2000ko azaroak 1, Asteazkena | UNInet |

Tarifa konkorduna

Egun osokoa ez izateaz gain zerbitzua kaxkarra dela diote internautek

Abiadura motela eta konexioan sarri etenak izaten direla salatu dute tarifa laua izenarekin salgai diren zerbitzuak hartu dituzten milaka internautek. Telefono linea arrunta eta ISDN erabiltzen duten erabiltzaile hauek ezezik, eurenean ADSL instalatzea lortu duen gutxiengoa ere ez dago batere pozik.

Espainiako gobernuak hauteskundeetan iragarritako tarifa laua lau intxaur bilakatu da praktikara eramandakoan. Ekainean tarifa laua hain laua ez zela izango jakin genuen, egun osoa ez baitu hartzen. Horregatik hainbat erabiltzaile hasi dira tarifa ondulatua edo matutano tarifa deitzen, 3.000 bat pezetaren truke soilik bulego orduetatik kanpo nabigatzea ahalbidetzen digun zerbitzuari.

Arratsalde zein gauean zenbatgura nabiga daiteke, baina oso kalitate eskaseko konexioarekin internautek salatzen dutenez. Asociacion de Internautas elkartearen webgunean milaka mezu jaso dituzte zerbitzu hauengatik protesta egiteko. Elkarteko presidente Victor Domingok udagoien mugitua iragarri du mobilizazioei dagokienez eta, bitartean gobernuarekin, Telefonicarekin eta beste hornitzaileekin bilerak egingo dituzte arazoak konpontzeko.

Hiru lehentasun ditu elkarteak: jada 200.000 lagunek hartu duten tarifa lauaren kalitatea, ADSL zerbitzuarena eta nekazal guneetan bizi diren askok Internetera sartzeko duten ezintasuna. Tarifa lauari dagokionez, kexuen %30ek konexioan etenak salatzen dituzte, %21ek bezeroari arreta zerbitzu txarra eta %17k abiadura motela.

Telebistako hainbat iragarkitan ikusi dugun ONOren kable bidezko zerbitzua ez zaigu heltzen, EAEn Euskaltelek oraindik zerbitzu hori ez du eskaintzen ezta Retevisionek Nafarroan eskaintzen duen tarifa laua. Hortaz, aukerak murritzagoak dira EAEn. Eguneko 24 orduetarako tarifa laua Retevision-EresMas eta Wanadoo enpresek eskaintzen dute 9.900 pezetaren truke Hego Euskal Herrian. Arratsaldeko seietatik goizeko zortzietara doan Matutano tarifari dagokionez, Retevision EresMas-ena 2.600 pezetan da, Wanadoorena 2.500 pezetan, Terra-rena 2.750 pezetan, Arrakis-ena 2.750 pezetan eta Jumpy-rena 2.600 pezetan, guztiak BEZ gehitu barik.
ADSL infernua
Bestalde, oso gune zehatzetan eskaintzen den ADSL zerbitzua lortzea oso zaila da. Hasteko, gure telefonoa zerbitzu hori eskaintzen duten Telefonicaren zentralita bakanetako batera konektatuta egon behar da eta horiek normalean hiriburuak baino ez dira. Gainera, zentralitatik hiru kilometro baino gutxiagoko distantzia egon behar du. Gero, ADSL zerbitzua eskatu ondoren izugarri berandutzen da instalazioa. Informazio hau sinatzen duenak uztailaren 11n eskatu zuen ADSL zerbitzua eta oraindik ez diote jarri, Telefonicaren barne eraketako akatsak direla eta. Zerbitzua instalatu ondoren ere etenak eta abiadura motela dira erabiltzaileen kexurik ohikoena.

Internauten elkartea
www.internautas.org


AMARAUNA: DESOBEDIENTZIA


ENA eta desobedienteak sarean daude

Euskal Nortasuna taldeak duen webgunean ENAren gaineko informazioa aurki dezakegu eta eskabidea orria bertan lor dezakegu. Gaurkotasun handia hartu du ENAk urriaren 6ko atxiloketez gero. Bestetik, agiri hau bere burua identifikatzeko erabili zuen gaztearen epaia komunikabideetan agertu ondoren berriz auzitara eraman izanak hautsak harrotu ditu ENAren inguruan. ENAren gaineko informazioa aurki dezakegu euskaraz ENA Taldeak duen webgunean. Bertan aurkituko ditugu agiri honen gaineko jakingarri guztiak eta eskabide orria inprimatzeko aukera izango dugu.

ENA taldeaz gain, egunotan Garzonek desobedientzia zibila bultzatzearen akusaziopean atxilotu dituen lagunek lan egiten duten elkarteek badituzte euren webguneak. Bai Euskal Herriari, Joxemi Zumalabe Fundazioak eta Autodeterminazioaren Biltzarrak taldeek, bakoitzak berea du.

ENA
www.geocities.com/enataldea
Bai Euskal Herriari
www.baieuskalherriari.org
Joxemi Zumalabe Fundazioa
www.joxemi.org
ABK
www.euskalnet.net/abkgune

LABURRAK


Dejanews kinkan
Dejanews zerbitzuaren jarraipena zalantzan dago, berau beste enpresa batek erosi berri duelako. Berri taldeetako mezuak bilatzeko tresna oso erabilgarria eta erabilia izan da Dejanews 1995ean sortu zenetik. Dejanewsek Useneteko berri taldeetako mezu guztiak gorde eta web interfazerako egokitzen ditu. Bere bilatzailea erabiliz, bost urte hauetan foro horietara bidalitako edozein mezu aurki dezakegu eta gure nabigatzailearen pantailan ikusi.

Deja.com
www.deja.com


Irrati digitala
Gaurtik aurrera entzungai izango da lehendabiziko euskal irrati emisora digitala. Sarean Irratia du izena eta uhinetan barik sarean emitituko du bere programazioa euskaraz planeta osorako. Zuzeneko emanaldiak zein grabatutako irratsaioak aurkituko ditugu bertan eta, gainera, hainbat euskal irratiren saioak entzuteko aukera izango dugu bertan. Bestalde, Sarean Irratiak zazpi musika kanal izango ditu, eguneko 24 orduak Euskal Herrian eginiko musika mota ezberdinak eskaintzen: nobedadeak, folk-a, reggae-ska, trikitixa, musika elektronikoa eta beste batzuk.

Sarean Irratia
www.irratia.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner