2000ko maiatzak 10, Asteazkena | UNInet |
B2B sukarra, negoziotik negoziora
Sarean diruak "bussiness to bussiness" modako jarduerara doaz
Sarearen izugarrizko hedapena bizi dugun azken urte hauetan modako kontzeptuen araberako aroek sailkatzen dute denbora. Esaterako,1997an zerbitzari txikien aroa izan zen eta iaz berriz atarien sutea piztu zen baina hau ere gainbeheran doa. Aurten B2B edo "Bussiness to bussiness" dabil denen ahotan, hau da, sareko negozioetan enpresak internauta-erosle edo bezero arruntei begira egon barik tratuak beste enpresa batzurekin egitea. Hasieran "e-commerce" edo merkataritza elektroniko arrunta sareko jarduerarik inportanteena izango zela uste zuten, baina egun, adituek enpresen arteko merkataritza laster zortzi aldiz handiagoa izango dela diote.
Enpresen arteko lehian denak dira etsai, printzipioz, baina lagunak bilatuz gero indarra ere metatzen da. Aliantza estrategikoak bezain inportanteak dira helburu jakin batzuetara begira egiten direnak eta denek onura ekarriko dute. Sinergiak baliatzea, gastuak murriztea eta dirua aurreztea bilatzen da B2b joeran. "Atari bertikal" berezien bidez antolatzen da negozioa: lagungarri gerta dakiokeen beste enpresa baten bila dabilenak bertara jotzen du eta arloaren arabera aliatuak bilatzen ditu bilaketa tresnen laguntzaz.
Besteetan lankidetzak offline sinatzen dira baina sarea dute bizkarhezur eta lantoki. Esaterako, ordenagailuen arloan, EEBBetako hiru enpresa ekoizle nagusiak eta haien bederatzi hornitzailek enpresa bat sortu dute Interneten bidez elkarren arteko kontaktua eta salerosketa bideratzeko. Plataforma horretan, besteak beste Hewlett-Packard, Compaq eta Gateway daude eta baliteke laster IBM ere sartzea. Hornitzaileak berriz Samsung, NEC, Hitachi, Quantum eta beste batzuk dira. Kostuak izugarri merketzen dira horrela
Baina adibideak era askotako arlo eta enpresetan aurki ditzakegu. Gure artean Norsis enpresak B2B arloan lan egiten du, enpresen arteko negozioen bitartekaritzan gehienbat. Bertako zuzendari Mikel Irizar Arzelusen openforyou.com webguneak ideia berritzailearen saria jaso berri du Gipuzkoako Merkataritza Ganbararen eskutik. Besteak beste, bankuak (BSCH), komunikazio talde handiak (Correo taldea) eta beste hainbatek ere badituzte arlo honetarako proiektuak.
Iragarpenei zehatzago erreparatuz, industriako merkatuen joerak aztertzen dituen Gartner Group ospetsuak iragarri duenez, B2B merkataritza mota izugarri haziko da 2004. urterarte. Iaz bilioi bat libera (25 bilioi pezeta) izan zen, baina lau urte barru 48 aldiz gehiago izango da, orotara munduko merkataritza osoaren %7.
B2B explorer
www.b2bexplorer.com/
Norsis
www.norsis.com
AMARAUNA Aprobetxa.com
Metroaren eta euskararen aurka
Natxo Allende izeneko internauta eta marrazkilariak bere burua eta ideiak ezagutzera emateko bide aproposa aurkitu du sarean, bai eta bide batez aberasten saiatzeko modua ere. Libre zegoen "metrobilbao.com" domeinua hartu eta Metro Bilbaoren aurkako webgunea eraiki du. Txartelik gabe bidaiatzeagatik ezarri zioten isuna aitzakitzat hartuta, enpresaren zerbitzuagatik kexak jasoteko forum bat ezarri du. Halabaina, Allendek ez du izkutatzen maniobra horren benetako helburua domeinua Metro Bilbaori berari 100 milioiren truke saltzea dela.
Neska biluzien argazkiz jositako webgunean, erabiltzaile askoren kexak eragin dituzten Protecsako zinpekoez ez du ezer esaten. Aitzitik, euskararen aurka jotzen du zuzenean, geltokien izenak erdaraz behar luketeela esanez. Bere esanetan, "beti "Las Arenas" izena eduki duen geltokiari "Areeta" deitzea soilik infula sabinoaranianak dituen atzeratu bati burura dakioke". Bere alde den beste internauta batek arrazoi damaio euskal izenen gaiarekin eta "Avenida de Jose Antonio Primo de Rivera"ri izena aldatuta "Sabino Arana" deitzea jartzen du adibidetzat.
Hainbat internauta euskaldunek honen aurkako erreakzioa izan dute: Batzuek narzisismoz eta prepotentziaz aritzea leporatu diote; besteek fatxen bilgunea antolatzeaz akusatu eta beste batek aberastu nahi duen "jeta" izatea leporatzen dio. "Madrileko eta Bartzelonako metroak ere bere izenean ditu. Akaso han ere isuna ezarri zioten?", galdetzen du.
Web anti-metro
www.metrobilbao.com
Metro Bilbao
www.metrobilbao.net
LABURRAK
Mendia sarean
Euskal mendizaleen ataria izateko asmoz abian jarri dute Mendikoweb webgunea. Sarea eta mendia, afizio biak dituzten internauta batzuek prestatu dute ataria, Luis Ibergallarturen gidaritzapean. Bertan mendizaleentzako informazioa aurki dezakegu: klubak, ibilbideak, salerosketak, agenda, eguraldia eta aterpeen gida bat. Izena gora behera, webgunea erdaraz dago. Mendizale euskaldunek, hala ere, Ostadar mendi taldearen webgunera jo dezakete informazio bila.
Mendikoweb
www.mendikoweb.com
Ostadar
www.ostadar.org
Liburu digitala
Justo de la Cueva soziologoaren "La escision del PNV" liburuaren edizio digitala sarean ezarri du Euskal Sare Gorriak. Liburu hau lehenago paperean argitaratu zuen Txalaparta argitaletxeak baina aspaldi agortu ziren ale guztiak. Zip formatoan konprimituta edo online, HTML formatoan, irakur daiteke liburua eta bigarren edizio honetarako hitzaurre bereziak prestatu dituzte Iņaki Gil de San Vicentek eta egileak berak.
La escision del PNV
http://www.basque-red.net/cas/pnv/pnv.htm