2000ko maiatzak 3, Asteazkena | UNInet |

Napster, musika doan eta azkar

MP3 artxiboen elkartrukerako sistema kontrolagaitza

Musikaren industria MP3 formatoa agertu zenetik kezkatuta bazegoen ere, Napster sistema martxan jarri denetik negozioa inoizko kinkarik larrienean jarri dute internautek. Oraino disketxeak salbatzen zituen desabantaila —nork bere gustoko abestiak bilatzeko eta bere ordenagailura jaisteko zailtasuna— desagertu da Napster programarekin. Gainera, edukiak zentsuratzea ezinezkoa egiten duen antolaketa dauka Napster-ek, iragan astean aipatu genuen Freenet sareak duenaren antzekoa.

Napster-en arrakastaren gakoa erabiltzaileen ordenagailuak zerbitzari gisa erabiltzean datza. Honetan IRC berriketa sistemaren antzeko egitura du: Napster programa abian jartzen dugunean unean-unean konektaturik dauden erabiltzailek euren disko gogorretan dituzten abestiak eskuratu ahal izango ditugu eta ez zerbitzarietan gordeta daudenak.

Napster instalatzen dugunean berak datu batzuk eskatuko dizkigu: gure konexioaren abiadura zein den (56Kb, RDSI, T1...) eta gure e-posta helbide bat. Erabiltzaile izen bat eta pasahitz bat asmatu beharko ditugu Napster sarea aurrerantzean erabiltzeko. Konexioa egin eta ostean, abestiak bilatzen has gaitezke. Esaterako, Deep Purple taldearen Smoke on the water abestiaren bila bagoaz, nahikoa dugu datu horiek Artist edo Song eremuetan jartzea. Bilaketa egin ostean emaitzak ageriko zaizkigu eta ziurrenik abestia hainbat lekutan egongo da.

Zerrendan abesti hori une honetan konektaturik egonik bere ordenagailuan guk eskuratzeko moduan zeinek daukan ageri da. Ondoren, guk aukeratu dugu konexio abiadurarik handiena duena eta minutu gutxitan gure ordenagailuan edukiko dugu entzungai. Bilaketa zehatzagoak egin ditzakegu konexio abiaduraren arabera edo abestia kodifikatuta dagoen kalitatearen arabera. MP3 formatoan CD kalitatea duen konpresio maila 128Kpbs. da, hortik behera kalitatea urriagoa izaten baita.

Napster sisteman, printzipioz, ordenagailu bakoitza hartzaile eta emaile bihurtzen da, besteen abestiak eskuratuz eta norberarenak besteen eskura jarriz. Horretarako propio jarriko dugun karpeta batetik hartuko dituzte gure abestiak, baina guk abestirik jartzen ez badugu ere berdin har ditzakegu besteenak. Gainera, ez omen dago inork gure ordenagailuko beste direktorioetan egon daitekeen informazio konfidentziala eskuratzeko arriskurik.

Informazioaren truke libreak batez ere kultur industria kezkatzen du eta, honen baitan, musikaren industria laster oldartu zaio Napster sistemari. Metallica taldeak bere egile eskubideak defendatzen aitzindaria izan da eta salaketa jarri du Napster sortu eta kudeatzen duen enpresaren aurka, taldeko bateria jole Lars Ulrich-ek adierazi duenez "ebatsitako abestiekin trafikatzeagatik". Harago doa Metallica-ren salaketa eta "Racketeering Influenced & Corrupt Organizations Act" legean oinarrituta, enpresa hori "elkarte ustela" dela argudiatzen du rock taldeak.

EEBBetako unibertsitate batzuek debekatu dute euren sareetan Napster programa erabiltzea. Musika artxiboen tamainu handia dela eta, banda zabaleraren zati handia okupatzen du MP3 artxiboen joan-etorriak eta horregatik moztu dute Napster programaren erabilera. Hori lortzeko, napster.com zerbitzarirako konexioa debekatu egin diete euren zerbitzariei, izan ere, programa martxan jartzen denean beti konektatzen da helbide horretara gure nortasuna eta pasahitza bertan emateko.

Oregoneko unibertsitateak Napster programak bere zabaleraren %5 okupatzen ziola argudiatu zuen. Trafikoan %20ko igoera somatu zuen Northwestern unibertsitateak eta hark ere bidea moztu dio Napsterri. Gauza bera egin dute zenbait zerbitzarik egunotan. San Diegoko "Cox@Home" zerbitzariak bere bezero guztiei ohar bana bidali zien, euren sarbide kontua galdu nahi ez badute Napster erabiltzeari utzi behar diotela jakinarazteko.

Bestalde, Napster sistema baliatuta bestelako artxiboak batera eta bestera trukatzeko Wrapster programa garatu dute beste informatikari batzuek. Wrapster-ek MP3ak ezezik edozelako artxiboak jartzen ditu eskuragai eta Napsterreko erabiltzaileek ere hartu ahal izan ditzaten, MP3ak balira legez "izkutatu" dituzte.

Napster
Napster.com/
Winamp
www.winamp.com
NapAmp (plug-in for Winamp)
napamp.cjb.net/

Macster (Napster-en Mac bertsioa)
www.macster.com
Macast
www.macast.com/
Wrapster
http://notoctavian.tripod.com/


LABURRAK

Ikasketa alternatiboak
Argentinako Maiatzako Amen Elkarteak aurten abian jarri duen "Herritar Unibertsitatea" ikasketak gizartea eraldatzearen alde jartzeko saioa da. Helburu horiek lortzeko ikasketa alternatiboak planteatzen dituzte hainbat mintegi, eskola eta tailerretan. Giza eskubideak, ikerketa kazetaritza eta formakuntza etikoa zein politikoa dira, besteak beste, unibertsitate honetan aurki daitezkeen ikasketa batzuk.

Universidad Popular
www.madres.org

Elkartasun irratia
Datorren larunbatean Bilbon izango den Elkartasun Egunerako irrati emanaldi berezia prestatu dute "Ai Eneak" irratsaioko kideek. Astearte gauero Bilboko Tas-Tas irratian egiten da "Ai Eneak!". Bertan, Basauriko presoentzat albisteak eta lagunek telefonoz irratira bidalitako agurrak igortzen dituzte ziegetaraino. Urte hasieratik Interneten eskuragarri daude asteroko saioak eta Elkartasun Eguneko emanaldi berezia ere sarean entzungai izango da larunbatean bertan. Gainera, emanaldia zuzenean emitituko da, uhinen bidez, hegoaldeko lau gartzeletara. Tas-Tas, Eguzki, Hala Bedi eta Molotoff irratien elkarlanari esker entzun ahal izango da Basauri, Iruñea, Langraitz eta Martuteneko gartzeletan.

Ai Eneak!
www.freespeech.org/presoak

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner