2000ko irailak 27, Asteazkena | UNInet |

Domeinuen sukarra

Izenak erregistratzearen negozioa eta joko zikina

Izana lortzeko izena edukitzea ezinbestekoa egiten den mundua da Internet. Kalitate pixkat duen negozio edo erakunde orok bere domeinu izen propioarekin jalgi nahi du sarera, baina askok, eurena hartzerakoan ustekabea hartzen dute bere izena beste norbaitek hartua duelako.

InterNICen izen baten erregistroa ordaintzen duen lehenak hartzen du izena sarean. Hori gertatu zitzaion Bill Gates handiari 14 urteko mutiko batek windows95.com izena kendu zionean eta gauza bera gertatu zaio beste hainbati ordutik hona. Baina azken hilabeteotan, erregistroen merketzearekin batera, benetako sukarra bihurtu da eta egunero milaka izen berri hartzen dituzte. Libre dauden izenak agortzen ari dira, .com, .net eta .org hizkiekin amaitzen diren generikoak batik bat.

Goi mailako izen generiko horietako bat erregistratzea inoiz baino merkeagoa da. Duela urtebete, bakarrik bi urterako har zitekeen izen bat, 75 dolar ordainduta. Geroago urtebeterako erregistroa agertu zen eta ondoren prezioen jaitsiera. Adibidez, egun, frantziako gandi.net erregistroaren bidez, 11 dolarren truke har daiteke goi mailako domeinu izen generiko bat (.com, .net edo .org) urtebeterako. Horrek, eta sarearen etengabeko hazkundeak, izen libreen eskasia ekarri dute.

Euskal domeinuekin adibide bitxiak aurkituko ditugu. Domeinuak mundu mailakoak izanik eta hiruzpalau hizkiko izenak ia denak hartuta daudenez, gerta liteke hemengo edozein elkarte edo erakundek izen bera duen beste batek hartua egotea. Esaterako, aek.org eta aek.com Austriako egunkari batena eta Greziako futbol talde batenak dira, hurrenez hurren. Gerediagak durangokoazoka.com erregistratu izanaren arrazoia izan daiteke durango.com EEBBetako herri batek hartua zuela. Adibide gehiago: ela.org ez da euskal sindikatuarena, Ethel Louis Armstrong fundazioarena baizik. Eta agian pentsa genezakeen vasca.org domeinuak gurekin zerikusirik izango zuela. Ez horixe! Voluntary Association for Senior Citizens Activities elkartearena da. Euskal Herriarekin inolako zerikusirik ez dute gara.com, basque.com eta dozenaka beste adibidek.

Baina domeinu generikoez gain badira herrialdeak adierazten dutenak. Haietako batzuk, Mikronesiako .fm eta Tuvaluko .tv kasu, irratiak eta telebistak izendatzeko hartzen dituzte. Herrialde batzuetako domeinu izen bat hartzeko ez da aparteko arazorik izaten. Adibidez, Alemaniako .de domeinu bat erregistratzeak hamar bat minutu kenduko dizkigu. Aldiz, Espainiako .es izen bat hartu nahi badugu, izen hori elkarteen edo enpresen erregistroan ere gurea dela egiaztatu behar dugu eta prozesua hiru hilabeteraino luza daiteke.

Beste kasu bitxi batzuk herrialdeetan euren izena hartu nahi izan duten enpresa handienak izan dira. Yahook Suedian ezin izan zuen bere izena hartu, hitz hori oso ohikoa baita bertan eta hartuta zegoelako. Gauza bera gertatu zaio ebay.com enkanteen etxe handiari Espainiako erregistroan, ebay.es izena kremailerak egiten dituen Igorreko enpresa txiki batek hartua duelako.

Baina dirua duenak beti du domeinua beste bati erostea. Batzuk zuzenean erosten dira eta beste batzuk enkanteetan erosi behar dira. Ehunka domeinu eskaintzen dira zernahi gairen gainekoak: uralita.com, nadie.net eta beste hainbat. Enkante birtualak egiten dituen webgune batean eusko.com eta arzalluz.com aurki daitezke. Berauek saldu eta euren buruak aberasteko helburuekin hartu dituzte espainiako internauta batzuek. Hemendik at erregistratuta daude euskara.com eta euskalherria.com ere bai.

Erregistroen saturazioa eta okupazioa ekiditeko, domeinuen izenak kudeatzen dituen ICANN erakundea aspalditik ari da iragartzen goi mailako domeinu izen berriak aterako direla aurki. Domeinu izen berriak .firm, .shop eta .bank kasu, jarduerak zehazkiago ezberdintzeko balioko dute eta egun saturatuta dauden .net, .com eta .org pixkat ordenatzeko. Baina erakunde honek Euskaltzaindiak baino denbora gehiago hartzen du bere erabakiak zehazteko eta, beraz, ikusi bitartean sinetsi ez.

ICANN


LABURRAK

Metro Bilbao irabazle
Nazioarteko Jabego Intelektualaren Erakundeak (WIPO) erabaki duenez, Natxo Allende marrazkilari eta internauta polemikoak Metro Bilbao enpresari eman beharko dio metrobilba.com domeinua. Hala ere, erabaki hau oraindik ez da behin betikoa, ezta derrigorrezkoa ere, Allendek hemengo ohiko auzitegietara jotzeko aukera izango baitu. Marrazkilariak urte hasieran metrobilbao.com domeinu izena erregistratu eta bertan "La antiweb del metro" webgunea ezarri zuen. Bilboko metroaren kontrako iritziz eta neska biluzien argazkiz jositako webgune satirikoa enpresari erosteko aukera eman zion Allendek 100 milioi pezetaren truke.

Antiweb del Metro

WIPO

Zentsura eta isuna
Espainako datuen babeserako agentziak (APD) 60 milioi pezetako isuna ezarri dio Asociacion Contra la Tortura (ACT) elkarteari preso eta atxilotuei eginiko torturengatik salatuta dauden hainbat polizia eta funtzionarioren izenak sarean ezagutarazteagatik. Martxoan informatu genuen Nodo 50 zerbitzarian zegoen webgune honen itxiera agindu zuela APDk eta agindu horrek mundu osoan elkartasunezko hainbat ispilu sortzea ekarri zuela. Orain, zentsura antzuaren ondoren, isun itogarria heldu zaie ACTkoei.

ACT

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner