1999ko azaroak 6, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Liburutegirik handiena

Liburu asko doan eta osorik lor daitezke sarean

Alabaina, ez ditugu atomoetan aurkituko, bit-etan baizik. Patxadaz eta modu erosoan irakurtzeko paperezko liburuak baino ez daude, baina liburua formato digitalean lortzen badugu, e-postaren bidez edo webgune batetik hartuta, beste gauza batzuk egin ditzakegu harekin. Esaterako, eskolako lan baterako Quijote-tik nahi dugun zatia hartu eta gure testuan itsats dezakegu. Testuak inprimatzeko aukera ere beti dago, bilaketa azkarrak egin daitezke eta beste abantaila batzuk ere badira doan lor daitezkeen testu hauekin.

Munduko liburutegi publikorik handiena bihurtu zaigu Internet. Hizkuntza askotan eta egile zein estilo askotarikoak. Esaterako, ingelesez bada makina bat izenburu denen eskura, euskaraz oso material gutxi dagoen bitartean. Sareko bigarren hizkuntzak, gaztelaniak, baditu ere ordezkari dexente doako apalategi birtualetan.

Denetan proiektu erraldoi bi badira: Gutenberg proiektuak 10.000 liburu sarean jartzeko asmoa du 2001. urterako eta Cervantes institutua gaztelaniaz idatzitako 300 lanik garrantzitsuenak digitalizatzen ari da gauza bera egiteko. Hala ere, egileen eskubideak direla eta, ez dugu lan garaikide askorik aurkituko sarean. Normalean klasikoak izaten dira, eskubideak iraungirik izaten baitituzte haien lanek. Argitaratu gabeko egile ezezagunen lanak dira bigarren multzo nagusia sarean, paperean agertzeko nahikoa dirurik edo oraindik babeslerik aurkitu ez dutenen lanak.

Gure artean multzo nagusiaren ordezkari Peru Abarka-ren kasua dugu. Duela egun batzuk, eibar.org peoria edo lehendabiziko portal lokal euskaldunak online argitaratu zuen Mogelen lana osorik. Hala ere, hau ez da sarean jarritako lehen euskal klasikoa. Behintzat Axularren Gero liburua aspaldi sareratu zuen idazle haren izena daraman Gasteizko liburudendak.

Baina online jarritako lehendabiziko euskal idazlana ez zen klasiko bat izan, kontakizun porno bat baizik. Luis Fernandez kazetariak Etxepare Porno liburuan azaltzen duenez, Iruñeako sex shop batek antolatu lehiaketan saritutako Yann eta Lara, ipuina Linguae Vasconum Primitiae haren baliokide digitala izan zen, sareko lehen euskal idazlana. Sex shop haren webgunetik desagertu zen arren, Jalgi Hadi izeneko webgunean –izen aproposa, bai horixe– agertu da atzera, denek lan historiko hori goza dezagun.

Egungo aukera Susan
Bestalde, egun Susa argitaletxearen webgunean hamar liburu oso-osorik jaisteko aukera dago. Susaren katalogoan agortutako izenburuak dira, Aresti, Mirande, Itxaro Borda, Xabier Mendiguren, Pablo Sastre, Xabier Montoia eta beste hainbatenak. Gainera, argitaratu gabeko lan bi badaude osorik irakurtzeko moduan: Dana lanbrotute ikustot ikuskizunaren testuak eta Mikel Peruarenaren Poemak. Osorik dauden lan hauetaz gain, argitaletxeak katalogoan dituen 140tik gora liburuetatik zatiak irakur daitezke, Egileak, Bildumak edo Liburuak ataletan klik eginda.

Sarean nagusi diren ingelesa eta gaztelaniaren ondoan txikia da euskal lanen ekarpena. Txikia baina mundiala, Sarrionandiaren olerki bat bezala. Red Flag izeneko webgunean Iurretarraren olerki bat ageri da, Esklabu erremintaria, munduko hizkuntzarik bitxienetara itzulita. Webgune horretan ere, hainbat euskal poetaren lanen aukera irakur daiteke.

Baina beste hizkuntza askotan ere badira sareko maisulanak. Hildako hizkuntzetan, esaterako, latinezko Bibliotheca Augusta-k klasiko greziar eta latinoen lanak eskaintzen ditu, Eskilotik Boecioraino. Asmatutako esperanto hizkuntza beste muturra da, baina honetan ere badago lan mordoa Literaturo webgunean.


Shakespeare
http://www.shakespeare.uiuc.edu
Instituto Cervantes
http://www.cervantes.es
Gutenberg
http://www.gutenberg.net
Peru Abarka
http://www.eibar.org/materixala/peru
Axularren Gero
http://www.libropolis.com/axular/axular_eus.htm
Yann eta Lara
http://www.geocities.com/Athens/9299/jalgi.htm
Susa
http://www.susa-literatura.com
Olerkiak euskaraz
http://www.arrakis.es/~galdergl/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner