2000ko otsailak 5, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Liburutegi birtualak

Liburuak bilatzeko modurik errazena etxean bertan dugu

Ikerketa bibliografikorako tresna baliagarria da ordenagailua. Liburutegien katalogoak ordenagailuetan sartuta edukitzea egundoko abantaila izan da azken urteotan. Are erosoagoa eta baliagarria da datu base horiek Interneterako egokitzea, nonahi gaudela ere, munduko hainbat liburutegitako katalogoetan bilaketak egin ahal izateko.

Iragan urtarrilaren 25ean Gallica 2000 aurkeztu zuen Frantziako Liburutegi Nazionalak (BNF). Egun sarean dagoen eskaintzarik handiena omen den honek 12 milioi orrialde eta 35.000 lan ditu sarearen bidez eskuragai, BNFko lehendakari Jean Pierre Angremyk aurkezpenean iragarri zuenez. Gallica 2000 hau, beraz, ez da katalogo edo datu base soila, edukiak ere Interneten ikusgai badirelako. Angremyren arabera, 1997an abiatutako proiektu honek «honelako zerbitzuen bilakaeraren azken urratsa» erakusten du, aplikazio grafiko berriekin eta «batik bat, oraino argitaratu gabeko milaka dokumentu iturrirekin». Aipatutako 35.000 lanei 45.000 irudi gehitu behar zaizkie eta, orotara, 10,67 milioi euro inbertitu dituzte proiektuan.

Gure artean, askoz txikiagoak izan arren, bada liburutegiak sareratzeko proiekturik. Bizkaiko Foru Liburutegiaren katalogo osoa aukera dago, Aldundiaren webgunearen baitan. Hala ere, gure nabigatzailearekin hara helduta, kontuz erreparatu beharko dugu aukera hau aurkitzeko. Badirudi aurkezpena eta ordutegiak baino ez daudela baina, alde egin baino lehen, ondoan biribil berdea duen "liburutegia" ikurran sakatzen badugu, liburutegiko katalogoetan bilaketak egiteko pantaila agertuko zaigu. Bertan bageunde legez, hango ordenagailuetan agertzen den pantaila bera ageriko da. Gipuzkoako Koldo Mitxelenan ere bilaketak egin daitezke, nahiko geldiro dabilen zerbitzarian.

Beste euskal liburutegirik ere badago sarean baina beste katalogorik sarean aurkitzeko EEBBetara –birtualki bederen– joan beharko dugu. Nevadako Reno hirian euskal liburuen bilduma ederra badute, Basque Studies Program sailan eta bertako katalogoan bilaketak egiteko modua ere ematen dute Interneten bidez.

Aipatzeko modukoak dira sarean diren beste hainbat liburutegi. Espainiako Liburutegi Nazionalak, beste hainbat informazio emateaz gain, Telnet-en bidez bilaketak egiteko aukera eskaintzen du. Egokitzapen falta honek erabiltzailea nahiko zaharkituta dagoen Telnet nabigazioa ezagutzera behartzen du, bai eta programak eskuratzera ere. Espainieraz aipagarriak dira ere Argentinakoa, Mexikokoa eta Txilekoa. Cervantes instituak ere aukera ematen du haren katalogo batzutan bilaketak egiteko. Espainiako CSIC ikerketarako institutuak ere haren liburutegi guztien katalogoa sarean du kontsultatzeko moduan. Munduan berriz, bere burua munduko handiena legez aurkezten duen EEBBetako kongresuko liburutegia dago. Bereziki herrialde horretako historiari erreparatzen diote, testu, irudi eta soinuz ondo hornituta. Datu baseetan berriz, EEBBetan publikatutako liburu guzti-guztien erreferentzia baduela diote bertan.


Bizkaiko Foru Liburutegia
www.bizkaia.net
Koldo Mitxelena
www.gipuzkoa.net/kultura/km/euskara/01biblie.htm
Basque Studies Library, Reno
www.library.unr.edu/~basqlib/index.html
ISBN datu basea Espainian
www.mcu.es/lab/libro/agencia90.html
Bibliotheque Nationale de France
www.bnf.fr
Biblioteca Nacional de Espańa
www.bne.es/
Munduko liburutegien aurkitegia
exlibris.usal.es/bibesp/
El Raton de Biblioteca
www.ciudadfutura.com/elraton/
Instituto Cervantes
www.cervantes.es/
CSIC-en liburutegien sarea
www.csic.es/cbic/cbic.htm
The library of Congress (EEBB)
www.loc.gov/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner