2002ko azaroak 16, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Badplayer eta beste

Net artea indarra hartzen ari da gurean

Multimedia sorkuntzak aurrerakada nabaria izan du azken urteotan. Etengabe artista eta lan berriak agertzen ari dira eta batzuetan sariak ere jasotzen dituzte hemengo sortzaileek. Roberto Agirrezabalaren kasua da, berriki euskal artista honen Badplayer proiektuak lan onenaren saria lortu baizuen urriaren 26an CanariasMediaFest 2002 Bideo eta Multimedia Nazioarteko Jaialdian, net.art atalean.

Agirrezabala lanean dabilen Bilboko adclick.es publizitate agentziakoek Sustatu.com albistegian idatzi dutenez, «Badplayer boterearen eginkizun eta itxurei buruzko egitasmo bat da, bertan erabiltzaileak espero ez duen egoera ezberdinekin topatzen da. Proiektua on-line joku bat izango balitz bezala azaltzen da eta partehartzailea etengabe inplikatu beharko da narrazioaren barruan mantentzeko eta kontakizunean aurrera jarraitzeko».

Jaialdiko webgunean egin dioten elkarrizketan iritzi interesgarriak botatzen ditu Agirrezabalak. Interes berezia du egungo arte adierazpenaren euskarri berrien bilaketan eta, ondorioz, «artea eta ez-artearen arteko mugaren ezabatzean, honek sarerako osagai berrien garapena dakar, artearen zirkuloetatik harago, irekiagoa eta aurreiritzirik gabekoa den Interneteko publikoarentzat zabalik». Publikoa zabalagoa den arren, euskal instituzioek ardura gutxi erakusten dutela uste du Agirrezabalak: «pintura, eskultura eta abarren ondoan, net artea erabat ahaztuta dute. Nire proiektuek harrera askoz hobea izan dute kanpoan»
Lehenago, what:you:get izeneko net art proiektuak izan zuen oihartzunik Espainiako multimedia sorkuntzaren zirkuloetan. Lan horrekin internautak nabigatzean sortzen dituen nortasun zeinuei erreparatzen zien Agirrezabalak, nabigazio jakin batek nortasun jakin bat adierazten baitu.

Baina ez da Agirrezabala euskal net artista bakarra. Jaialdi horretan beste euskal ordezkari batzuk izan dira net artea erakusten, ekainlab.net multimedia laborategiko BB Raul eta Raquel Meyers-ek eginiko Desert grows webgunea. Shockwave filmak dira, jaialdiaren webgunean azaltzen dutenez, «egunero barneratzen ditugun irudi-kodeen bidezko hausnarketa bat, erakusten zaigunaz harago pentsatzeak kartelez jositako horma horren bestaldean zer dagoen ikustera garamatza: dena jaten eta estaltzen duen desertu baten hedapena».

Ekain.net-en beste ekoizpen interesgarri batzuk ere aurki daitezke, adibidez, malenkoniari buruzko gogoeta den Apunte personal film interaktiboa euskaraz irakur dezakeguna edo Ciudad izenekoa, hiriaren antolaketa geometrikoari buruzkoa. Beste lan bat, Sex Botics, Artelekuren Di-da web lehiaketan aurkeztu zuten urte hasieran. Hain zuzen ere, lehenago aipatu izan dugu ekimen hori orrialde honetan, sarerako egiten diren arte adierazpenak biltzen dituena. Gogoratu baizik ez dugu egingo, beste batzuren artean ti-ta.net, e-judo eta beste web interesgarri batzuk daudela, artearen, diseinuaren eta informatika aplikazio interaktiboen sorkuntzaren artean mugitzen direnak.

Jaialdian beste euskal ordezkari batek ere jaso du aipamenik, net.art atalean izan ez bada ere. Iban del Campo Arrasatearrak, Elena Marí-rekin batera Con la bombona a cuestas lana aurkeztu zuen, etorkin familia baten eguneroko bizitzaren pasarteak erakusten dituen bideo dokumentala.

www.sustatu.com/1036051283
www.canariasmediafest.org
www.badplayer.com
www.whatyouget.net
www.ekainlab.net/desert
www.ti-ta.net
www.arteleku.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner