2002ko abenduak 14, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Espazio irudikatua

Literaturan inspirazio bila dabil zientzia

Gizaki batek ilargira eginiko lehendabiziko bidaia De la Terre ŕ la Lune eleberrian aurreratu zuen Jules Vernek. Arthur C. Clarkek MIR-en antzeko espazioko estazioak irudikatu zituen bere 2001, A Space Odyssey famatuan. Ray Bradburyk, Farenheit 451 eleberriko suhiltzaile piromanoez gain, The Martian Cronicles-en Martizeko ibilaldiak kontatu zituen NASAren Mars Pathfinder hara heldu aurretik.

Oraindik gauzatu ez diren asmakizunak ere aurreratu zituzten, Clarkek sentimenduak dituzten ordenagailuak aurreratu zituen, gizakion kontra matxinatzen direnak. Denok sentitu dugu noizbait hori gauzatzen zela, gure PCak erantzuten ez zuenean. Momentuz akats guztiak gizakiok programatzean eginikoak dira, baina baliteke etorkizunean ia gu bezainbat irrazionalak izatera heltzea, makinek japoniarrek kansei esaten diotena eskuratzea, izpiritua, alegia.

Baina kontua da, espazioari dagokionez, zientziak oraindik ez duela dena azaldu eta aukera guztiak zabalik daude, irudimena erabili behar da. Irudikatutako gauza asko errealitate bihurtu dira azkenik. Horregatik Europako Espazio Agentziak (ESA), hori oso kontutan hartu du eta literatura lehiaketa deitu du idazle irudimentsuak topatzeko eta zientzialarientzako ideiak lortzeko. Clarke-Bradbury Nazioarteko Zientzia Fikzio Lehiaketa deitu dute. Agentzia europarrak Innovative Technologies from Science Fiction for Space Applications (ITSF) programa sortu du, zientzia fikziotik jasotako teknologia berritzaileak espazioan aplikatzeko xede serioa duena. Haren itsf.org domeinuan aurki daitezke beronen gaineko jakingarri guztiak eta lehiaketaren arauak.

Lehiaketa 15 eta 30 urte bitarteko idazle gazteentzat da, 2003ko otsailaren 28a bitarte euren ipuinak bidal ditzaten. Gaia espazioko bidaia, explorazio edo koloniak izango dira eta testuok 2.500 hitzekoak izango dira gehienez. Gazteek irudimen handia dute eta, gainera, bihar-etziko gizartean idazle edo zientzialariak izango dira, agian eurek amestutako berrikuntzen onurak ikusi ahal izango dituzte.

Zientzialarientzat akuilua izan daitezke ideia eta proposamen berriok. «Zientzia fikzioak zientzialariek harridurarako ahalmena berreskura dezaten laguntzen du», Kurt Lancaster idazlearen aburuz, «gaia agortuta dagoela ematen duenean imaginazioa pizten laguntzen du».

Iaz ESAk zientzia fikziozko lehenengo lanen azterketa sakona egin zuen, liburuak ezezik margoak eta filmak aztertuz, bertako kontzeptu batzuk eta irudikatutako teknologiak egungo eta etorkizuneko proiektuetarako baliagarriak ziren ikusteko. Orotara, 250 kontzeptu baino gehiago jaso zituen agentziak eta haietako batzuk gauzatu ahal izango dira ikerlarien laguntzaz. Aurten, iazko ikerketa zabaldu nahi dute proposamen berriak jasoz.
Cyranok eta Vernek ilargirako bidaiak asmatu zituzten eta ondorengo egile batzuren imaginazioa errealitatea da egun. Gauzatu diren kontzeptu horien artean erregai likidodun koheteak, astronauten presiodun jantziak, estazio orbitalak, eguzki belauntziak eta satelite bidezko komunikazioak aipa daitezke.

Imaginazioak ez du mugarik eta zientziarek ikuspuntutik errakuntzak egon daitezke. Inoiz ez da ilargian Hilton hotelik egon, Clarkek imaginatu zuen arren. Martitz planetan ez dago Wells eta Bradburyren ametsetan ageri zen moduko gerrarik, ezta izaki berderik, noski. Baina literaturagatik izan ez balitz, ez ginateke espazioaren aroan egongo.

Lehiaketa
www.itsf.org
Europako Espazio Agentzia
sci.esa.int

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner