2000ko urtarrilak 8, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Lara Croft eta Shadowman

Kultura digitalaren protagonistak birtualak dira

Ez dira haragizkoak baina badute biografia bat, itxura fisikoa eta milioika jarraitzaile. Kultura digital berriak eman dituen pertsonaiak joko interaktiboetan aurki daitezke. Aintzinakoak liburuetan eta geroagokoak filmeetan sortu izan diren moduan, milurteko berrikoak ordenagailuetan, sarean eta joku interaktiboetan sortuko dira. Batzuk sortu dira jada eta, badaezpadan, komeni da beraiek ezagutzen hastea, orain arte erreferentziarik izan ez badugu bederen.

Abentura istorioak izaten dira normalean hauek bizi izaten dituztenak. Istorio osoak dira, estetikaren aldea ondo zaintzen duten istorio osoak. Istorio koralak, kulebroiak, kontakizun astunak... denetarik dago baina ohiko eskema odisea batena da. Egungo jokoak ez dira duela hamar urteko martiztarren joko haiek, ez eta testuz jositako rol joko aspergarriak. Imaginatu baino ikusi egiten dira dekoratu landuak, aukerak etengabe sortzen dira eta abiadura izugarria da. Honen atzean marrazkilari eta diseinatzaile askoren lan izugarria dago, gidoigileen eta informatikarien lanarekin konbinatzen dena. Egungo ordenagailuen abiadurak eta ahalmenak ahalbidetu dute fenomenoa. Baina interaktibotasuna dute ezaugarri nagusia, geuk gidatuko baitugu gure pertsonaia balizko milaka egoeratan zehar aukerak eginez.

Lara Croft eta Shadowman pertsonaia mota baten oso adibide ezberdinak dira. Masa fenomeno izugarria bihurtu da lehenengoa, benetazkoak atzean utzi dituen sex symbol birtuala. Indiana Jonesen antzera, abenturak bizi izaten ditu munduko paraje askotan, Tomb Rider serieko abenturetan. Hala, filme baten seriea balitz legez, bigarren kapitulua, hirugarrena eta beste asko agertu dira jada. Hain arrakastatsua izan denez, haragi bihurtzen saiatu dira modeloak jantziz eta inspirazioa izan da telebistarako. Pokémon jokoaren kasuan bezala, aurrerantzean ohitu beharko gara bideojokoetako pertsonaietan oinarritutako filmeak eta telesailak ikusten.

Izaera ere badute, oso markatua gainera. Lara Croft-en proportzioek, janzkerak eta haren ekintzek mito erotikoa bihurtu dute, eta interaktiboa izanik guk nahi duguna egingo du pertsonaiak, hori bai, pantailatik irten gabe.

Baina orain, beste muturrean, gizonezko lehiakidea atera zaio Larari. Gizonezkoa eta beltza dugu Shadowman misteriotsua. Larak generoaren –eta sexuaren– tabu bat apurtu zuen gizonezko pertsonaiak nagusi ziren bideojokoen munduan. Gauza bera egin du arrazaren aldekit azal beltzeko heroi honek. Hala ere, Tomb Rider-en ezaugarri batzuri kontra egitea nahita izan dela badirudi.

Larak ez bezala, Shadowmanek badu paperezko iraganik baina bit-etara pasatu ondoren lortu du arrakastarik handiena. Clark Kent-en antzera, Ingeles literatura irakaslea da bere bizitza pribatuan eta, hura Superman bihurtzen zen bezala, honek momenturik larrienetan zombi itxura hartzen du film interaktiboan.

Milurtekoaren amaieran girotuta, Apokalipsiaren hurbiltasuna somatzen da jokoan. Baina tira, jada egun gutxitan iragan mendekoa bilakatu zaigun jokoan geuk oraindik ikusi ez ditugun gauzak agertzen dira: hildako hiltzaileen gorpuak hilobietatik altxatuta, mundua lainopean geratzen da. Hori da gure heroiaren ibilbide gatazkatsua garatuko den eskenatokia. Vudu-aren poderioz Shadowman bihurtua aurre egin beharko die milaka areriori.

Eskenatoki birtual horien balio artistikoa ukaezina da, Bacon eta El Bosco-ren koadroetan inspiratuta eta Elliot-en olerkigintzan, Seven edo Erasehead filmen ezaugarriak ere baditu jokoak. Myst bezalako diseinu kalitate altuko bideojokoetan ere oinarritu dira egileak. Badakigu egungo artisten multzo gero eta handiagoa grafismoan eta ordenagailu bidezko animazioan aritzen direla eta honelako jokoak aterabide inportantea ari dira bihurtzen. Azken belaunaldiko makinek mugimendu azkar eta zehatzak egitea ahalbidetzen dute bideojokoak helduek gozatzeko moduan jarriz.

Tomb Rider
Ses meilleures images
http://www.captain-alban.com/galerielara.html
Lara's world
http://www.geocities.com/Hollywood/Location/2194/
Shadowman
http://www.acclaim.net/games/shadowman

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner