1999ko abenduak 4, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

NET artea

Webguneak artearen adierazpide moduan

Web nabigazioa Interneten zati bat baino ez da, beste batzuk e-posta, aldi bereko berriketaldiak edo berri taldeak dira. Nabigatzailea izeneko programaren bidez testuak eta irudiak ikuskatuz batetik bestera salto egiten dugu hiperloturen bidez. Gehienak informatiboak dira, baina testuak, irudiak eta soinuak konbinatzen dituzten neurrian badira estetikaren eta diseinuaren arabera era askotako webguneak. Artista batzuk web nabigaziorako erabiltzen den HTML lengoaiari ahalik eta atarramendurik handiena ateratzen saiatzen dira webgune bitxiak diseinatuz, Net.art edo web-art izena eman diote sorkuntza mota honi.

Nabigatzeko erabili ohi diren programek –Navigator eta Explorer dira ezagunenak– oinarrizko HTML lengoaiaz aparte gero eta bertsio berriagoak ulertzen dituzte, baliabide askoz ikusgarriagoak ahalbidetzen dituztenak. Hortaz, Web-art txukun batek Java lengoaia eta Shockwave teknologia erabiliko ditu.

Gure artean lagun gutxi dira honelako sorkuntza lana egiten dutenak. Bat aipatzearren Roberto Agirrezabala bizkaitarra dugu ezagunena. Iaz Nafarroako Bideo Jaialdian errebelazio saria jaso zuen Easyone webgunearengatik. Sarerako propio eginiko sorkuntza lan honek arrakasta itzela izan zuen eta, aurten, antzeko bidea erabili du what:you:get izeneko webgunea sortuta. Iazkoa bezala, bisitariak aukerak eginez bere bidea urratzen doan webgunea da, baina aurtengoa osatua da eta baliabide berria erabiltzen du: datu basea.

Webgunera sartuta, alegiazko bi pertsonaia aurkituko ditugu: aukerak eginez bien artean chat bidez egindako berriketaldiak aurkituko ditugu, batak besteari bidalitako mezuak eta beste hainbat gauza. Elkarrizketa eta komunikazioa lortzeko duten ezintasunak markatzen ditu bien arteko harremanak. Bitartean, bisitari bakoitzaren arrastoa ondo hartuko du webgunearen atzen dagoen datu baseak eta horren araberako webgunea aurkeztuko dio. Egilearen hitzetan, «berrosatutako soslaia da, izengabetasunaren jokoa, nortasun faltsuarena». Oso gustokoa du joko hori Agirrezabalak: «Chat-ean izengabea izatea nahiago dut, anbiguotasunak baztertuta. Inork nor naizen ez dakien arren, ez dut inoiz gezurrik esaten, oso erraza litzatekeen arren». Hortxe dago bere jokoa.

WYG honekin, Agirrezabalak Net_condition nazioarteko erakusketan esku hartu du. Erakustokia sarea izanik, aldi berean lau hiritan egin da erakusketa hau: Bartzelona, Karlsruhe, Graz eta Tokio. Bertan, beste artista batzuek ere euren web artelanak erakutsi dituzte eta sarean ikusgai dira denen lanok.

Baina beste helbide eta zerbitzari askotan ere biltzen da net artea. Mota honetako sorkuntza era pentsamendu garaikidea lotzen dituen zerbitzaria dugu Aleph. Bertan, Net-art eta e-shows ataletan web-erako sorkuntza digitalaren erakusgarri batzuk aurkituko ditugu. Honelako lanak egiten dituztenen webguneak ezartzeko doako lekua eskaintzen die Aleph-ek artistei.

Baina ez da horretara mugatzen Aleph. Borges, Cortazar, Beckett eta Duchamp sortzaileei gorazarre eginez sortu zuten bere egileek, asmo eta oinarrien adierazpen baten bidez. Gogoetarako eta ekintzabide telematikorako lekurik ere badu, baita arteari buruzko saio eta bestelako lan interesgarri zenbaitentzat ere. Pensamiento atalak aktibismoa eta desobedientzia bultzatzen du argiro, bertan aukeratutako artikuluak ikusita eta Eco izenekoak berriz eztabaida foro telematikoa izan nahi du.

Arteak, zentzu orokorragoan badu isla bat baino gehiago. Esaterako, W3 Art webguneak Espainian artea egiten duten egileen direktorio bat izan nahi du, oraindik osatzen ari bada ere.


Roberto Agirrezabalaga
http://www.adclick.es/whatyouget/
Easyone
http://web.jet.es/easyone
Net condition jaialdia
http://www.mecad.org/net_condition/
Aleph arts
http://aleph-arts.org
W3 Art
http://w3art.es/


Helbide gehiago
http://www.siruela.com/elpaseante/pag0501.html
http://www.telefonica.es/fat/futura/main.htm
http://www.connect-arte.com/netart/index.htm
http://www.iua.upf.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner