1999ko urriak 9, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Apalategi birtualak

Liburudenda telematikoen lehia bizia dago Interneten

Kontu bitxia da ditxosozko sarearena. Batetik, aldizkari, liburu eta egunkari askok atomoak baztertu eta bit-etan argitaratzen dira. Gainera, aditu zenbaitek iragartzen dutenez, liburuek laster paperaren euskarritik alde egin eta liburu-pantaila modukoetan irakurriko dira: testuak ordenagailutik kargatu eta liburua irakurri, liburua amaitu eta beste bat kargatu... Baina bestetik, Interneteko pantaila laukian negoziorik biribilena paperezko liburuak saltzea dugu, zelulosazkoak, betikoak.

Argi dago ordea benetako liburudenden xarma ez dutela haien ordezko birtual hauek. Ezin da liburua eskuetan hartu, usaindu, amaieratik zabaldu eta ikuskatu... Liburudenda zahar bateko giroa ezin izango du pantaila moderno batek ordezkatu, ezta errealitate birtualaren bidez ere. Baina salmenta birtual honetan negozioa badagoen seinale da azken aldiko liburuda birtualen sukarra.

Agiriko abantailak dituzte Interneten bidezko liburudendek. Lehendabizikoa erosotasuna da, dendarainoko eta dendarik dendako bidaiak aurrezten baititugu. Liburuak aurkitzea errazagoa da, liburudenda birtual guztiek gako-hitzen bidezko bilaketak egiteko tresnak badituztelako. Gainera, ohiko liburudenda batek baino askoz titulu gehiago dituzte katalogoan, milioika batzuetan. Beste abantaila bat liburuen salneurri merkeagoa izaten da, bidalketa gastuak gehitu behar bazaizkio ere, azpiegitura gasturik ez izateak (denda eta langileak) irabazien margena jaistea ahalbidetzen duelako.

Espainian Bol.com liburudendaren agerpenak oihartzun handia izan du. Izan ere, bultzatzaileak nortzuk diren ikusita azal daiteke zergatia, Planeta eta Bertelsmann bilduta liburu kopuru ederra baitute eta gainera dirutza ederra gastatu dute publizitatean. Sareko euskal liburudendarik handiena hegoaldeko hiriburuetako lau dendek elkarlanean ezarri dute Jalgi zerbitzarian. Megadendan milaka izenburu aurki daitezke jada online erosteko.

Baina munduan –hau da, EEBBetan– milioika titulu duten webgune bi ari dira une honetan lehia titanikoan nork bezero gehiago lortu eta zein baino zeinek titulu gehiago katalogoan eskaini. Amazon aitzindaria eta Barnes And Noble erraldoia. Jeff Bezosen eskutik abiatu zen Amazon negozio txikia zen hasieran, baina aitzindaria izateagatik lortu du arrakasta. Hori ikusita Barnes And Noble liburudenda kate erraldoiak egin du sarerako saltoa.

Baina benetan egundoko negozioa al da? Bada, epe laburrean liburudendak ezezik negozio birtual gehienak defizitarioak dira. Lehendabiziko pausuak negozioa ezagutaraztea eta merkatu kuota esaten diotena irabaztea da kontua, bezeroak alegia. Horretan, eta sistema informatikoak muntatzen gastatzen da diru gehiena hasieran. Ondoren, sistema berez doa eta irabaziak agertzen hasi behar dira, publizitatea ondo egin bada. Horixe izan zen hasieratik Bezosen estrategia. Ondoren, gehiago bildu dira lehiara eta egun talde editorial handi guztiek badute liburudendarik sarean.

Horrenbeste denda birtualen artean ez da harritzekoa DealPilot bezalako webguneak sortzea. Honek liburudenda birtual batzuren arteko konparaketa egiten dizu automatikoki, erosi nahi duzun liburua merkeen non topa daitekeen esanez. Demagun liburu baten atzetik gabiltzala. Bada, lehendabizi berau aurkitzen lagunduko digu. Esaterako, basque hitza sartuta, hitz horrekin lotutako liburuen hainbat erreferentzia eman dizkigu. Ondoren, guk bat aukeratu dugu, Robert Laxalt idazlearen The Land of My Fathers: A Son's Return to the Basque Country. Ondoren, konparaketa egin baino lehen, Espainian bizi garela eta kalkuloa pezetatan egiteko agindu diogu makinari. Berak, liburudenda birtual guztietan bilatu, prezioak eta bakoitzaren bidalketa gastuak kalkulatu eta... Horra emaitza! Aukerarik merkeena Ohioko BCY Book Loft-ek egiten du, 2.977 pezetan. Azkarrena Californiako Fatbrain-ek egiten du baina 7.071 pezeta kostako zaigu.

Bol.com
http://www.es.bol.com
Megadenda
http://www.jalgi.com/megadenda
Amazon
http://www.amazon.com/
Barnes And Noble
http://www.barnesandnoble.com/
DealPilot
http://www.dealpilot.com/
Beste batzuk
http://www.libropolis.com
http://www.papiros.es/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner