2000ko apirilak 5, Asteazkena | UNInet |

XML eta Flash, HTML gaindituz

XML lengoaiak ahalmen handiagoak eta flash animazioek bizia ematen diete webguneei

Sarea ez da bakarrik web nabigazioa, badakigu posta elektronikoa, berri taldeak, Telnet, Gopher eta beste baliabide batzuk ere badirela, baina jende gehienaren gogoetan Internet aitatzen denean www famatua azaltzen da. Horixe da sarearen aurpegirik erakargarriena eta dinamikoena, etengabe garatzen eta baliabide gehiago integratzen ari baita.

Netscape, Explorer edo NeoPlanet programak erabiltzen ditugunean ez dago alde handiegirik, webguneak antzera azaltzen dira erabiltzen dugun plataforma Windows, Mac edo Linux delarik ere. Hori gertatzen da webguneak sistema eta programa horiek guztiak irakurtzeko gai diren lengoaia standard batean idatzita daudelako sareko, HTML lengoaian. Hala ere, "Hypertext Markup Language" hau zaharkituta ari da gelditzen denboraren porazuz, hamar urte baititu jada. Mende berriko nabigazioak haren muga estuak gainditzea eskatzen du, egungo aplikazio interaktibo eta multimedia berriak duela hamar urte imaginatu ere ez zirelako egin.

Datu baseen eta merkataritza elektronikoaren sarreraren ondorioz, batez ere, webgune horiek aurkezten dizkiguten datuak interpretatzeko eta elkartrukatzeko arazoak izaten dituzte ordenagailuek. Datu base eta kalkulu orrietan oinarrituta, interface batzuren bidez internautari HTML lengoaian aurkezten zaizkion datu horiek era dinamikoagoan maneiatzeko helburu nagusia zuten ikerleek lengoaia berria sortzeko bildu zirenean.

Ikerketa horien emaitza, "Xtended Markup Language" (XML) standard berria aurkeztu zuten duela ia bi urte. Garapen taldea koordinatzen ibili zen Jon Bosak-ek azaldu zuenez, XMLren helburu nagusia "informazioak bere burua deskriba dezan" da. HTML kodeak nabigatzaileak orrialdean testuak, irudiak eta botoiak nola antolatu behar diren deskribatzen duen bitartean, honek testu edo taula baten informazio mota deskribatzen du. Horregatik, XMLk objektuak badituela esan ohi da.

Baina hasieran uste zutena baino konplikatuagoa izaten ari da haren garapena eta ezarpena. Nabigatzaileak egokitu behar dira, lengoaia berriarekin egun HTMLarekin egiten den moduan editatzeko gai den softwarea ekoiztu beharko dute eta hori oraindik ez da hain hurbil ikusten, trantsizio epe luzea biziko dugu oraindik.

Flash animazioa
Bitartean, HTMLtik aparte, baina nabigazioan ikuskatzeko beste baliabide ikusgarri batzuk ari dira sortzen. Flash animazioek bisitarien gozamenerako eta sortzaileen lanerako aukera aparta ematen dute. Filme laburrak, soinuak eta saguarekin eragin ditzakegun mugimendu interaktiboak dituzte Flash animazioek eta muga bakarra diseinatzaileen irudimena da.

Gure artean Canal 21 atariak Flash animazioak erabili zituen iaz bere burua aurkezteko eta ordutik beste hainbatek ere jarri dituzte euren webguneei gatza emateko. Baina bada osorik Flash formatoan den webgunerik, nagusiki eduki grafikoa eta mugimenduzkoa dituzten webguneak.

"Flash Film Festival" izeneko lehiaketa garrantzitsu bat ere badago, teknologia honekin diseinatutako webgunerik onenak saritzeko. Iragan astean sareak banatu ziren eta beraz, diseinurik onenak ikusteko aukera izango dugu jaialdi horren webgunea bisitatuz gero. Flash animazioak ikuskatzeko "plug-in" bat kargatu behar da, baina hori ez badaukagu ordenagailuak berak adieraziko digu eta automatikoki kargatuko da.

Flash, Shockwave eta horrelako baliabide grafikoak era egokian erabiltzen ez direnean sortzen da arazoa. Esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarri berri du hondartzen egoerari buruz informatzeko webgune bat. Diotenez, hondartzen egoerari buruzko hainbat datu jaso ditzake internautak bertatik. Informazio asko ei dago bertan baina ez da erraza berau lortzea, ordenagailua blokatzeko gai den Flash animazio kargagaitz baten bidez erakusten delako. Azken-azken belaunaldiko ordenagailurik ez duenak nekez eskuratuko du informazio hori. Xede estetikoa baino, nagusiki helburu informatiboa duten webguneak erakargarriago egiteko asmo onarekin, internauta gehienentzat informazio hori eskuraezina bihurtzen dute.

XML
www.xml.org
www.xml.com
Flash Film Festival
www.flashfilmfestival.com/
Animaziorik onena
www.bulbo.com/bmovies/
Hondartzak
www.bizkaia.net

Laburrak

HABE sarean
Webgunea zabaldu du HABE erakundeak hainbat informazio interesgarri eskainiz. HABEren gaineko informazioa zein euskaltegientzat baliagarriak diren zenbait informazio biltzen dira bertan. Horretaz gain Intraneta ere badu euskaltegientzako zerbitzu zenbaitekin eta Eusko Jaurlaritzaren agerkari batzuren bertsio digitaletarako loturak. Hala ere, informazioa aurkezterako orduan programa nabarmenki geldotzen duten grafiko ikusgarriak sartu dituzte. Horrela, oso berria ez den ordenagailu batekin webgunea bisitatzea ia ezinezkoa bihur daiteke. Erdarazko egitura baten gainean eraikita dagoela da webgune honen daturik harrigarriena.

HABE
www.habe.org


Zibersexua
Zibersexuaren arriskuez mintzo zen EEBBetako APA psikologoen elkartearen iazko txostenak. Horretan gehiegi ibiltzeak badakar jarduera hori konpultsiboa bihurtzea, APA elkartearen arabera. Astean webgune erotikoak ikuskatzen 11 ordu baino gehiago emateak baditu eguneroko bizitzan islatzen diren ondorio kaltegarri batzuk. Zibersexuaren kontsumitzaile gehienak ezkonduak dira (%86) eta etxetik konektatzen dira, 13.500 inkestetan jasotako datuen arabera.

APA
www.apa.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner