2000ko apirilak 12, Asteazkena | UNInet |

Big Brother sariak, zelatariak sarituta

Intimitatea urratzeagatik "saritu" dituzte EEBBko gobernua eta enpresa batzuk

Gezurrezko sariak dira, hala ere, iragan ostegunean zeremonia eta guzti banatu baziren ere. Izan ere, saritu baino salatu egin nahi ditu Privacy International elkarteak herritarren intimitatea urratzen dituzten erakunde eta enpresa hauek. Aurtengo irabazleak EEBBetako merkataritza ganbara eta aireportuen agintaritza erakundeak izan dira erakundeen arloan eta enpresa pribatuen artean DoubleClick publizitate agentzia eta Transunion.

Taularatze deigarriaz hornitu zuten sarien zuzura antolatu festa. Hasteko, James Bonden filmen parodietan azaltzen den Evil doktoreaz mozorrotuta ageri zen eszenatokian PI elkarteko eledun Jason Catlett, sariak banatzeko. Erakunde publikorik txarrena EEBBetako merkataritza ganbara aukeratu zuten, Europako enpresekiko harremanak zelatatzeagatik. Intimitatearen kontrako jarduerarik zapaltzaileena, aireportuen agintaritza erakundeak eraman zuen, bidaiariak eskaneatzeko asmatu duen tramankuluagatik. Enpresa handietan gaiztoena DoubleClick aukeratu zuten, 50 milioi internautaren mugimenduak segitzeagatik eta bizitza osorako mehatxurik handiena, jendearen datu pertsonalak dituzten artxiboak enpresei saltzeagatik, Transunion aukeratu zuten.

Irabazleek "George Orwell" izeneko estatuatxoa jaso zuten, giza buru bat bota batek zapalduta ageri den eskultura. Halabaina, espero zen bezala ez zen sarituetarik bat ere sariak jasotzera joan, baina horrek ez zion dizdirarik kendu zeremoniari. Laugarrenez ospatu dute Privacy International elkartekoek jaialdi hau eta aurtengoa Kanadako Toronton izan bada ere, EEBBetan, Britainia Handian eta Austrian ospatu dira beste edizio batzuk.

Gaia umorez tratatzen badute ere "oso serioak dira pribazitateari egiten zaizkion erasoak", ekitaldian Jason Catlett-ek adierazi zuenez. "Sariaren helburua gizabanakoen intimitate eskubidea gehien bortxatzen duten pertsonak eta erakundeak nabarmentzea da, jendea ohartarazteko".

Big Brother sariak
www.bigbrotherawards.org
www.privacyinternational.org
bigbrother.awards.at/

Sarituak
204.193.246.62/public.nsf
www.doubleclick.net
www.tuc.com

INFO: MICROSOFT

Microsoft-en ez da giro

Bill Gatesen inperioaren kinka sarean islatzen ari da egunotan. Iaz, ordenagailuetan eta programetan identifikazio zenbaki izkutuak sartzeagatik publikoaren Big Brother sari berezia irabazi zuen enpresa erraldoiak epaitegietan jipoi galanta hartu berria du, bere jarduera monopolistikoak direla medio eta horrek zeresana eman du eztabaida foro eta webguneetan. Lehenagotik ere baziren Microsoften kontrako milaka webgune eta beste batzuk haren alde, baina eztabaida zirkulurik sutsuenetatik hedatu da eta jarrerak gero eta polarizatuagoak dira sareko epaiketa paraleloan.

Webgune bitxia dauka sarean Kapitalismoaren Defentsa Moralerako Zentruak. Izenburuak dioen legez, hemen, kapitalismoaren defentsa orokorra egiteaz gain, Gatesen aldeko argudioak ematen dituzte eta atxekipen kanpaina jarri dute abian. Antitrust edo monopolioaren aurkako legeak desegitea galdatzen dute "negoziogizonak arrakasta lortzeagatik jazartzen dituztelako".

Bestalde, Microsoften aurkako boikot kanpainak haren aldekoak baino gehiago dira, baina badira haren alde egiten duten Windowsen erabiltzaile batzuk, orotara dagoen kopuruarekin alderatuta oso gutxi badira ere. Enpresak berak bere bertsio ofiziala ematea erabaki du eta horretarako hainbat prentsa ohar eta epaiaren azterketa bat barruan dituen azpidirektorioa zabaldu du.

Epaia
usvms.gpo.gov
Kapitalismoaren alde
www.moraldefense.com
Microsoft-i boikota
www.vcnet.com/bms
Enpresaren bertsioa
www.microsoft.com/freedomtoinnovate

Hackerra FBIn
Kasualitatea izango da agian, baina iaz Big Brother saria jaso zuen beste erakundeak, EEBBetako FBI polizia federalak ere ez du une gozorik bizi une honetan. NASAri eginiko erasoak direla eta zabaldutako ikerketak bere emaitzak eman ditu eta hara non bila ibili diren hacker iheskorra beraientzat lan egiten duen Max Ray Buttler informatikaria zen. Hain zuzen ere, Buttler, FBIk pirata informatikoen aurkako lanetarako kontrataturiko aditua zen.

FBI
www.fbi.gov


Sautrela.com
Astelehenaz geroz, ETB1 katean, Hasier Etxeberriak aurkeztutako "Sautrela" telebista saioaz gozatzeko aukera dugu. Euskal literaturari buruzko saio honek isla osagarria badu ziberespazioan eta bere izena duen domeinupean jalgi da sarera. Bertan, asteko edukien aurrerapen bat eginen da eta ikusleen ekarpenak jasoko dira posta elektronikoaren bidez. Besteak beste, ipuin bati amaiera jartzeko lehiaketa modukoa dute buruan webgunea biziararazteko.

Sautrela
http://www.sautrela.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner