2000ko urriak 25, Asteazkena | UNInet |
Domeinuak epaitegian
Barcelona.com aferaren epaiak ondorioak izan ditzake beste kasu askotan
Nazioarteko Jabego Intelektualaren Erakundeak (WIPO) barcelona.com domeinua bere jabeari kendu eta Bartzelonako Udalari ematea ebatzi zuen abuztuaren 4an. Erabaki hori eskandalugarria eta onartezina izan da aditu gehienen iritziz, bidea ematen baitu ehunka domeinu izen komertzialen desjabetzerako.
Domeinu izen horrekin orain arte Bartzelonari buruzko informazioa eman duen atari-gida komertziala desagertuko da erabaki hori indarrean jarriz gero. Hala ere, WIPOren erabakia auzitara eraman daiteke eta horixe egingo dute barcelona.com atariko kudeatzaileek.
WIPOk berarentzat urrezko araua izan dena apurtu du erabaki bitxi honekin, izan ere, inorenak ez diren izen geografikoen gainean euren negozio birtuala eraiki duten webguneak milaka dira. Gutxi batzuk aipatzearren, amazon.com, italy.com, paisvasco.com edo spain.com. Webgune komertzialetarako dira .com domeinuak eta, beraz, edonork har dezake edozein izen, jada erregistraturik dagoen marka komertzial batena hartzen ez duen bitartean. Kasu horretan markaren jabeak bere izena lapurtu diotela salatzen badu, normalki WIPOk arrazoia emango dio. Are gehiago, domeinua hartu duenaren asmoa haren irudia kaltetzea denean edo berari dirutza baten truke saltzea denean. Hori gertatu da berriki metrobilbao.com domeinuarekin. Beste auzi famatu bat madonna.com domeinuarena izan da. Webgune porno batek erregistratua zuen eta WIPOk berriz amerikar kantariari eman behar zaiola dio.
Adituen iritziz barcelona.com kasuko erabakiak ez du ez hankarik, ez bururik. Hala, sareko arauetan aditua den Ottawako unibertsitateko Michael Geist katedradunaren arabera, erabiltzaileek .com helbide bat udaleko webgune ofizialarekin nahastuko luketeen argudioa "tontakeria bat" da. "Edozein kasutan pentsatzekoa da helbide ofiziala barcelona.es izatea eta ez .com". Geist-en ustez Bartzelonako Udalak bahitu nahi izan du domeinua. Baina udal erakundeak duen ezjakintasunaren erakusle, auzi horretan sartuta egon den bitartean ayuntamientodebarcelona.com domeinua hartu du internauta batek eta ajuntamentdebarcelona.com beste batek.
Domeinu izenen eskuliburuaren egile Ellen Rony-ren aburuz, EEBBetan Barcelona izenarekin erregistratuta dauden 11 enpresetako edozeinek izango luke udalak baino "eskubide gehiago" domeinu hori eskatzeko. Barcelona.com atariko arduradunek elkartasuna eskatzeko kanpainia abian jarri dute eta jada domeinu izenen jabeen elkarteko Karl E. Petersek elkarteak barcelona.com aferaren defentsa bere gain hartuko duela iragarri du.
Euskal domeinuak
Baina WIPOren azken erabaki honek zalantzan jarri ditu hainbat euskal domeinu izenen egonkortasuna. Urriaren 4ko @Euskadi buletinak baieztatzen duenez, euskadi.net domeinuaren jabe den Eusko Jaurlaritzaren izenean "Euskaltel enpresak euskadi.com eta basquecountry.com domeinu izenen jabeei galdatu die domeinuak bere esku uzteko". Gu aipatu bi domeinuetako jabeekin kontaktuan jarri gara eta informazio hori ezeztatu digu euskadi.com-eko arduradunak. Egia izanez gero, arazoa izango litzateke Eusko Jaurlaritzarentzat hainbat domeinu berari dagozkiola argudiatzea, Lapurdiko enpresa batek hartua duen paysbasque.com esaterako.
Gure datuen arabera, euskal-herria.com domeinua Zaragozako enpresa batek hartua du eta basque.com EEBBetako Robert Basque jaunari dagokio. Horrelako arrazoibideetatik abiatuta harrapaturik geldi daiteke Jaurlaritza, berak hartuta dituen domeinuei dagokienez. Izan ere, bera gobernuz kanpoko erakundea ez den arren basque.org izena hartua du.
Euskaltelek, berriz, hobe luke bere domeinuengatik kezkatzea, euskaltel.com eta euskaltel.org, hurrenez hurren Donostiako eta Bilboko bizilagun partikular bik hartuta baitituzte. Euskalnet.com izena berriz, Vesatec enpresaren izenean dago. Vesatec Maki eta Angeloso famatuek sorturiko enpresa da, besteak beste Telefonicaren aurkako timofonica.com webgunearen sustatzailea. Beste hainbat domeinu izen ezagun hartuta ditu Vesatec-ek, colacao.com, lavanguardia.com, halcon-viajes.com eta ciberpais.com kasu.
WIPO
www.wipo.org
Barcelona
www.barcelona.com
LABURRAK
Hernani digitala
Hernaniko Kronika egunkariaren bertsio digitala sarean aurki dezakegu. Internetek duen saturazioan haize freskoa dakar informazio gutxi baina eremu lokalekoa izateak. Egunero herriaren gaineko informazio freskoa aurki dezakete bertan zein kanpoan bizi diren hernaniarrek. Dobera euskara elkarteak argitaratzen duen eguneroko hau ez da Hernanik ziberespazioan duen ordezkari bakarra. Informazio gehiago dago Argiaren Sareko Hernani sailan eta herriari buruzko webgune ez ofizialean.
Hernani, ez ofiziala
Gehitu taldea
Donostian homosexualen arteko harremanak sustatzeko helburuz duela hiru urte sortu zen Gehitu elkarteak webgunea zabaldu du sarean. Bertan, elkartearen gaineko informazioaz gain, harreman telematikoetarako kontaktu guneak eta eztabaida foroak ipini ditu. Konfidentzialtasuna bermatzen duen tresna hau oso baliagarria izan daiteke hiri berberan dauden jendeak elkartzeko.