2000ko apirilak 19, Asteazkena | UNInet |

Utopia posibleak

Inon ez diren herrialde birtualak sarean gorpuzten dira

Nork daki non ote dagoen Falkenberg? Eta nola imaginatuko genuen Freedoniako enbaxadorea gure auzokoa dela? Auskalo non dauden Merovingia, Landreth, Corvinia, Lectoria edo Nova Arcadia. Aztertzen hasiz gero, elkarren artean oso diferenteak dira, historiaz eta eraketaz. Gehienak erabat birtualak dira, baina sinesgarritasunez jantzita ageri dira haien webguneetan, "Don Quixote" liburuan Sancho Panzari sinestarazi zioten "Insula Barataria" haren antzera.

Thomas More idazleak Utopia izena jarri zion berak pentsatutako erresuma idealari. Aitzindaria izan zen bera herrialde baten alegiazko gobernu ideala amesten eta gobernu forma perfektuari izena jartzen. Haren urratsak jarraitu baino ez dituzte egiten egun sarean utopiak barra-barra diseinatzen dituzten internautek. Inon ez den herrialdea esan nahi zuen Utopia berbak eta horixe dira Interneten baino ez diren erresuma hauek, herrialde birtualak.

Hala ere, denetarikoak badirela aipatu dugu lehen eta, sinesgarritasuna eman nahian edo, fisikoki lurralde batean kokatzen diren erresumak badira. Esaterako, iragan astean albistegiek eman zuten Sealand izeneko herrialde batek Espainian zituen ordezkarien atxiloketaren berri. Dokumentu faltsuak erabiltzea eta iruzurra leporatzen zieten ikur diplomatikoa zeramaten autoetan Madrildik pasiatzen ziren Sealandarrei. Goardia Zibilaren arabera itxura dotoreko pasaporte diplomatikoak salgai zituzten nazionalitate berria eskuratu nahi zutenentzat. Sealand Atlantikoan eraiki zuten 60ko urteen amaieran, Atlantikoan bertan behera utzitako petroleo plataforma bat lurraldetzat hartuta. Plataforma horretan estatu berria fundatu zuten 1967an familia britaniar bateko kideek, bere bandera eta guzti.

Baina bere asmoen artean utopikoagoa da Freedonia, oraindik ez baitauka eremu fisikorik. Freedoniako webgunean diotenez, "oinarri libertarioak jarraituko lituzkeen nazio berri bat eraikitzeko saioa da: herritarrentzat ahalik eta askatasunik handiena eta zerga baxuak". Hori eremu fisikoan gauzatzeko nazioarteko uretan irla artifiziala eraikitzea izan da oraintsu arte euren asmoa, baina egun bideragarriagoa dakusate kontinente batean lur zati bat erostea, Agian Afrikan, bere subirautza eskubideekin batera.

Gehienez lur zati txiki batean oinarrituak, ez NBEk ez beste herrialdeek ezagutzen ez dituzten herrialde hauetariko asko bilduta daude "Mikronazioak" izenarekin. Sarean horrelakoak biltzen dituzten webguneak eta eztabaida foroak badira. Batean jausiz gero, loturak jarraituta, beste asko ezagutuko ditugu eta, denek ezaugarri komun horiek badituzte ere, aniztasun ikaragarria dago estatu moduan euren buruaz egiten dituzten definizioetan.

Merovingiak erabateko monarkia du, beraz, ezer gutxi aurreratu du Thomas Moreren garaitik. Interneten doaia da lurrik eduki ez arren estatu oso bat eraikitzeko, diseinatzeko aukera, baina bitxia da proposamen gehienak monarkikoak izatea. Baina batzuek badute konstituziorik eta Utopiaren antzera sistema perfektua bilatzeko ahalegin birtualak dira. Ansconia eta Ladonia errepublikak dira baina bigarrenak noblezia titulua eskaintzen du 12 dolarren truke. Saiakera serioagoa dirudi zientzia politikaren aldetik Identitem de Lati izeneko experimentuak

Lur eremurik badutenen kokapena ere edozein izan daiteke, Suedia bezala ezagutzen dugun lur eremu batean dago Ladonia eta Remios erregearen Enen-Kio erresuma Pazifikoko atoloi bat da. Bertan ez da inor bizi, EEBBek proba nuklearrak egiteko erabili zutenez geroztik eta bere 9,8 Kilometro karratuetan ez dago nekazaritza egiterik. Punturik altuena 6 metrokoa izanik, tsunamiek eta tifoiek noizean behin zigortzen dute Marshall artxipielagoko leku hau. Jada mapetan dagoen beste leku batean, Frantziaren kolonia den Reunion irlan "Sacro imperio de Reuniao" erresuma birtual lusofonoa ezarri dute, egiantzekoa oso, bere zehaztasun guztiekin deskribatzen duten webgunearen bidez. Beraz, "sensu estricto" mikronazio asko ez dira utopikoak, are gehiago, haien enbaxada birtualak ikusiz gero, Barataria baino sinesgarriagoak dirudite gure pantailetan.


Micronazioak
members.tripod.com/rittergeist/
www.angelfire.com/me/lvz/union.html


Laburrak

Maitasun telematikoa
Amodiozko mezu elektronikoen lehiaketa deitu du Santurtzikoko AEKk. Ezohikoa da hain bateragarriak ez ei diren hiru kontu hauek uztartzea: euskara, amodioa eta teknologia berriak. Euskaltegiak, udalaren eta Pititako Irratiaren laguntzaz abian jarri duen ekimen bitxi honen bidez, teknologia berriekin trebeak diren idazleak bilatzen ditu. Amodiozko mezu elektronikoek gehienez 500 hitzeko neurria izan beharko dute eta maitatzaren 19a arte bidal daitezke.

Oinarriak
www.gratisweb.com/santurtzikoaek

Hezkuntza ataria
Educ.ar du izena Argentinan aurkeztu berri den ikasleentzako atariak. Bertako presidente Fernando De La Ruak eta Jazztel-eko Martin Varsavsky-k zabaldu zuten ofizialki apirilaren 11an, azken honek 11 milioi dolarrekin lagundu duen ekimena. Atariaren eta dirulaguntzaren helburua herrialde hartako 11 milioi ikasle sarean sartzea da. Ez da helburu erraza, herrialde hartako %2 ikasle bakarrik baitute momentuz sarbidea. Presidenteak agindu du bere agintaldiaren amaierarako ikasle guztiak konektaturik egongo direla.

Educ.Ar
www.educ.ar/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner