2000ko urriak 4, Asteazkena | UNInet |
Euskaldun bat Yang-en gortean
Xabier Etxebeste, Yahoo Espaņa-ko Zuzendari Nagusia: "Sarearen bidez tamainuaren diferentzia minimizatzeko aukera dugu"
Yahoo! bilatzaile famatuak Madrilen duen ordezkaririk garrantzitsuena Nafarra dugu. Xabier Etxebeste Iruinsemea euskalduna dugu, San Fermin ikastolan hazitakoa. Iragan astean Bilbon izan zen, EITBrekin euskal komunikabide publikoen hainbat eduki yahoo.es webgunearen bidez zabaltzea ahalbidetuko duen akordioa sinatzeko.
Donostian enpresa ikasi ondoren graduondoko ikasketak EEBBetan egin zituen Etxebestek. Beraz, negozioen mundutik sartu da sarera, baina ez pelotazo-aren edozein enpresatan: Interneten aitzindaria den eta aldi berean oso ikuspegi gaztea eta berritzailea duen Yahoon oso gustora ikusten zaio.
Enpresatik sarera alde handia dago?
Ekonomia klasikoaren oso bestelako profila du Internetek: emakume eta kazetari asko daude sarearekin lotutako enpresak zuzentzen. Nire gainean dagoena emakumezkoa da eta haren gainekoa ere bai. Hala ere, ekonomia klasikotik gero eta jende gehiago ari da sartzen orain sarean, eta hor bai, gero eta ekonomista gehiago sartzen ari da, ni neu kasu. Ingeniariak betidanik egon dira Interneten, sarea garatzeko beharrezkoak dira eta. Bestetik, teknikoki konpetenteak diren kazetariak asko baloratzen dira.
Espainian jendeak yahoo.es-era jotzen du?
Zorionez, Espainian .com-ek sekulako arrakasta izan du hasieratik eta horrek lagundu gaitu .es atera dugunean jendea erakartzeko. Gu Yahoo.com-en atzetik gabiltza, sekulako eskaintza zabala eta berritzailea duelako. Baina azken hilabeteotan gurea asko handitu da eta ondorioz trafikoa ere bai.
Zein da Yahooren bereizgarria?
Beste bilatzaileetan bilaketa robotak daude eta makinek antolatutako direktorioak. Guk aldiz, bilatzaile-robota eta gizakiek banan-banan sailkatutako direktorioa konbinatzen ditugu. Hala, bilaketa bat eginez gero emaitza gutxiago izango dira baina zehatzagoak. Hori da jendeak nahiago duena.
Egun, posible litzateke tamainako ideia originalik sortzea?
Noski baietz, dudarik gabe. Nahikoa dugu gogoratzea nola sortu zen Napster duela hilabete batzuk. Abestiak MP3 formatoan ordenagailutik ordenagailura trukatzeko zerbitzua 19 urteko mutil batek sortu eta musikaren industria hankaz gora jarri du.
Ideiek galdu dute gerra burtsaren menean?
Ez, ez dut uste. Gertatzen da Espainiako estatuan, zoritxarrez edo zorionez, Interneteko ekimen gehienak ekonomia klasikoko enpresek menperatzen dituztela, baina ez da horrela gertatzen munduan zehar.
Zer leku izan behar dute euskarazko eta gutxitutako hizkuntzetako edukiek sarean?
Egundoko aukera dute. Sarea desintermediazio eraketa bat da, gutxiengoei indarra emateko sekulako ahalmena du. Euskarak, Euskal Herriak orohar, aukera handia dauka sarearen bidez tamainuaren diferentzia minimizatzeko. Finlandiarrak dira egun sareko nagusiak eta 10 milioi pertsona baino gutxiago dira.
Euskal direktorioa sortzeko asmoa aipatu zenuen duela urtebete. Zer gertatu da asmo horrekin?
Asmoa ba dago, bai, baina alde batetik webguneen kopuru bat behar du eta bestetik interes komertzialik ez du egun, egia esan. Baina guk aukera ez dagoen lekuan aukera sortu behar dugu eta hori da gure erronka, hemen sortzen diren iniziatiba guztiei ahalik eta hedapenik handiena ematen.
"Tamaina handiko enpresa txiki bat"
Yahoo! Interneteko izenik ezagunena da. Bilatzaileetan aitzindaria izan zena bi gaztek jarri zuten abian 1994an, Yerry Yang-ek eta David Filo-k. Orduko ideia iraultzaileak oso xinplea irudituko litzaiguke egun: orduan askoz txikia zen sarean nabigatzen ordu dexente eman ostean, euren gustoko helbideak atalka sailkatu eta webgune batean jarri zituzten, beste internautei orientabidea emateko. Horrela sortu zen Interneteko lehen bilatzailea.
Baina hemen enpresek duten ikuspegi serio tradizionaletik aldendu nahi izan du hasiera-hasieratik Yahook. Etxebestek ere ez du batere gustoko argazkietan gorbatarekin azaltzea. EEBBetan errazagoa litzateke, enpresa zuzendarien artean onartuta baitago Interneteko aitzindari aberatsak bilera batera kamisetarekin azaltzea, nortasun indartsu eta gaztearen irudia ematen baitu.
"Internet pentsamoldearen" beste erakusgarri bat ematen ahalegindu zitzaigun Xabier, Yahoo enpresa handia denik ukatuz. "Ez gara enpresa handi bat, tamaina handiko enpresa txikia baizik". Iaz 61.000 milioi irabazi zituen enpresa txiki honek jakin du bere bidea eredu independiente batekin egiten eta AOL-Time Warner eta Terra-Lycos bezalako batuketek ez dute jarrera horretatik atera: "Ez dugu erosi aditza gustoko", dio Xabier Etxebestek. Besteak erosiz enpresa erraldoia sortzea baino, haiekin akordioak eginez malgutasuna nahiago du Yahook, Interneteko merkatu aldakorraren bilakaerara egokitzeko. Momentuz, emaitza ona ekarri dio jokabide horrek.
LABURRAK
EITB Yahoon
Albiste nagusian aipatu dugun akordioaren arabera, EITBren zenbait eduki Yahooren webgunean agertuko dira eta horrek ikusle gehiagorengana heltzea ekarriko die euskal edukiei. Yahoon aurkitu ahal izango diren edukiak Canal Vasco-ren Noticias para America albistegia, ETBko kirolak eta Euskadi Gaztea irratiaren Top Gaztea, asteroko bost abestirik onenen aukera.
Laburren lehiaketa
Minutu eta erdiko film laburren lehiaketa antolatu du Hispavista atariak. Laburren gaia edozein izan daiteke eta lanak VHS bideozinta batean edo digitalizatuta igorri daitezke, CD-ROM edo diskete batean, Hispavistaren Donostiako egoitzara. Lanak bidaltzeko epea abenduaren 29a artekoa da, baina urriaren 16rako jasotako bideo guztiak lehiaketaren webgunean jarriko dituzte ikusgai. Epaimahai batek 150.000 pezetako lehenengo saria emango du eta gainontzeko sariak bisitarien botoek erabakiko dituzte.