2000ko apirilak 26, Asteazkena | UNInet |
Freenet, ametsetako sare anarkikoa
Interneteko antolaketan hierarkiak ekiditzeko xedea du Freenet programak
Freenet izeneko proiektuak sarearen deszentralizazioa bultzatzen du, berau inoren kontrolpean egon ez dadin. Freeneten bidez edukiak zentsuratzea ezinezkoa bihurtzen da, edukiok zein ordenagailutan gordeta dauden ezin baita jakin. Ian Clarke gazte irlandarraren proiektua den hau hedatzen eta hobetzen ari da beste internauta askoren ekarpenekin. Kontrolik gabeko sarea mehatxutzat hartu dute batzuek. Esaterako, The Wall Street Journal-ek proiektua "Interneteko anarkiaren aroaren hasiera" bezala definitu du, haren sortzaileak "pirata informatikoak" direla gehituta.
Internet zer den azaltzeko antolaketa horizontala duen sare moduan deskribatzen dute hasiberrientzako eskuliburuetan, baina praktikan ez da hori guztiz horrela gertatzen. Sarean badira besteak baino askoz ere handiagoak diren korapilo edo nodoak —besteak baino indartsuagoak diren ordenagailuak— eta gainera hauek elkarrekin lotuta daude hari lodiago batzuen bidez —banda zabalera handiagoa duten konexioak. Enpresa handi eta gobernu batzuren eskuetan dauden bide nagusi horiek sarearen "backbone" edo bizkarhezurra osatzen dute, eta haiei hari meheagoen bidez konektatuta dauden zerbitzari txikiek bigarren mailako sare bat osatzen dute. Beraz hierarkiak badira sarean.
Nolabait bigarren eta lehen mailako errepide sareak bezala dira. Etxetik ateratzean bigarren mailako errepidean abiatzen gara baina badakigu urrun dagoen herrialde batera azkar heltzeko autobidera atera beharko garela. Autobide horiek —sareko bizkarhezurra— enpresa boteretsu baten esku daude eta bertan kontrolak edo bidesariak ezartzeko ahalmena dute, baita eurek gogoko ez dituzten erabiltzaile edo nodo jakin batzuri sarbidea galarazteko boterea ere.
Baina berdintasuna ezezik, erabateko adierazpen askatasuna ere mitoa baino ez da sarean. Edukiak zentsuratzeko erabakia har daiteke gobernu batek edo, azken finean, zerbitzariak berak. Hori guztia ezinezkoa da Ian Clarke-k asmatutako sarean. Edinburgoko unibertsitatean informatika eta adimen artifiziala iazko ekainean bukatu zuen 23 urteko irlandarraren karrera amaierako proiektua den Freenet honetan ez dago jakiterik informazioa fisikoki non dagoen. Gainera, datuak sartzean, artxiboak biderkatzen dira, hainbat nodotan batera ezarriz.
Software berezi honek makinen arteko berdintasuna bermatzen du. Ez dago nodo zentralik. Sofwarea instalatu duten makina guztiak zerbitzari bihurtzen dira gisa berean, beraien disko gogorraren zati bat Freeneteko edukiak gordetzeko utzita. Sare honetako zerbitzari edo nodoa izateko, uneoro makina sarera konektaturik edukitzeko konpromisoa eskatzen du Freenetek eta momentuz hori gutxi batzuren esku dago, tarifa laua hedatzen ez den bitartean behintzat. Aitzitik, sarean nabigatzeko eta nork bere edukiak sarean ezartzeko softwarea instalatzea baizik ez da beharrezkoa.
Freenetek adierazpen askatasuna bermatzen duen bitartean, egile eskubideak erabat babesik gabe gelditzen dira sare honetan. Zibergaizkileak ere aukera gehiago izango dute lorratzik utzi gabe nabigatzeko eta komunikatzeko. Izan ere, Interneten konektatzean ordenagailu bakoitzari IP zenbaki bat esleitzen zaion bitartean, Freeneten gure ordenagailuak ez du identifikatzailerik eta beraz anonimotasuna erabatekoa da.
Agian bitxia irudituko zaio baten bati, baina adierazpen askatasunaren aldeko Electronic Frontier Foundation (EFF) Freeneten aurka azaldu da, antolaketa anarkiko honek gizabanakoen pribazitatean kaltea eragin baitezake. Esaterako, herrialde batean debekatutako agiri politikoak zentsuratzea ezinezkoa izango dela bermatzen duen bezala, dokumentu jakin bat ezabatzeko ezintasuna kaltegarria izango da norbaitek fede txarrez gure datu pertsonalak, medikuen txostenak edo bankuko datuak argitaratzea erabakitzen badu.
Freenet ez da honelako sare horizontal eta askea eraikitzeko saio bakarra. Duela bi hilabete aurkeztu zuten Gnutella proiektuak antzeko helburuak zituen, America Online-ko (AOL) garatzaileek aurkeztu zutenean. Lehendabiziko kexak agertu orduko Gnutella berehala kendu zuten saretik AOLeko arduradunek, baina hazia dagoeneko ernatu da eta badira antzeko proiektu asko martxan.
Freenet
freenet.sourceforge.net
Gnutella
gnutella.wego.com
Laburrean
Hacker "solidarioak"
Presoekin elkartasuna adierazteko NExUS izeneko hacker bat edo batzuen erasoak izan dira egunotan sarean. Lehendabiziko erasoaren berri GARA egunkariak eman zuen baina oso internauta gutxik sinestu zuten erasoa benetakoa izan zenik, izan ere, politikoki inongo garrantzirik ez duen Bilboko argazki denda baten webgunea aukeratu zuten NExUSekoek crackeatzeko. Apirilaren 6an, Euskaltelen erabiltzaileen direktorioan dagoen denda baten webgunea eraldatuta ageri zen, presoen aldeko aldarrikapenekin. Bertan jarritako testuan, NExUS taldeak bere gain hartu zuen ekintza eta gehiagoren iragarpena egin zuen. PP edo PSOEren aldeko webguneak ezabatu ezik, Euskaltelen aurkako eraso gogorragoak egingo zituztela adierazi zuten.
Bigarren erasoa apirilaren 15an gertatu zen, El Paisek hiru egun beluago jakinarazi zuenez. Bere domeinua Euskaltelen duen Guggenheim Bilbao museoaren hasierako orrialdea presoen aldeko aldarrikapenez beteta ageri zen. Gose greban ziren Juan Jose Legorburu eta Sebastian Lasa presoen argazki banaren ondoan, euskal presoen aldeko aldarrikapenak jarri zituzten NExUS-ekoek.
Albisteak
www.gara.net/00/04/08/eus0601.htm
www.elpais.es/p/d/20000417/espana/eta.htm
Erasotuak
www.euskalnet.net/fotovidal/
www.guggenheim-bilbao.es