2000ko azaroak 22, Asteazkena | UNInet |
Zazpi domeinu mota berri
Interneteko gobernuak zazpi domeinu izen berri sortzea erabaki du
Sareko jauregi zuriak, ICANN erakundeak, zazpi izen berri sortzea erabaki du, Interneteko izenekin dagoen itolarria lasatzeko. Iragan astean, hilaren 13tik 16ra Interneteko gobernua bildu zen Californiako Marina del Rey herrian. Besteak beste, domeinu izenen gaineko erabakiak hartzen ditu ICANNek eta horregatik euskaldun askoren interesa pizten duen gaia berau. Ordea, euskal domeinuaren gainean hitz bat bera ere ez dute egin sareko diputatu hauek.
Californiako bileran goi mailako zazpi domeinu izen berri sortzea erabaki du erakundeak. Herrialde bakoitzari dagozkionak eta EEBBetako gobernuari dagozkion .gov eta .edu kenduta, nazioartean hiru goi mailako akabera dute domeinu izenek: .com, .net eta .org. Goi mailako domeinu izen generiko horiei zazpi hauek gehituko zaizkie aurrerantzean: .biz, .museum, .pro, .corp, .info, .aero eta .name. Hurrenez hurren, negozioak, museoak, profesionalen webguneak, informazioguneak, bidaia agentziak eta webgune pertsonalak izendatzeko erabiliko dira aipatu domeinuak.
Goi mailako domeinu berriak sortzearen arrazoia sarearen hazkundea da. Jada 20 milioi .com helbide daude esaterako, eta izen arrunt gehienak hartuta daude aspalditxoan, laburrenak batez ere.
Herrialdeentzako domeinu izenen gainean, aldiz, IANA erakundeak proposatzen ditu herrialdeei egokitu behar zaizkien izenak. Egia esan, IANAk tramite hutsa egiten du erakunde legez, domeinu propioa zeinek merezi duen eta zeinek ez erabakitzeko Alemaniako DIN institutu famatuaren ISO 3166 zerrenda erabiltzen du eskuak garbituz. "Ez da gure zeregina herrialdea zein den eta zein ez den erabakitzea, ISO 3166 zerrenda aukeratu genuen, jakinik ISOk baduela bertan zeintzuk agertu behar diren erabakitzeko prozedura bat". Oso aldagaitzak dira ISOren eskakizunak domeinu izen bat erdiesteko: irla bat edo fisikoki banatutako lurraldea izan beharra du lurralde horrek. Metropoliaren edo bere menpe duen estatuaren baimena ere beharrezkoa da lurralde horri domeinua ezagut dakion.
Lehenago .ct domeinuaren aldeko kanpaina abian jarri zuen Amadeu Abril kataluniarra ICANNeko elite horretako kidea da aspalditxoan eta berak salatu duenez, "Network Solutions enpresak eta SAIC agentziak kontrolatzen dute erakundea. SAIC Pentagonoko eta CIAko militar ohiek osatutako agentzia da, Washington izugarrizko boterea duena".
Euskal domeinua
Badirudi, beraz, Euskal Herriaren kasuan hori lortzea ezinezkoa dela. Hala ere, hori ez da beti horrela, Ekialdeko Timor Indonesiaren okupaziopean zegoela eman baitzioten .tp domeinua. Bestalde, aipatu dugu beste batzuetan Faroe irlek ere badutela euren domeinua.
Herrialdeei dagozkien domeinu izenak bi letretakoak dira, .es edo .fr kasu. Baina gure herriaren kasuan arazoak daude domeinu hori zein behar lukeen erabakitzeko. Bi hitzez osatutako herrialdeen izenetan hitz bakoitzetik lehendabiziko hizkia hartu ohi da. Beraz, gure kasuan .eh domeinua izan behar luke. Baina .eh hori jada emanda dago, egunen batean Mendebaldeko Saharari egokituko zaio, "bertako egoera politikoa egonkortzen denean", IANAren esanetan. Hori gertatzen denean, normalean lehen hitzaren bi hizkiak hartzen dira, Frantziako .fr kasu.
Hala, gure kasuan .eu behar luke eta hemen beste arazo batekin egingo dugu topo. Europar Batasunak eskatu du .eu domeinua bere webguneak ezberdintzeko. IANAk oraindik ez dio hori baimendu, ISO 3166 zerrendan Europa ez dagoelako. Horrek huts egiten badu, hurrengo aukera lehen eta hirugarren hitza hartzea ei da. Gure kasuan .es litzateke eta hori Espainiari dagokiona da, hain zuzen. Hurrengo aukera .ek izango litzateke, bide horretatik jarraituta.
Normalean, domeinuak tokian tokiko hizkuntzetan hartzen dira, baina baliteke ingelesez hartzea. Gure kasuan Basque Country izango litzateke hori eta domeinuak .bc, .ba edo .bs lirateke. Baina .ba Bosnia Herzegovinak dauka hartuta eta agian .ba Kolunbia Britaniarrak eska lezake berarentzako. Edozein kasutan ez da erraza aukeratzea.
ICANN
www.icann.org
IANA
www.iana.org
LABURRAK
Euskal zerrendak
EuskaraZ eztabaida zerrendan agertu denez, antzeko eztabaida zerrendak sortzeari ekin diote euskal internauta zenbaitek, gai zehatzagoen gainean. Hala, euskarabatua zerrenda sortu dute euskara batuari buruz jarduteko, euskara_irakatsi izenekoa euskara irakasleentzat eta euskaldunberriak zerrenda euskara ikasi berri dutenentzat.
Foro telematikoak
www.egroups.com/group/hiztegientziklopedikoa
www.egroups.com/group/euskara_irakatsi
www.egroups.com/group/euskaldunberriak
www.egroups.com/group/euskarabatua
www.egroups.com/group/euskarairakasleak
Konekta Zaitez
Eguberritarako ordenagailu bat erosiz gero, 45.000 pezeta merkeago kostatuko zaie EAEko biztanleei. Eusko Jaurlaritzak onartu duen Konekta Zaitez ekimenari esker, 25.000 pezetako dirulaguntza jasoko dute Internetera konektatzeko ordenagailu berria erosten duten herritarrek. Zenbait aurrezki erakundetan finantzabidea eskatuz gero, beste 20.000 pezeta aurrez ditzake erosle bakoitzak. Argi dago beraz aurten gabonetako erosketetan ordenagailuek lehentasuna izango dutela.
Eusko Jaurlaritza
www.euskadi.net