2000ko ekainak 7, Asteazkena | UNInet |
Sareak hil zuen bideoa
Guk nahi dugun telebista saioa grabatu eta gerora entzuteko aukera
Iazko azaroan iCraveTV agertu zen sarean, satelite bidezko 50 telebista kate ikusteko aukera ematen zuen zerbitzari horrek Kanadatik. Epaileen aginduz iCraveTV itxi bazuten ere, berrikiago RecordTV.com agertu da, gure gustoko programa grabatu eta nahi dugunean ikusteko aukera ematen digun zerbitzaria. Horri gehitu behar zaio Interneterako bere programazio berezia eskaintzen duen Pseudo.com webgunea.
Abesti famatua izan zen 80ko urteetan bideokluben izurritea iragartzearekin batera irratiaren hileta aldarrikatu zuena. "Video killed the radio star" zioen abestiak. Hogei urte beranduago, bideoklubak momentuz ongi badabiltza ere, laster etorriko zaie gainbehera. Satelite bidezko telebistak eta, batez ere, kablea nagusitzen direnean, "Pay per view" izango da joera nagusia eta ez dugu etxetik atera beharrik izango gure gustoko filmak aurkitzeko.
Sarean agertu den RecordTV.com webguneak ere lagunduko digu agian. Sistema berri honek Internet bideo bat balitz bezala erabiltzea ahalbidetzen digu. Erabilera oso erraza du sitema honek: hasteko, nahikoa da alta ematea, posta elektronikoko helbide bat emanda. Ondoren, 50 telebista kateren artean grabatu nahi ditugun saioak aukeratu behar ditugu.
Zerbitzarian dagoen ordenagailuak guk aukeratutako saioak grabatuko ditu. Ondoren, edozein momentutan sar gaitezke berriro sarean eta zerbitzarira konektatu. Orduan, RealPlayer programa erabiliz grabatutako saioak ikusi ahal izango ditugu. RecordTV.com zerbitzuak bakarrik zortzi ordenagailu ditu, bideo txartel banarekin, eta horrek mugatzen du aldi berean graba daitezkeen programen kopurua. Zortzi ordenagailuok webgunearen arrakastak itota ibiltzen dira etengabe, jada 50.000 lagunek izena eman baitute RecordTV.com honetan.
Legaltasuna kolokan
Ideia honen bultzagile David Simmons-ek ez du batere argi egiten ari dena legala den, batez ere iCraveTVren aferaz geroztik. Iazko azaroan iCraveTV agertu zen Kanadan, unean unean 17 telebista kanalen seinalea sareratzen. Arrakasta arriskutsua izan zuen kanal haietako batzurentzat eta salaketaren ostean epaileak emisioak eteteko agindua eman zuen. Antzeko ekimena izan da ondoren agertu den Pseudo.com, baina hau guztiz legala, da programazio propioa igortzen baitu sarera bere 12 kanaletan.
iCraveTV
icravetv.com
RecordTV
www.recordtv.com
Pseudo
www.pseudo.com
INFO: GURU BATEN ESANAK
Vinton Cerf: sarearen aita Katalunian
Katalunian sareko kontu hauetan gu baino aurrerago dabiltzan beste erakusgarri bat izan genuen iragan astean, askok "sarearen aita" deitu izan duten Vinton Cerf ibili baitzen handik. Tarragonako "Internet kalea" zabaltzeko deitu zuten eta ostean Rovira i Virgili unibertsitatean Honoris Causa Doktore izendatu zuten Cerf, sarean erabiltzen den TCP-IP protokoloa asmatu zuen gizona. Funtsean, Robert E. Kahn-ekin batera diseinatu zuen protokolo honek datuak behar diren lekura heltzea eta osorik heltzea ziurtatzen du, datuak paketetxotan zatitu eta hauek osorik bidaliz. Datuak behar den lekura heldu ostean, osorik heldu diren erantzuna igortzen zaio atzera paketea igorri duen ordenagailuari.
Aspaldion, sarearen, aitzindari gehienak bezala, "guru"-a bihurtuta dute Cerf, eta sarearen norabideari buruzko iragarpenak egitera gomitatzen dute sarritan. Kazetariei gako interesgarri batzuk eman zizkien bihar-etziko Interneti buruz. Batetik, EEBBetako gobernua urte askoan enkriptazio komertzialari trabak ipintzen ibili dela salatu zuen Cerf-ek Katalunian. Horretaz asko daki berak, 1976 urtean hasi baitzen lanean artean sekretua zen sare militar hartan.
Bestetik, Cerf-en arabera, 2020. urterako planeten artean sateliteen bidezko sare bat sortuko da, Internetera konektaturik. Hala, kanpotik dabiltzan espaziountzi eta balizko kolonia guztiak sare horren bidez Internetera konektatuko dira eta lurrarekiko komunikazio guztiak Interneten bidez izango dira.
Laburrak
Satelite bidez
Internetera satelite bidezko konexioa hasi da eskaintzen Zarauzko enpresa bat. Ekin Elektrizitateak satelite bidezko telebista ikusteko erabiltzen diren antena horietako bat erabiliz artxiboak 400 kbps-eko abiaduran (50 Kbyte segunduko) jasotzea ahalbidetzen duen zerbitzua eskaintzen du, urteko 30.000 pezetaren truke. Nabigatzean, ISDN edo modem arrunt baten bidez igorriko ditugu aginduak eta informazioa satelitearen bidez etorriko zaigu. Ordenagailuari ipini behar diogun txartela 60.000 bat pezeta kostatzen da eta satelite antena beste 40.000 inguru. Satelite bidezko telebistarako antena badugu, horixe balia dezakegu honetarako ere.
www.euskalnet.net/ekin
www.satconxion.com
Anaia Handia
Iragan asteazkenean presoekiko elkartasun taldeetako kide batek egindako ekintza zentsuratu zuten Tele5 telebista kateko arduradunek. Halabaina, irudiak ikuksi ahal izan zituzten satelite konexioa dutenek. ETBk irudiak grabatu eta Windows Media Player formatoan eskaini zituen bere webgunean. Irudiok ikusteko, programa hori zabalik dugula, irudiak dauden lekua adierazi behar diogu Control+L sakatuz eta bideoaren helbidea bertan idatziz.
Irudien helbidea
mms://212.55.28.73/granher.asf
www.eitb.com
www.granhermano.com