2000ko martxoak 22, Asteazkena | UNInet |

Nodo50ri erasoa

Torturaren Aurkako Elkartearen webgunea ixtea agindu du APDk

Iragan astean Espainiako Agencia de Proteccion de Datos (APD) erakundeko bi ikuskatzaile agertu ziren Madrilgo Nodo50 zerbitzari alternatiboaren egoitzan, Asociacion Contra la Torturaren (ACT) web artxiboen kopia bat eskatzeko. Inolako epaileren agindurik ez zutenez, Nodo50ko arduradunek ez zieten eman, baina ondoren ACT elkarteak artxiboak jasotzeko baimena eman zien, elkarte horrek Nodo50rekin duen kontratuaren kopia batekin batera.

Torturaren aurkako elkarte honek hainbat polizia salatu ditu bere webgunean eta horregatik norbaitek ACTren aurkako salaketa jarri du. Zerbitzariko iturriek adierazi zutenez, horixe izan da APDko ikuskatzaile horiek agertzearen arrazoia eta adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo zutenez Nodo50koek. Gertatutakoa jakinarazteko ohar bat zabaldu zuten sarean astearen hasieran.

Susmo txar horiek konfirmatu ziren iragan ostegunean, ABC egunkarian agertu zen albiste baten bidez. Honen arabera, APDk ACTen webgunea ixteko agindua eman du jada, eta elkartea zigortzeko prozedura zabaldu du. Webgunean polizia, goardia zibil eta gartzeletako funtzionario zenbaiten izenak agertzen dira, torturengatik salatuak izan direlako. Haien izenen ondoan kondenatuak izan diren agertzen da baina ABCk nabarmentzen du afektatuen —polizietaz ari da— baimenik gabe jarri dituztela izenok, berauek epaitegietako agirietatik atera diren arren.

APDren arabera, datuen tratamendu automatizatua arautzen duen legea hausten duen zantzuak daude: batetik, datu pertsonalak direlako eta, bestetik, hirugarren batzuen —internauten— eskuetan jartzen dituelako. ABCren arabera, hainbat milioitako isunak aurreikusten ditu legeak kasu hauek zigortzeko. Momentuz, APDko zuzendari Juan Manuel Fernandezek webgunea ixtea agindu du, afera argitu artean.

Elkartasun telematikoa
Bitartean, Nodo50koak ez dira geldi egon eta haiekiko elkartasuna azkar antolatu da sarean. Erasoaren berri sare osoan banatu eta bi egun beranduago, jada 14 "mirror" edo ispilu zituen ACTren webguneak mundu osoan. Hegoafrikan, Italian, Ecuadorren edo EEBBetan APDk eskuduntzarik ez duenez, oso zaila izango dute estatuaren agentzia ofizial horretakoek horiek guztiak isilarazteko.

Nodo50 zerbitzaria osorik mobilizatu da gai honekin eta hainbat atal sortu ditu bere baitan eraso hau salatzeko. Orrialde batean aferaren gaineko berri guztiak jarriko dituzte. APDko zuzendariari mezuak bidaltzeko eta ACTrekiko elkartasuna adierazteko kanpainia ere abian jarri dute beste orrialde batean. EGINen itxieraren garaitik adierazpen askatasuna defendatzeko xedez jarritako "Altavoz" webguneak ere gai hau jorratzen du. Webgunearen ispilu gehiago jartzeko edo nork bere ordenagailura jaisteko, FTP bidez jaits daiteke ACTren webgune osoa Nodo50tik.

ACT
www.nodo50.org/actortura
Ispiluetako bat
www.netrights.org/actortura
Altavoz
www.nodo50.org/altavoz


INFO: TARIFAK

Bonoak eta merkealdiak konexioan

Doako sarbidearen eta tarifa lauaren faltan, Interneten nabigatzeko ordukako bonoak atera dira azken aldi honetan. Diru kopuru baten truke sarean ordu kopuru jakin batez nabigatzeko aukera ematen diguten telefono tarifa bereziak dira bonoak. Uni2 enpresak berea iragarri zuen urria aldean: 4600 pezetaren truke hilabetero 30 orduz nabiga daiteke doako telefono batera deituta, deiak edozein ordutan egin daitezke eta deia ezartzeagatik ez da kobratzen.

Urte hasieran, beti bezala beranduago, Telefonicak bere 30 eta 50 orduko bonoak atera zituen: guk zehaztutako —gure zerbitzariaren— zenbakira eginiko deietan aplikatzen diren bonoak dira. Bakoitzan bi salneurri ezberdin daude: goizerako bonoak garestiagoak dira eta arratsaldeko seietatik aurrerakoak merkeagoak. Goizerako 50 orduko bonoan, orduko 177 pezeta ateratzen da

Azkenik, Euskaltel enpresa hasi zen iragan astean bere zerbitzarietara eginiko deiak kudeatzen. Telefonicaren ohiko hiri barruko deiak baino merkeagoak dira tarifak eta deia ezartzeagatik ez du kobratzen Euskaltelek. Goizean minutuko 3,9 pezeta kostatzen da eta arratsalde zein asteburuetan 1,5 pezeta minutuko.

www.uni2.es
www.telefonica.es
www.euskaltel.es


Laburrak

Infopobreak
Espainia eta Frantzia Internauta gutxien dituzten Europako estatuen artean daude. Espainian %13 dira internauta eta internauten ehunenetan azkenaurrekoa da, Portugalen (%9) aurretik. Frantzian %15 dira sarean noizbait ibili edo ibiltzen direnak. Beste muturrean Suedia dago, %48 internauta izanik eta bertan %10ek erosketak egiteko erabiltzen du normalean. Berriki IDC enpresak argitaratutako ikerketan datoz datu hauek. "International Data Corporation"-ek informazio teknologien arloa ikertzen du, inkestak eta ikerketak eginez, eta egungo hazkundeak bizkortzen jarraituko duela iragarri du bere txostenean.

IDC
www.idc.com

Laburmetraiak
Cortobitage du izena Bilboko zinemazale internauta batzuek abian jarri duten webguneak. Momentuz osatugabe badago ere, gauzez betetzeko ustea dute bultzagileek eta agian inork oraindik negoziorik egin ez duen gai batekin. Film laburrak CDetan sartuta saltzeko asmoa dute Cortobitagekoek baina baita hainbat aretotan erakusteko ere, horretarako zirkuito propioa sortuta. Hala ere, laburmetraiak sarean erakusteko asmorik ez dute, momentuz.

Cortobitage
www.cortobitage.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner