2000ko urriak 18, Asteazkena | UNInet |

Napster berriak

Musika artxiboen truke librea geldiezina da

Napster-en aurka egunotan egiten ari den epaiketak zalantzan jarri du zerbitzua baina internautek ez dute zertan larritu. Musika artxiboen truke librea ahalbidetzen duen programa arrakastatsua desagertzen bada ere, badira haren lekukoa hartuko duten programa batzuk. Zentsuraren aurka hobeto prestaturik daude Gnutella eta Freenet.

Musikaren industriak eraman du Napster auzitegira, Napster MP3 musika artxiboak trukatzeko sistema baita. Baina truke libre hau ez da zertan mugatu behar MP3 artxiboetara. Musikaz gainera, bideoak eta irudiak elkarrekin trukatzeko sistemak dira Wrapster eta Imesh, Napster-en sistema berberan oinarrituta.

Scour-ek antzeko sistema bat erabiltzen du, baina horri webguneetan eta zerbitzarietan dauden abestiak eskuratzeko dohaia gehitzen dio, bilaketa robot baten bidez. Gainera, musikaz gain bideoak ere eskura daitezke Scour-en bidez. Hala ere, Scour kinkan dago, hainbat salaketa ditu eta langile batzuk kaleratu ditu azken aldian.

Sistema hauetan guztietan artxiboen trukea konputagailu batetik bestera egiten da, baina Napster-erako konexioa, sarera sartzeko eta bilaketak egiteko, gure makinatik Napster zerbitzarirakoa da. Berau erabiltzen dugunean, lehendabizi haren zerbitzarira konektatzen gara, honek sarbidea emango digu eta betan bilaketak egiten utziko digu. Bilatzaile bat bailitzan edo, hobeto esan, chat zerbitzaria bailitzan, Napster zerbitzariak zentralizatzen du informazioa. Berak daki zeintzuk dauden konektaturik une jakin batean eta berak emango digu informazioa bilaketa bat egitean.

Gnutellan, aldiz, erabiltzaile bakoitza beste erabiltzaile batzurekin konektatzen da eta hauek besteei pasatzen diete berria. Sare moduko antolaketa da, beraz, ez radiala. Ez dago botere zentralik eta beraz sistema osoa deskonektatzeko edo blokatzeko modurik.

Freenet-i buruz aritu ginen apirila aldean. Ez da artxiboak trukatzeko programa bat, sarea ulertzeko modu berria baizik. Bere sortzaile Ian Clarkek dioenez, Gnutella baino hobea eta malguagoa da Freenet. Akaso arrazoia izango du gazte irlandarrak, baina Freenet gehienbat sare izengabea eraikitzeko saioa da, non parte hartzaile bakoitza zerbitzari bihurtzen den. Artxiboak trukatu besterik egin nahi ez duten rabiltzaile arruntontzat Gnutella da aukerarik onena. Hala ere, aditu batzuek diotenez, Gnutellaren sareak egonkortasun arazoak ditu eta hori arazo handia bihurtuko da Napster-en 30 milioi erabiltzaileak bertara migratzea erabakitzen dutenean.

NAPSTER
www.napster.com
IMESH
www.imesh.com
FREENET
freenet.sourceforge.net
GNUTELLA
gnutella.wego.com
homepage.mac.com/macgnutella
SCOUR
www. scour.com


AMARAUNA: ES DOMEINUA

Euskal domeinuaren kontrako webgunea

Webgune batean "banaezina den .es domeinuaren defentsa" egiten du internauta izengabe batek. Egileak dioenez, "azken aldi honetan, euren eskualdeko muturreko nazionalistak diren zenbait espainiar protestaka ari dira Interneten, nahi baitute gure herrialde osoaren adierazle den .es domeinua erregio bakoitzean beste domeinu izen batek ordezkatzea". Stop Nazionalismo izeneko webring-eko kide den webgune honek planteatzen duenez, pertsona hauek "fanatikoak" dira, "ez baitira gai Espainiako kulturen aniztasuna modu bateratuan ulertzeko". Bere iritziz, Euskal Herriarentzat, Galiziarentzat eta Kataluniarentzat hurrenez hurren .eh, .gz eta .ct domeinuak eskatzen dituztenek "euren komunitate autonomoa nazio batekin nahasten dute".

Egilearen iritziz, eskakizun horiei ez zaie kasurik egin behar, egongo ez balira bezala jokatu behar da, "beraietaz paso egin". Gainera helburu horiek lortzea "guztiz ezinezkoa" denez, bere webgunea bera beharrezkoa ez dela dio egileak. Hala ere, ez du azaltzen, gauzak horrela, zertarako egin duen webgunea.

Bestalde, bertan aipatzen diren webguneek ez dute aparteko aktibitaterik izan azken aldi honetan. Haietan osatuena Kataluniakoa da eta Galiziarrenean kanpainarekin bat egin duten hainbaten izenak ageri dira, Manuel Fraga barne. Kaxkarrena, berriz, EH domeinua eskatzen zuena dugu, saretik guztiz desagertuta baitago aspalditxoan.

.es banaezina
www.geocities.com/Athens/Sparta/7469
Euskal domeinua
www.ehdomeinua.org
.ct kataluniarentzat
www.domini-ct.org
Galizia
www.arnal.es/puntoga

LABURRAK


Online Euskaltegia
Euskara online ikas daiteke Santurtziko Udal Euskaltegiaren eskutik. Bertako arduradun Jose Miguel Arnaizek EuskaraZ zerrendan jakinarazi duenez, iragan urtean abian jarri zuten Gela Irekia izeneko proiektuaren bidez, eskola telematikoak jaso daitezke: "Dagoeneko baditugu Alemania, Argentina, Mexiko, Islandia eta toki gehiagotako ikasleak", dio Arnaizek.

Santurtziko euskaltegia
www.santurtzieus.com


Euskal Selekzioa
Euskal selekzioaren aldeko webgunea ezarri dute Geocities-en. Hasierako orrialdean euskal selekzioak aipatzen badira ere, bakarrik futbol selekzioaren gainekoa da webgunea. Bertan, euskal selekzioaren historia, argazkiak, partiden emaitzak, goleatzaileak, estatistikak eta prentsan agertutako albiste batzuk ageri dira. ESAITen web ofizial baten faltan, itxura txukuna du webgune txiki honek.

Selekzioaren alde
www.geocities.com/euskal_selekzioa

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner