2000ko azaroak 15, Asteazkena | UNInet |

RTMark, ziberaktibismoa eta umore garratza

Aldarrikapen politikoa umorearekin nahasten duen kolektiboa

Subertsio lan mingarria izan daiteke Interneten norbaiten parodia egitea. Haren trapu zaharrak denen aurrean eskegitzeko modu hoberik ez dago. Sareak ematen duen izengabetasuna profitatuz egiten dute askok, baina beste batzuek talde baten izenean hartzen dute ekintzon aitatasuna. Ezagunena rMark izenarekin aritzen den EEBBetako ziberekintzaileen taldea da.

RTMark-eko kideek aldi berean aktibistak eta artistak dira, artibistak beraz. Euren tresnak webguneen diseinua eta e-postaren bidezko kanpainak dira eta euren parodien biktimak korporazio handiak eta politikariak dira. Korporazio handien harrokeriaren aurka aritzen diren arren, RTMark bera korporazio bezala eratu dute. Paradoja eman dezake honek baina eurek diotenez, euren buruak babesteko egin dute: "korporazioek erantzukizun mugatua dute. Horrek zera esan nahi du, gure sabotaia ekintzen ondorioengatik taldeko kide banakooi ez zaigula ezer gertatuko". Taktika hori balio izan zaie korporazioen arduragabekeria eta sistemak korporazioen jokabidea faboretzen duela agerian uzteko.

Korporazio guztien xedea onura, diru onura den bitartean, bertako akzioak erosten dituztenei kultur onura eskaintzen die RTMark-ek. Ekintzek komunikabideetan izan duten oihartzuna erabiltzen dute enpresaren arrakasta neurtzeko. Egun, denek puntucom enpresekin aberastu nahi dutenean, dirua galtzeko egina dagoen enpresa sortu dute, dirua oihartzun mediatiko bihurtzeko hobe esan. Euren nortasun indibidualei uko eginda, RTMark enpresaren irudi korporatiboa eraiki dute eta nahiko famatua bihurtu da dagoeneko.

Funtsean, kanpainei dagokienez, enpresaren funtzionamendua honelakoxea da: Norbaitek kanpaina bat proposatzen du, esaterako, korporazio baten aurka. Arrazoiak emanez, kanpainak zer eta nola nabarmendu behar duen proposatzen du. Inbertitzaileek, kanpaina irudimentsua bada eta xedea euren aburuz lagundu behar bada, dirua inbertituko dute eta kanpaina aurrera aterako da. Jendea eta dirua lortzen ez den bitartean kanpaina ez da abiatuko, eta horrelako egoeran daude RTMark-en kanpaina asko.

Webgunearen hasierako orrialdean taldeak egin dituen edo egiten ari den kanpainen zerrenda luzea dago, zein baino zein originalagoa eta ikusgarriagoa. Lau hizkiz bereiztuta daude kanpainak eta bakoitza sakatuta, zein urratsetan dagoen azalduko digute.

Hainbat taldek motibazio politiko argirik ez izatea leporatu dien bitartean, eurek EEBBetan egun aldarrikapen politikoak egiteko dagoen modurik onena umorea eta ironia dela diote. Ezker tradizionalaren diskurtso serioa erabiliz oso gaitza omen da inor zureganatzea EEBBetan, baina erradikaltasunaren estigma hori gaindi daiteke kritika politikoa umorearekin nahasita badoa.

Webgune xelebreak
Euren arrakasta mediatikoen zerrenda azken aldian puri-purian izan den gai batekin has dezakegu: EEBBetako hauteskundeetan hautagai izan den George Bush erridikuluan uzten duen webgunea aurki dezakegu gwbush.com domeinuan. Bertan, Bushen benetako orrialdearen antz handia duen webgunean, benetako irudiak ageri dira: Bush jai batean erabat mozkor eginda edo bere sudurrean hatzamarrarekin lanean ari dela ikus daiteke. Haren deklaraziorik polemikoenen bilduma ederra ere topa daiteke bertan. Honekin lotuta, jendearen botoa salgai jartzen duen webgunea ere rMark-en lana da: nork bere botoa eskain dezake, hautagaiek enkantean eros dezakete eta azkenean denak pozik. Eskandaluak webgunearen itxiera ekarri du, hauteskunden batzordearen aginduz.

Beste ekintza famatu bat Popotla mexikar herrikoa izan zen. Herrixka horretan Titanic filmaren pasarte batzuk filmatu zituzten. Untziaren ondoratzea irudikatzeko izugarrizko ur ontziak eraki zituzten hondartzaren erdian. Herritarrentzat hondartza ixteaz gain, ura ere kutxatu zuten ontzi erraldoitik zetozen filtrazioekin. Popotlarrek ontziak inguratzen zituen orma zaborrez apaindu zuten protesta moduan. rTMark-ekoak Ars Electronica jaialdian epaimahaian zeudela jakin zuten Titanic-entzat izango zela animazioaren saria. Erantzun moduan Popotlatarrei beste sari bat eman zieten eta ez bertara aurkeztu ziren filmei. Webgunean bertan badira talde honek eginiko lan gehiago.


RTMark
www.rtmark.com
Gezurrezko webak
www.gatt.org/homewto.html
www.gwbush.com
Botoak salgai
www.voteauction.com


LABURRAK


Argitaletxeak.com
Bilboko Desclee argitaletxeak webgunea berritu du, hainbat material ikusgai eta salgai jarrita. Bertan, haur eta gazte literatura, mikoleta bilduma eta Euskaltzaindiaren hiztegia daude, online katalogoan. Hau izan da bere katalogoa sarean jarri duen azkeneko argitaletxea, baina joera hori geldiezina da, Internet liburuak saltzeko baina batez ere katalogoak erakusteko leku aproposa dela ikusi baitute liburu saltzaileek. Lehenago Txalaparta argitaletxeak eta ondoren Susak eta Elkarlanean izan dira euren katalogoa online jarri duten argitaletxeetako batzuk.

www.desclee.com
www.txalaparta.com
www.elkarlanean.com
www.susa-literatura.com

Berbaizu.net
Deustuko Berbaizu euskara elkarteak webgunea jarri du elkartearen berri emateko. Bertan, euskarak Deustuan duen egoera, elkartearen lan ildoak eta lantaldeak aurkezten ditu Berbaizuk. Helbidea behin behinekoa da Berbaizukoek EuskaraZ posta zerrendan adierazi dutenez.

Berbaizu
www.euskalnet.net/ceberis
EuskaraZ
www.egroups.com/group/euskara

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner