2000ko azaroak 8, Asteazkena | UNInet |

Simo 2000, sarearen erakustokia

Madrilen egunotan egiten ari den azokak Internet du gai nagusia

Bulegorako materialaren gaineko feria legez hasi zenak ez du, egun, haren izena besterik gordetzen. Aurten, SIMOk 40 urte beteko dituen honetan, antolatzaileek 260.000 bisitari baino gehiago espero dituzte eta erakusleak 800 inguru izango dira. Horrek feria honen garrantziaren neurria ematen digu: Madrilgoa munduko bosgarren feriarik garrantzitsuena da eta Europako hirugarrena, Hannovereko CeBit eta Milango Smau-ren atzetik. Atzo zabaldu zen SIMO eta igandera arte iraungo du Juan Carlos I parkean.

Azoka honek telekomunikazioak, informatika, softwarea, multimedia eta Internet arloak biltzen ditu. Denak elkarrekin lotutako adarrak dira, baina sarearekin lotutakoari erreparatu beharko diogu bereziki. SIMOk berak berebiziko garrantzia ematen dio sareari eta hori 30 mintzaldien egutegia ikusita nabarmentzen da: hitzaldi gehienak merkataritza elektronikoa eta enpresa txiki zein ertainen sareratzea izanen dute hizpide. Jardunaldi teknikoek berriz, gai hauei ezezik sareko edukiei eta konektibitateari erreparatuko diete ere.

Jardunaldi tekniko zein hitzaldiak bisitari etekin gehiago atera diezaiogun pentsatuta daude, baina mugimendurik handiena pabilioietako stand-etan izango da, aparailu berriak eta erakustaldiak ikusten. Sareari dagokionez, pil-pilean dagoen gaia dugu banda zabalera. Etxeko konexioetarako banda zabalaren eskari gero eta handiagoa dago eta hori telelanaren eragina da. IDCren txosten baten arabera, lan egiteko modu honek hazkundea izango du, jende askok nahiago baitu etxetik ez ateratzea lana telematikoki egin ahal badu. Familia enpresa txikiak ere sortzen ari dira eta fenomeno hori banda zabalera handiko tarifa lauarekin lotuta ageri da, esaterako, ADSL edo kable bidezko konexio ona dagoen lekuetan.

Bestalde, hainbat atari eta webgune aurkeztuko dira SIMOn. Esaterako, SGAEren Portal Latino-k (portalatino.com) kultura anitzeko gune bezala aurkeztuko du bere burua, itxura multikultural hori emango dioten jaima marokoar batzuetan. Anbiente mestizo horretan Ameriketako eta Espainiako artista anitzek esku hartuko dute haien musika bildu nahi dituen atarian. Hala ere, multikulturaltasunaren esanahi partikular horretan ez da sartzen gaztelania ez den beste hizkuntzarik.

Atzean banku eta telefonia enpresa handiak dituzten atariak han izango dira, denek antzekoak dituzten ustezko ezaugarri bereziak aurkezten. Han izango dira Terra, Canal 21, EresMas, Jumpy, Ya, Navegalia eta internauta hasberriek bisitatzen dituzten web horiek guztiak. Bertan egoteko dirutza ez dutenak ez dira izango baina ez dira web edukiak SIMOko gauzarik azpimarragarriena, konexio azkarrak, teknologia aurrerakuntzak, hardwarea eta softwarea baizik.

Azokaren inguruan sortuko den giroak izango du inguruotan oihartzunik, Madrilera hurbilduko diren milaka lagunentzat denetariko gauzak izango baitira. Esaterako, chueca.com gay eta lesbianen atariak SIMO Gay jaia antolatuko du horren zuzura.

Madrilgo feria horren aitzakiak balio digu gogoeta pixkat egiteko, telematikaren gaia hartuta azken aldian egiten ari diren feria eta topaguneei buruz. Duela bi aste Internet World Fall 2000 erraldoia izan zen New Yorken, mundu hispanoaren presentzia urriarekin. Iraila amaieran berriz, Barcelonan, gero eta arrakastatsuagoa den ExpoInternet 2000 izan zen.

Bilboko porrota
Gurean aldiz, sekulako porrota izan zen Internet gai nagusi hartuta, Bilbon duela hilabete ospatutako Futurcom Euskadi azoka. Oso erakustoki gutxi zeuden eta zeudenak oso txikiak eta urriak ziren. Bisitariak ere oso gutxi izan ziren, gehienak ondoko Ingeniarien eskolako ikasleak. @Euskadi buletineko Jose Antonio Del Moral kazetariaren arabera, antolatzaileak Madrildik etorri izanak ekarri zuen porrota eta berton Euskaltel eta Telefonicaren artean dagoen lehiak eragin zuen bigarrena ez bertaratzea. Erakusleek sektore honek Euskal Herrian duen garapen eskasari eta dotcom edo sareko enpresek bizi duten finantza krisiari ere egotzi zioten porrotaren erantzukizuna.

SIMO
www.simo.ifema.es
Futurcom Euskadi
www.cadvisionsl.com/futurcom

LABURRAK

Euskal Hotmail-a
Jalgi atariak eta EGUNKARIAk web-aren bidezko doako posta elektroniko zerbitzua eskaintzen hasi dira. Hotmail, Mixmail eta besteen antzerako zerbitzua lor daiteke euskalerria.org domeinuan (h-rik gabe). Bertan izena emanda, edonork lor dezake bereizena@euskalerria.org gisako helbide bat doan.

Helbidea lortzeko
www.euskalerria.org


Abizenak.net
Aurrean aipatutako zerbitzuaren antzekoa dugu hau. Zerbitzua euskaraz izan ez arren, nork bere abizenarekin posta helbide itxurosoa lor dezake Nameplanet zerbitzuari esker, enpresa honek hainbat domeinu izen erosi eta web posta zerbitzua abian jarri baitu. Abizen euskaldun dexente dira hauen artean. Guk batzuk aurkitu ditugu baina gehiago ere badira, asko euskal grafiarekin idatziak. Hala nola echevarria.as, etxebarria.net, goikoetxea.com, arriaga, zabala.as, garmendia.net, agirre.com, etxeberria.net, arrieta.net, jauregi.net

Abizena bilatu
www.nameplanet.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner