2000ko maiatzak 31, Asteazkena | UNInet |

Gatesenak egin du Sarean

Microsoft inperioa gainbeheran eta haren alternatibak sareko arlo guztietara hedatzen

Interneten handien eta txikien arteko gatazka desorekatuan handiek dirua dute baina mugimendu traketsak egiten dituzte. Txikiek aldiz, euren sormen eta ideia freskoekin, proposamen interesgarriak plazaratzen dituzte eta lankidetzarako joera dute. Horrela deskriba daiteke sarearen egoera eta haren eboluzioa azken boladan.

Edukien arloan monopoliorako, edo gutxienez oligopoliorako joera nabarmena dagoen bitartean (Terra, AOL...), programetan eta sistema operatiboetan konpatibilitatea eta Open Source dira agintzen duten bi kontzeptuak. Honela, duela urte gutxiko egoerari buelta eman zaio, sareko edukietan berdintasun anarkiko xamarra baitzegoen, ordenagailuetan Windows nagusi zen bitartean.

Egunotan esan daiteke Seattleko enpresarentzat ez direla une gozoak. Thomas Jackson epailea artaziak hartu eta enpresa txikitzen hasi da. Baina
Internetek markatu du Microsof-en gainbeheraren hasiera. Ironikoki, mundua ordenagailuz bete duen enpresarenak egin du gizon azkar horrek Internet zer den ez ulertzeak.

Kantitate hutsei erreparatzen badiegu, izugarri hazi da ordenagailuen kopurua eta, ondorioz, gero eta Windows sistemaren erabiltzaile gehiago dago sareari esker. Baina koalitatiboki ez da horrela: sarearen agerpenak Gates kaltetu du erabiltzaileen begiak zabaltzean eta Windows ez diren beste sistema asko badirela erakutsiz. Gainera, Microsoftek sarean emandako urratsak ez dira orekatuak izan.

Hasteko, duela laupabost urte sarearen erabilera jendartean hedatzen hasi zelarik, Seattleko enpresak ez zuen ondorengo urteotako hedatze masiboa oraindik aurreikusten eta orduan bere estrategietan sareak ez zuen garrantzi handirik izan. Berriz, laster Internet gizarte berri baten eta ekonomia berri baten bizkarhezurra bihurtuko zela nahiko argi begiztatzen hasi zirenean. Microsoftek sarea bere helburu nagusia bihurtuko zela iragarri zuen ozenki.

Halabaina, sarean, kanpoan hain arrakasta handia eman zion monopolio eskema bera errepikatzen saiatu zen Gates. Bere sare paralelo propioa ere bultzatu zuen tarte labur batez, Microsoft Networks izenekoa. Baina modu horiek ez ziren sarerako aproposak. Asko kostata, bere Explorer nabigatzailea Netscaperen gainean jartzea lortu du baina bentajaz jokatuta, jakina, ordenagailu berri gehienetan baitator (bazetorren, hobe esan) Windowsekin batera. Offline arrakasta eman zion marketing estrategia horretxek ekarri dio orain epaileen zigorra, lege antimonopolistikoak aplikatuta.

Gatesek ez du programa onik egitea lortu Audio eta bideo formatoetan, Windows Media Player ez baitzaio nagusitu RealPlayer programari. Berriketarako, posta elektronikorako eta beste hainbat zereginetarako programak ere nahiko kaxkarrak dira. Sareko makinetan, zerbitzarietan, oso atzetik jarraitzen die UNIXeko Apache zerbitzariei. Arlo horretan Solaris edo Linux-en bidez Windows NT baino askoz ere sistema eraginkorragoak baitaude.

Sistema eragileen arloan, egunotan, CNET-en webgunean Windows-en alternatiba erabakitzeko lehiaketan Mac Os 9 gutxigatik gailendu zaio Corel Linux-i. Biek antzeko merkatu zati txikiak dituzte erraldoiaren ondoren, baina analisi orokor batean biek irabazten diote Gatesen sistemari. Bitartean, sareko zerbitzarietan eta sarerako software-aren arloan nagusitasuna erabat galduta du Seattleko enpresak. Madrilen duela bi aste izan zen Java Expo azokak besteen egoera animiko eta ekonomikoa ongi islatu zuen. Orain arte minoritarioa zen azoka honek milaka bisitari izan zituen eta Hollywood estiloko ikuskizun garesti batekin aurkeztu zuten, Sun Microsystems-eko presidente Scott McNealy-k bideomintzaldia eskaini aurretik. Netscape bereganatu zuen AOLen aliatua den Sun enpresak Java hizkuntza sarean nagusitzea lortu du, Microsoftek bere alternatiba zabaltzeko ahaleginak gora behera.

Bestalde, sareko mentalitatea duen Linux sistema irekia benetako mehatxua bihurtu da eta etengabe garatzen, hobetzen eta erabilgarriagoa bihurtzen ari da. Aditu zenbaiten arabera, Microsof-en gainbehera etengabeari aurre egiteko erremedio bakarra dago: epaileek hiru zatitan barik gehiagotan txikitu beharko lukete erraldoia, enpresa txiki eta lehiakorrak sortzeko.

Windows
www.windows.com
Mac Os 9
www.apple.com
Java Expo
www.sun.es/javaexpo
Linux
www.linux.org

Laburrak


Mendeku telematikoa
Eraikuntza enpresa baten zerbitzuarekin kontent ez zen emakume batek haren kontrako webgunea zabaldu du bere arrazoien berri emateko. Salaketa egiteko helbidea hartzean ez du dudarik izan internauta honek: InterNIC-en erregistroan enpresaren izenarekin domeinurik ez zela ikusi eta berak hartu du, hain justu, enpresa bera salatzeko. Metro Bilbaoren kasua errepika ez dadin, aurrerantzean sarea ezagutzen ez duten beste enpresa asko ere azkar ibili beharko dira, euren burua antzeko egoera batean ikusi nahi ez badute.

Uicesa
www.uicesa.com


EITB berria
Euskal Irrati Telebistak 18 urte bete dituela eta, irudi aldaketa nabarmena ageri da egunotan telebistako pantailetan. Interneten, hala ere, aldaketa handiagoa izan da aspaldi berritu gabeko domeinuan. Irudi berria ezezik, hainbat informazio aurki daiteke bertan, inportanteena telebista eta taldeko hiru irratiak zuzenean entzuteko aukera. Hala ere, soinuak eta irudiak igortzeko hedatuena den Real formatoa erabili barik, Windows Media Player aukeratu dute EITBko arduradunek.

EITB
www.eitb.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner