2000ko abenduak 6, Asteazkena | UNInet |

Buber: "Lan koordinatua behar dugu"

Bere webgunea euskal erreferentziarik osatuena izan da sarean

Ikasten ari zela sortu zuen luzaz sareko euskal erreferentzia nagusia izan den webgune pertsonala: Buber's Basque Page webgune aitzindaria. Ez zuen hori gogoan 1994an hainbat daturekin webgune xumea abian jarri zuenean.

Nolatan hasi zinen zure wegbunea egiten?
94an hasi nintzen, HTML lengoaia ikasteko ariketa moduan. Nire helburua ez zen Euskal Herriari buruzko webgune handi bat egitea, orrialde pertsonala eraiki nahi nuen baina zerbait bereizgarrirekin. Orduan euskal orrialde askorik ez zegoenez, nire euskara eskoletatik hartutako gauza batzuk jarri nituen, ikastaro batean izan bainintzen Donostian 91-92 aldean. Baina ordutik hasi nintzen jendeak bidalitako artikuluak biltzen eta webgunea hazi zen.

Lan handia eman dizu?
Hasieran uste baino gehiago hazten ari zen eta orduan nolabait lana antolatu behar nuela pentsatu nuen. Horrek lan handia eman zidan. Hasieran ez nekien nola egin webgune eleanitza baina egun ez zait gehiegi kostatzen berau gobernatzea.

Hain famatua bihurtuko zenik imaginatu zenuen?
Inondik inora ere ez. Baina euren arbasoei buruzko jakinmin handia duen jende asko dago EEBBetan eta sarean ez dago ingelesez euskal kulturari buruzko informazio askorik. Uste dut hori dela nire webgunea hain famatua bilakatzearen arrazoia. Badaude historiari eta politikari buruzko liburu batzuk baina orokorregiak dira eta jendeak baserriko ohiko bizitza, kristo aurreko sinismenak eta horrelako gauzak ezagutu nahi ditu.

Horrenbeste informazio biltzeko nola egin duzu?
Gehiena beste lagun batzuek bidaltzen dute. Argentinan, Kolonbian eta beste lekuetan euskaldunen arrastoa segitu duten jendeak dira. Euskal Herritik ere informazioa bidaltzen didate historiari, kulturari eta euskarari buruz. Entziklopedietatik eta beste zenbait iturritatik ere hartu dut informazioa.

Euskaldun asko ezagutu dituzu?
Bai, webguneari esker asko ezagutu ditut, bai Euskal Herrikoak zein diasporakoak: EEBB, Argentina, Mexiko, Australia eta beste hainbat lekutakoak.

Zuri ere baliagarria gertatu zaizu?
Bai, Euskal Herria hobeto ezagutzeko. Uste dut egungo egoeraren zergatien ideia osatuagoa daukadala orain. Kultura, historia eta beste guztia ere hobeto ezagutzen dut eta diasporako euskalduak beste herrialdeetan nola bizi diren hobeto dakit orain.

Askok ezagutu dute Euskal Herria zuri esker?
Askorentzat den-dena da berria, ideiarik ere ez dutelako. Euren abizena webgunean aurkitzen dute eta harritzen dira euskal abizena dela jakitean Orduan Euskal Herrira joan behar direla diote. Badira beste batzuk, agian abizena euskalduna dela pentsatzen dutenak baina deus gehiagorik ez dakitenak. Orduan webgunea aurkitzen dute sarean eta honek lehendabiziko datuak ematen dizkie.

Zein da EEBBetan Basque hitzari buruz dagoen kontzeptua?
Gehienek ez dakite gauza handirik. Edo euskaldunak artzainak zirela eta ardietan adituak direla —txantxa asko daude euskaldunak eta ardiak direla eta— dakite, edo ETAri buruz entzun dute. Esaterako, moreover.com-en basque jarrita albisteak bilatuz gero, gehiena ETAri buruz da. Hala, jendeak ez daki kulturari buruzko ezer eta berau zaindu behar dela. Nire webguneak euskal kulturaren eta hizkuntzaren edertasunaz zerbait irakatsiko dien esperantza dut.

Azken aldi honetan, buber.net berria zabaltzeaz gain, euskal genealogiari buruzko zerrenda bat zabaldu duzu.
Bai, eztabaida zerrenda da, euren jatorriari buruzko datuak nahi dituzte bisitari askok eta zerrenda honekin horrelako gauzak eztabaidatzea nahi dut, jendeak galdetzea eta zerrendako jakintsuek erantzutea. Galdera guztiak, hala ere, ezin izango ditu erantzun, zeren eta batzuek dena jakin nahi dute.

Euskal diasporarentzat tresna egokia da sarea?
Dudarik gabe, bai. Honela informazio gehiago biltzen da, komunikazio handiagoa dago, jendeak gehiago ikasten du eta euskal mundua gaurkotasunez bizitzen dute.

Bost urte hauetan nola baloratzen duzu gure herriaren presentzia bertan?
Emendatu da baina asko falta du oraindik. Euskal herri guztiak sarean egon beharko lirateke eta Eusko Jaurlaritzak hori lagundu beharko luke, diasporako euskal klubak lagundu dituen moduan. Argitalpenak sareratzen ere lagundu beharko luke. Orohar, euskal presentziaren hurrengo faseak jente askoren lan koordinatua eskatuko du, presentzia handiagoa eta koerenteagoa osatzeko. Informazio gehiago jarri behar da hizkuntza garrantzitsu guztietan: euskara, ingelesa, frantsesa eta espainiera. Agian jada horretan ibiliko dira euskal unibertsitateren batean edo, hala nahi nuke behintzat. Nik lagundu nahi nuke, edo behintzat jakinaren gainean egotea, lanak ez errepikatzearren.

Dakizunez, zure izena jarri dute euskal webguneen sariketa bati. Zer deritzozu?
Bai, galdetu zidaten ea Buber izena erabil zezaketen eta niretzat ohorea da, nire webgunea erabilgarria eta garrantzitsua dela adierazten dit.


Buber
www.buber.net
Euskal genealogia
www.egroups.com/group/basque-genealogy
Buber Sariak
www.cybereuskadi.com


Euskal internauta "amerikanoa"

Euskal internautarik famatuena "amerikanoa" dugu. Blas Pedro Uberuagak euskara gutxi daki, Donostian urtebeteko egonaldia egin zuenekoa, baina nahikoa daki webguneko bisitariei bere abizena hotsprings bezala itzultzeko. Aita Munitibartik artzain joan zen EEBBetara eta ama ere euskal jatorrikoa du. Fisikaria da eta berriki ikasketak amaituta, Nuevo Mexicoko Santa Fe hirian lana topatu du.

Gurera bueltatzea momentuz ez du ostertzean Buberrek, baina egunen batean aitarekin itzultzeko asmoa du "bere begietako Euskal Herria ikustera". Haren gazte denborako goraintziak berak ere "aitaren begien bidez" ezagutzeko gogo bizia du.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner