ko apirilak 8, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Undo.net, arte interaktiboa

Italiako arte digitalaren protagonisten topalekua sarean

Makina bat ideia, gauzapen eta arte adierazpen biltzen dira. Denek ezaugarri interaktiboa dute, sarean eta sarerako propio pentsatuta daude hemengo adierazpide guztiak. Bertako artistek Internetek duen interaktibotasunaren ezaugarri horri atarramendua nola atera dakiokeen pentsatzen emango dute, ziurrenik, denbora gehiena. Elkarrekintza da komunikabide berri honetatik UnDo.net domeinupean bildu diren artisten helburua eta, era berean, bitartekoa arte sorkuntzarako.

Artisten ataria dela ere esan izan da, UnDo webgune xumetik direktorio handi xamarra izatera iragan baita. Bere webmaster edo antolatzaile Emanuele Vecchiak programa bereziak garatu behar izan ditu multzo konplikatu horretan nolabaiteko oreka egon dadin. Proiektuen, gaien edo egileen arabera bila ditzakegu azpiatalak, azpikaldean Linux sistema alternatiboaren logotipoa harro erakusten duen hasierako orrialdetik abiatuta. Beraz, arte lana ere bada Bill Gatesen produktuak erabili gabe horrelako webgune modernoa sortzea.

Azpiatalak eta proiektuak oso ezberdinak dira, baina nonbaiten erreparatzearren Atmosfere bitxia aipa dezakegu. Munduko 12 hiritatik bidaia birtuala proposatzen digu. Hiri bakoitzean ibilbide batean gidari izango ditugu bertako artista batzuk, testuen, irudien, soinuen eta bideoen bidez haien lanen berri emango diguten cicerone-ak.

Beste atal batek Perché/? (zergatik) du izena. Bertan, aldizkari moldagarria aurkituko dugu. Bisitariak testuak berriketa batetik hartu eta bestera eraman ditzake eta webguneak, antzekoak diren hitzak biltzen dituen software berezi baten bidez, erreala dirudien asmatutako elkarrizketa batekin erantzungo digu.

OraxOra atalean egunerokotasuna aztertzen da teknologiari esker. UnDo-k hainbat artistari eskatu die egun arrunt baten bizimodua deskribatzeko. Bisitariak bera konektatu den orduari dagozkien gauzak ikus ditzake soilik, beraz, egunaren beste oren batean artistak zer egin ohi duen jakiteko orduantxe konektatu beharko du. Artista bakoitzaren biografia eta bestelako jakingarri batzuk ere eskura daitezke bertatik.

Emailart proiektuak ere 40 artista ezagutzeko parada ematen digu. Haien lanak bisitariak edozein laguni bidal diezaiokeen postal digital baten itxuran ageri dira. Alde egin aurretik bisitariak bere lorratza utz dezake mezuen galerian, irudien eta hitzen collage kolektiboa osatuz. Carta bianca espazioan, berriz, artisten ekarpenak galdatzen dituzte, zer egin daitekeen eta arte garaikidearen espazio berria nola antola daitekeen jakiteko.

Erreportaia interaktiboak
Baina dudarik gabe oihartzunik handiena izan duen atala Interactive Diaries izenekoa da, sarean era saretik kanpo osatzen delako. Erreportaiak Sarean pentsatu, kanpoan grabatu eta atzera sarean emitizen diren telebista benetan interaktiboa sortu dute UnDo-koek. Sarearen bidez «komunikazioaren ekoizpen prozesuan eragiteko modua» zela esan zuen UnDoko fundatzaile Vicenzo Chiarandak.

Madrilen Arco azoka ospatzen ari zela estreinatu zen Interactive Diaries erreportaia interaktibo mota berria. Azoka izan zen bitartean kolektibo honetako sei kide Madrilgo erakustoki erraldoian izan ziren. Internautek lan, artista edo egoera jakin bat ikustea eskatzen zuten eta haren mezua UnDo-ko kideen telefono mugikorrean agertzen zen atoan. Hauek, kamara digitala eskuetan zutela, eskatutakoa betetzen zuten, irudiak zuzenean sarera igorrita. Honen guztiaren ondorioa eguneroko digital bat izan zen. Egunen eta gaiaren arabera banatua, azokaren ikuspegi bitxia osatzen dute Internautek eskatutako irudien bildumek.

UnDo.net
http://www.undo.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner