2000ko martxoak 29, Asteazkena | UNInet |
Belarririk handiena
EEBBen Echelon sareak telekomunikazio gehienak jagoten ditu informazio "sentsiblearen" bila.
Ez du zerikusirik Espainiako barne ministroarekin, ezta hango inteligentzia zerbitzuekin ere, baina euskaldunok ere bagaude haien zaintzapean, mundu osoko biztanleak bezala. Echelon sarea EEBBek antolatu zuten eta, nagusiki, ordenagailuz osatuta dago. Haren eginkizuna telekomunikazioak monitorizatzea da, osaba Sam-en segurtasun militar edo ekonomikorako interesgarriak izan daitezkeen informazioen bila. Hala Internet nola telefonoa eta fax bidezko komunikazioak dira begi eta belarri erraldoi honen xedeak.
Informazio batzuren arabera 1975 aldean sortu zen Echelon, baina izkutuan mantendu da oraintsu arte. Honen berri emanez, zenbait informazio hasi ziren agertzen 1998 aldean baina ez zitzaien sinesgarritasun handirik eman, paranoiatzat jotzen zen halako sare bat egon zitekeela pentsatze hutsa. Bi urte hauetan, hala ere, Echelonen gaineko hainbat datu agertu dira handik eta hemendik, aitorpen ofizialak barne, eta sinesgaitza zena onartu behar izan dute askok.
Europako agintariengan izan da erreakziorik nabarmenena Echelonen esistenziaren aurrean. Ez EEBBek herritarren komunikazioak espiatzen dituztelako, haren ondorio ekonomiko eta geopolitiko kaltegarriengatik baizik. Britainia Handiaren kolaborazioa izan du Echelonek hasieratik eta horrek biziki mindu ditu Europar Batasuneko beste kideak, traiziotzat hartu baitute britainiarren jarrera.
Hainbat iturrik diotenez, Echelon sarea 1975 eta 1995 bitartean garatu zen, EEBBetako National Security Agency (NSA) erakundearen gidaritzapean. "Public Enemy" filman ageri zen agentzia honen eginkizunaren gainean oinarritutako film itogarria, teknologia berrien laguntzaz kontrol soziala noraino hel daitekeen iragarriz. Yankiekin batera Canada, Australia, Zelanda Berria eta Britainia Handia dira Echelonen laguntzaileak, mundu mailako sarea osatuz.
Sarearen egitura 120 satelitek eta datuen prozesamendurako hainbat zentruk osatzen dute. Gainera, EEBBetako Internet sarearen bederatzi puntu estrategiko "pintxatuta" ditu Echelonek. Informazio jario horrretan intereseko informazioa ordenagailuek bereizten dute. "Hiztegi" izeneko superkonputagailuak dira, xede bati buruzko datu kopuru ikaragarri handia biltzeko gai direnak. Ikerketagai diren xedeak aldez aurretik erabakitzen dira: gai politikoak izan daitezke —talde islamistak, etsaien herrialdeak, barne disidentzia eta beste— edo ekonomikoak —europar enpresa handiak esaterako— eta ondoren jarraipena hasten da. Hitz gakoen bidez sailkatzen da informazioa. Ordenagailuak informazio hori interesgarria dela erabakitzen badu, gizaki bati pasatuko dio berak azter dezan. Horren aurrean protesta egiteko iragan urrian kontrol sozialaren aurkako hainbat mugimenduk proposatu zuten posta elektronikoko mezu arruntetan "Terrorist, bomb, paedofilia, antifascist" eta horrelako hitzak sartzea, sistema zoratzeko asmoz.
Kriptografia ere bai
Arazo bat badute Echelonen ordenagailuek komunikazio zifratuekin. Hala ere, amerikarrek atzerrian saldutako enkriptazio sistema guztietan "back door" edo sarbide izkuturik badute, hango legeen arabera bakarrik 40 biteko enkriptazio sistemak atera baitaitezke EEBBetatik. 40 biteko enkriptazioa apur daiteke ordenagailu indartsu batzuk aldi berean lanean jarrita. Hortik aurrerako enkriptazioan gobernuak sartzeko modu bat izan behar du, atzerrian salduko bada. Horrela, 1997an Suediako gobernuak susto galanta hartu zuen bere 64 bit-eko enkriptazio sistematik 24 bit NSAren esku zeudela jakin zuenean. Duncan Campbell eskoziarrak otsailan Europar Parlamentuan salatu zuenez, 130 herrialderen enkriptazio sistemak kontrolpean ditu NSAk.
Campbellek Echelonen gaineko frogak aurkeztu zituen parlamentuan: Bat NSAren beraren agiri desklasifikatuak dira, bertan, Echelon sarea aipatzen baita. Beste bat NSAko langile ohi baten testigantza da. Europarren kaltetan amerikar korporazio handien alde lan egin duela jakitean denak hasi dira Britainia Handiari azalpenak galdatzen. Echelonen lanari egozten zaio hainbat enpresa europarrek kontratuak galdu izana, amerikarren onerako. Frantziar gobernuak EEBB eta Britainia Handia salatuko dituela agindu du, frantziar komunikazio zibilak espiatzeagatik. Eurokamarak kaltetutako enpresei frogak biltzeko eskatu die, salaketak jarri aurretik. Baina salaketak aparte, europarrak Echelonen aurrean euren sarea garatzea erabakia dute aspalditik, Enfopol izenekoa.
Campbellen txostena
www.iptvreports.mcmail.com
Echelon Watch
www.aclu.org/echelonwatch
Kriptopolis
www.kriptopolis.com
Laburrak
Hemeroteka birtuala
Zerbait argitaratu zen iaz EGUNKARIAN eta ez zenuen harrapatu? Ez kezkatu, 1999ko EGUNKARIA guztiak oso-osorik sarean baitituzu. Dokumentazio pilo hori baliagarriagoa egiteko bilaketa tresna indartsu batekin dator EGUNKARIAren hemeroteka telematiko hau. Hala, zure herria, zure izena edo zure gustoko musika taldea inoiz aipatu dugun jakiteko bilatu baino ez duzu egin behar. Emaitzak ordenatuta emango dizkizu ordenagailuak: bila zabiltzan kontzeptuak nabarmentasun handiagoa izan zuen albisteak lehenago ageriko dira.
www.egunkaria.com
Nafar parodia
Hiru "r" dituen domeinuan ez dugu nafar gobernuaren webgune ofiziala kausituko, ez eta Diario de Navarra egunkariarena ere. Norbaitek "navarrismo"-az egin duen parodia garratza dago bertan, "Diario de NavaRRRa" izenburupean. Editorialan diotenez, "euskaldunen inbasioaren mehatxua aitzaki hartuta jendeak beste alde batera begiratu dezan eta gu aberasten segi gaitezen" da egunkari honen helburua. Albisteen artean hau erakusgarri: "Euskaldunek, sortzez nafarrak izan arren, nafar statusa galduko dute eta bi aldiz gehiago ordaindu beharko dute isunengatik".
Diario de NavaRRRa
www.navarrra.net