2000ko urriak 11, Asteazkena | UNInet |

Herrixka anti-globala

Mundializazioaren aurkako mugimenduak sarea du tresna nagusi

Interneteko paradoxa dugu hau: globalizazioaren aurkako mugimenduak mundu osoan hedatua dagoen Internet sarea erabiltzen du bere burua antolatzeko. Mundializazioari aurre egiteko mundu mailan eragiten hasi dira. Komunikazioaren alorrean, Marshal Mc Luhanek deskribatzen zuen herrixka globalaren adierazpenik argiena Internet dugu.

Oraintsu arte zera esaten zen: "pentsatu globalki, eragin eremu lokalean". Globalki ere eragiteko tenorea heldu zen Seattlen eta Washingtonen. Posta elektroniko zerrenda batzuk eta webgune gutxi batzuk nahikoa izan ziren milaka lagun koordinatzeko eta haien aktibismo telematikoa aktibatzeko. Fisikoki ere elkartzeko aukera izan zuten Seattlen eta oraintsu Pragan ere sekulako indarra erakutsi dute, FMIren eta munduko bankuaren gailurra zapuzteraino helduz, eta indar hori sarean hartu dute dudarik gabe.

Seattlekoaz geroztik globalizazioaren aurkako mugimenduak sarera saltoa egin dutela esan izan da baina ez da hori egia, hasieratik egon baitira mugimendu antagonistak, libertarioak eta orohar alternatiboak sarearen eraikuntzan. Milurte berriko ezker berria sarean jaio dela ere esan dute batzuek baina tira, dena dela, egia da bankuak, portalak eta pelotazoaren sukarra baino askoz ere lehenagotik dabiltzala aktibista telematikoak sarean lanean.

Mundu mailan GRM edo Global Resistance Movement bezala ezagutzen da uhin erraldoi hau Seattletik hona hazi eta hobeto antolatu da. Bertan sindikalistak, ekologistak, auzokideen elkarteak eta ezker alternatiboa osatzen duen multzo heterogeneo batek esku hartzen du antolaketa horizontal batean.

Euskal Herrian Pragako mobida zela eta gauza handirik egon ez den arren, Frantzian eta Espainian webgune batzuek aktibitate handia izan dute jendea Pragarantz bidaltzeko. Lagun horietako asko bai, hemengoak ziren, ezaguna baita euskaldunok kalean azaltzeko dugun joera, sarean ez azaltzeko dugun bezainbatekoa dela.

Madrilgo Sindominio webguneak joera autonomo eta libertarioko hainbat kolektibori euren webguneak ipintzeko ostatu birtuala eta posta eskaintzeaz gain, Pragarako bidaia eta bertako ekintzak aldez aurretik prestatzen egon den atal bat osatu zuen. Gainera, bertan ACP berri agentzia irekia dago, non bakoitzak nahi duen informazioa sartzen duen eta besteek bidalitakoa jasotzen duen inoren baimenik eskatu barik. Frantzian ATTAC mugimendua nabarmendu da Pragako lanari dagokionez eta jada hainbat herrialdetara zabaldu da bankuen etekina beharrizan sozialetara bideratu nahi duen mugimendu hau.

Mundializazioa zer den
Mundializazioa eta haren ondorioak azaltzen dituzten makina bat leku daude ziberespazioan: ekonomiaren mundializazioak langileen eskubideei, herrialde pobretuei eta gutxiengo etniko eta kulturalei dakarkien kaltea. Eztabaida foro eta Chat berriketa gune batzuetan egin beharreko ekintzak adosteko eztabaidak izan dira gailurra baino lehen.

Beste webgune batzuetan mobilizazioetan oso adituak ez direnentzako aholkuak aurki zitezken, Txekiako mugak igarotzeko aholkuak eta manifestazioetan egin behar diren gauzen zerrenda bat: "Taldetik ez aldendu , kolpeei ez erantzun, esposatua izanez gero lurrean etzan, abokatuen telefonoak buruz ikasi" eta beste batzuk.

Sarearen arrakasta honek poliziei eta gobernuei zer pentsatu eman dio egunotan, baina adituen arabera globalizazioaren kontrako uhin hau hazi egingo da ezinbestean, nazioarte mailako protestaldiak ugarituko dira Interneti esker.

FMI

Munduko Bankua

Sindominio

GRM Madril

ATTAC

Indymedia Praga

Posta zerrenda bat

Zer den globalizazioa

Pragako mobidaren weba

Manifestarientzako aholkuak


LABURRAK

Analfabeto digitalak

Laster sarerako sarbiderik ez izateak edo Internet erabiltzen ez jakiteak egun idazten edo irakurtzen ez jakitea den parekoa izango da. Hala jakinarazi zuen iragan astean Gartner Group ikerketa talde ospetsuko zuzendari Michel Fleisherek,
taldeak egin duen ikerketa baten emaitzak azaltzean. Ezjakintasun maila horren parekoa izango da 2005. urterako guztiz offline egoteak. Egun EEBBetako etxebizitzen erdiak sarerako sarbidea du eta ordurako, %75ek izatea espero dute. "Ekonomia berrian ezjakin funtzionalak izango diren 50 milioi estatubatuarren etorkizuna biziki kezkagarria da", adierazi zuen Fleisherrek.

Gartner Group


Atxilotuak Nafarroan
Iragan astean Espainiako egunkari batek zabaldu zuenez, irailaren 25ean Nafarroako bi gazte atxilotu zituen Goardia Zibilak Interneten segurtasun indar horren aurkako buletin bat zabaltzeagatik. Alde Hemendik buletin horrek Bakaikun paperean zabaltzen zenaren izen bera zuen arren, Altsasuko berriak erakusten zituen. Sareko agerkarian behintzat ez zen ez polizien matrikularik, ez izenik ezta helbiderik ere ematen.

Alde Hemendik!

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner