2000ko ekainak 21, Asteazkena | UNInet |

Niko Vazquez: "Portalak patetikoak dira"

Musikari, athleticzale eta diseinugilea, bere zaletasunak sarean biltzen ditu Niko Vazquezek

"Taldea neuk sortu nuen, Rokan-ekin, aldizkari batean iragarkia jarrita", gogorarazi digu berak. Izan ere, MCD punk-rock taldeko baxu jolea dugu Niko, taldearen hastapenetatik gainera. Baina Nikoren beste aurpegi bat, hura bezainbat emankorra gutxienez, grafismoan lehendabizi eta ondoren webguneen sorkuntzan egindako lanena dugu. Taulatu gainean zein ziberespazioan, hala ere, ikuspegi underground hori galdu gabe dabil.

Grafismoarekiko zaletasuna MCDren hastapenetako garai hartantxe piztu zitzaion. "Inprimategi batean lanean hasi eta bertan aldizkarien eta kartelen diseinuan fijatzen, hasi nintzen: tipografian, zergatik jartzen zuten argazki hau honetara...".

Inprimategian hamar urtez lan egin ondoren, beka bat eskuratu zuen, 89an, Inglaterran irudi ikasketak egiteko. Bertan, telebistarako grafismoan bereiztu zen eta lehendabiziko Macintoshak ezagutu zituen. Izan ere, bera Maczale amorratua da Niko orduandanik: "Classic baten aurrean jarri eta lankide kanadiar bati galdetu nion ea nola pizten zen. Berak, "botoia sakatu eta kitto", eta horrela hasi nintzen". Handik gutxira leihoak eta karpetak menperatzen zituen eta diseinu grafikoko programen hasierako bertsioekin hasi zen lanean.

Ondoren, urtebete Madrilen lanean eman ostean ETBn sartu zen eta bertan egon da duela hilabete batzuk arte. ETBko beste bi langilerekin euren kabuz hastea erabaki ostean egoitza Zarautzen duen Euskal.com enpresa sortu dute hiruron artean. Diseinu grafikoa, webguneen diseinua eta bideo ekoizpenak egiten dituzte eta lanik ez zaie falta momentuz. Nikok dioenez, haien asmoa hiru arlo horiek sarean bateratzea da, sarerako telebista edukiak sortuz, "baina egun sarearen abiadura nola dagoen ikusita kalitate onargarriko telebista ikusteko itxaron beharko dugu oraindik".

Momentuz, osperik handiena izan duen lana ETBko txori berria eta harekin batera doan irudi korporatiboa dugu. ETBk deitutako lehiaketa irabazi eta gero, katalogoa osatzea (tipografia, koloreak...) eta webgunea diseinatzea egokitu zaie. Azken lan hau Nikok egin du, Zarautzen, Bilbon, Iurretan eta Euskotrenen lan eginez. Izan ere, ez da arraroa Niko Bilbotik Zarautzerainoko trenean ikustea, bere powerbook-arekin lanean ari dela bi ordu pasatxoko bidaian: "Gida baimenik eduki ezik halako buelta eman behar da Zarautzera heltzeko", diosku.

Webguneak diseinatzea da Nikok hartu duen azkeneko zaletasuna, kate natural horretan. Inprentan hasi eta diseinua ezagutu ondoren, Internet ezagutu zuen 1992 aldean, diseinatzaileen zirkuluetan. Buru belarri 96an sartu zen eta euskal.com domeinuan hainbat gauza ikusgarri ezartzen hasi zen: Sorginetxe izeneko webzine-an eduki underground xamarrak ipini zituen, esaterako, MCDren webgunea, irainak botatzen zituen falton robota, Guarro peich of the day izeneko webgune harrigarrien bilduma eta beste atal batzuk.

Athletic sarean
Baina zaletasun horien guztien artean Athleticzalea izatea du Nikok ohorezko lekuan, MCD taldea inoiz entzun dutenek jakin badakitenez. Athletic Munduan Zehar webgunea, taldearen ziberleiho ofiziala baino handiagoa eta txukunagoa zenez, egundoko arrakasta izan zuen internauta-futbolzaleen artean. Bertatik sortu zen Porrafutbol proiektua, maiatzan Bartzelonako BIT azokan aipamen berezia jaso zuen apostuak online egiteko proiektua. Nikoren beste lan bat Macbang da, Mac-erako baliabideen ingelesezko bilatzailea.

Pelotazoa-ren kulturaz galdetuta "portalak patetikoak dira" diosku zuzenean. "Beste norbaitek zuretzako aukeratu dituen gauzak bakarrik jasotzea... Onena gauza bitxiak eta alternatiboak bilatzea da. Lehen argitaratzen zen Internet Underground aldizkariaren bidez munduko hackerrik famatuenarekin kontaktuan jartzea lortu zuen Nikok, Kevin Mitnick-ekin, oraindik gartzelan zela. "Lagun batek mezua helarazi zion eta berak "espero dut hango poliziak hackerrak okupak baino hobeto tratatzea" erantzun zidan, hemengo irudi batzuk telebistan ikusita zituelako".

Nikoren webgune batzuk
www.euskal.com
www.eitb.com
www.isfa.com
www.amz.org
www.imbecil.com
www.macarra.com
www.macbang.com
www.futbolnet.com
www.porrafutbol.com


Laburrak

Selekzioaren alde
Euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena egiteko xedez, Gazte Abertzaleak erakundeak eurocopa2000.org domeinua eskuratu du eta bertan gure herriak futbol txapelketa horretan esku hartzerik ez duela salatzen du. Hala ere, zaila dirudi inor txiripaz webgune horretara heltzea, domeinua .org delako eta eurocopa gaztelaniaz dagoelako. Euro2000 da Europako txapelketa horren izen ofiziala.

Aldarrikapena
www.eurocopa2000.org
Benetakoa
www.euro2000.com


Praktiges
Ikasleen praktikak kudeatzeko software berezia garatu dute Donostiako Informatika Fakultatean. Sistema honi esker ikasleek Internet erabil dezakete egokitu zaizkien praktikak zeintzuk diren jakiteko. Irakasleek ere ikasleak nola dabiltzan ikus dezakete eta, azkenik, enpresek zuzenean eskain ditzakete praktikak, eurentzako atalean izena emanda. Sistema honek hainbat paper, buruhauste eta denbora galtze aurrezten ditu, praktiketan inplikaturik dauden sektore guztien onerako.

Praktiges
sips09.si.ehu.es/praktiges/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner