2000ko irailak 20, Asteazkena | UNInet |
Sarean preso
Interneten bidez presoei ihes egiten laguntzeko jokoak
Telebista saio klaustrofobikoen moda ez da Big Brother-en arrakastan gelditu. Hasten ari garen ikasturte berrian Survivor edota El Bus izango dira telebistaren bidezko voyeurismoa praktikatzeko emango dizkiguten formatoetako batzuk. Baina sarea oso tresna eraginkorra dela ikusi zuten udaberri aldean eta oraingoan ere horrelako saioek gehigarri gisa erabiliko dute Internet. Baina bada sareari are garrantzi handiagoa ematen dion saiorik, Jailbreak eta La Prision kasu.
Sarearen bidezko ikusleen partehartze zuzena bultzatu zuten Gran Hermano-koek eta bide batez banner-en publizitateari esker sos batzuk patrikaratu ere egin zituzten. Baina sareak gehiago eman dezake eta Jailbreak lehiaketaren osagai nagusia bilakatu da. Kasu honetan hamar lehiakide dira, alegiazko gartzela batean preso, eta haien helburua ihes egitea da, Internautek emandako argibideen bitartez. Hogei eguneko epea dute ihes egiteko, lehiaketa hilaren 12an hasi eta urriaren 1ean amaituko baita.
Askok badakite Big Brother inspiratu zuela asmakizun ez hain moderno batek, gartzelak alegia. Hiru hilabete baino dexente denbora gehiago ematea, benetako elkarbizitza arazoak, benetako errietak... Dena da benetakoa gartzelan, lorategia eta piszina kenduta. Telebista saioen arrakasta ikusita EEBBetako gartzela batean webcam-ak ipini dituzte, internautek presoen eguneroko bizimodua kanpotik ikus dezaten. Zero kostuaren truke bisita ugari jasotzen ditu webgunea jarri duen funtzionarioak, dirutza ederra irabaziz.
Baina Jailbreak gezurrezko gartzela da. Hamar lehiakideak 100.000 libera lortuko dute ihes eginez gero. Londres inguruan dagoen gartzela-estudioan bost metroko altuera duten benetako hormak dituzte presoek, gartzela batean ohikoa den ordutegia eta janaria omen dute eta 35 zaindari dituzte, zelatan, haien ihesa galarazteko prest. Haien urrats guztiak jarraitzen dituzten 30 kamaretarik 5ek sarera igortzen dute seinalea.
Internautek presondegiaren planoa ikus dezakete webgunean eta, Ihesaldi Batzordean sartuz gero, 10.000 libera irabaz ditzakete, eurek posta elektronikoaren bidez igorritako argibideei esker lehiakideek irtetea lortzen baldin badute.
Espainian oso antzeko jokoa, hau erabat interaktiboa. La prision du izena eta bertan ez dago benetako lehiakiderik. Gu izan gaitezke gartzela birtual horretan preso eta jokoa beste presoekiko harremanak dira. Talde antolatuak sor ditzakegu eta beste presoen aurka borroka egin edo matxinatu, baina helburu nagusia ihes egitea da.
Big brother
www.bigbrother.terra.com
Jailbreak
www.jailbreaktv.com/
Iheserako batzordea
www.channel5.co.uk/jailbreak/escape.php
Info: Tarifa lauak
Tarifa lauaren errealitatea Espainian
Iruzurra eta trufa bezalako hitzak darabiltzate internauta espainiarrek uda honetan tarifa lau izenarekin agertu diren zenbait zerbitzuri buruzko iritzia ematean. Gogora dezagun orain arte gertatutakoa: uda hasi aurretik Espainiako Zientzia eta Teknologia ministroak, Anna Birulesek, bulego orduetatik kanpo sarean nabigatzeko tarifa laua iragarri zuen. Ondoren telefonia konpainia gehienak aurreratu zitzaizkion eta tarifa laua eskaintzen hasi ziren. Bata bestearen atzean Retevision, Wanadoo (Uni2), Terra, Ono eta beste batzuk hasi dira zerbitzu hori eskaintzen, Euskaltel izan ezik.
Baina laster piztu dira erabiltzaileon haserreak zerbitzu kaxkarra dela eta. AI Internauten elkarteak Seguimos mirando el reloj kanpainiari ekin dio atzera eta 10 zerbitzurik txarrenen ranking bat ezarri du online, erabiltzaileon ekarpenak bilduz. Elkartearen webgunean dago ikusgai zerrenda hau.
Asociacion de Internautas
www.internautas.org
Olinpiaden irratia
Joko olinpikoen informazioa sarera igorriko du Nike enpresak Spike Radiorekin sinatu duen akordioaren ondorioz. Radio Free Sydney 2000 izenarekin aurkituko dugu Nikeren webgunean Interneteko emisora hau eta bertan hainbat ekitaldi eta lehiaketa zuzenean eskainiko dira.
www.nike.com/2000
www.spikeradio.com
Bateria jotzeko
Bateria jotzen ikasteko laguntza eskaintzen du Salvador Niebla musikariak ziberespazioan ezarri duen Virtual Drummer School webguneak. Instrumentu honetako eskola telematikoak emateaz gain, erregistratutako bisitariak era guztietako ariketak eskura ditzake: loop-ak, erritmo progresioak eta beste hainbat, bideo, soinu eta MIDI artxiboak konbinatuz. Musika etnikoa izeneko atalean herrialde bakoitzeko joerak eta folklorea azaltzen dira. Sarrera libreko beste atal batean jakitunen iruzkinak irakur ditzake, eztabaidagunean esku hartu eta instrumentuen sal-erosketen gunean iragarkiak irakurri eta jar ditzake. Macromediaren Flash beharrezkoa da webgune ikusgarri hau ikusi ahal izateko.
VDS
www.virtualdrummerschool.com